Aizane Ibarrola uhartearra eta Enara Gaminde laukiztarra dira aurtengo emakumeen San Fermin torneoko txapeldun berriak, 1000 lagunen begiradapean, finalean Amaia Aldai eta Maddalen Osesi 22-9 gailenduta. Jaiaren erdigunean, Labritek bere ohiko bonbonera izaerari eutsi dio, harmailetan giro sanoa eta alaia zegoelarik eta bainaren bat jartzekotan, finalak emozio pixka bat gehiago izatea bakarrik falta izan du, partida azkarregi hautsi baita. Baina lehen mailako eta ikusmin handiko finalek hori izaten dute sarri, zaila dela partida borobilak ikustea. Dena dela, ia denak oso gustura irten dira pilotalekutik; bere lehen finalean, Aizane Ibarrolak txapela etxean utzi duelako asko, eta beste zenbait egungo atzelaririk onenaren jokoaz gozatu ahal izan dutelako. Labriteko nagusi berria da Enara Gaminde, sanferminetako azken hiru txapelak irabazita.
Oso bestelako partida espero zen, partidaren hasieran Amaia Aldai eta Maddalen Oses 2-1 aurreratu direnean, baina gorrientzat ameskeria bat baino ez da izan, nafarra eta bizkaitarra oso nagusi izan baitira partida osoan zehar. Bazen zalantzarik, bere lehen finalean, eta frontoira jende asko ekarrita, Aizane Ibarrolak nola erantzungo zuen eta presiopean, sekulako ikuskizuna eskaini du kantxa gainean. Uhartearra oso pilotari indartsua da, pilotari abiadura handia eman eta sakearekin min handia egiten duena, baina gaurkoan tantoak amaitzen ere ederki baino hobeto dakiela erakutsi du, denera 13 tanto eginda.
Gaminde, oso nagusi
Ezin ahaztu, ordea, lan bikain hori egin ahal izateko, atzean Enara Gaminde handi bat izan duela bizkarrak zaintzen. Laukizkoa oso nagusi izan da partida osoan zehar, etengabe erakutsi dio bizkarra Maddalen Osesi eta partidaren aginte makila berea izan da denbora guztian zehar.
Saiatu dira Amaia Aldai eta oñatiarra, baina parean horma oso sendo baten aurka talka egin dute behin eta berrito eta ezinean, galtzaile aritu dira final guztian zehar, barruan duten guztia eman ezinda, laineza hartuta aritu diren bi aurkari handiren aurka.
Finalean egon ez den oreka eta borroka guztia atariko partidan egon da, non Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergarak 18-14 irabazi dieten Zabaleta-Mendibururi.