Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Erraldoiek egunero jaso duten maitasuna itzuli diete haurrei

Lau kilo txupete eta emozioak tonaka jasota agurtu dira Iruñeko erraldoiak, buruhandi, kiliki eta zaldikoekin batera, Sanferminen hondarrean. Pozez eta penaz, alaitasunez betetako Udaletxe Plaza eder batean jira eta bira dantzan ibili dira, balsa ez bukatu nahian, konpartsakide, haur zein helduak.

Oilo-ipurdia jartzeko modukoa izan da Iruñeko erraldoien konpartsaren agurra. Haurrak izan dira bestaren protagonista, eta Sanfermin guzietan kankailu, buruhandi, kiliki eta zaldikoei eman dieten maitasun oldea bueltan jaso dute  Udaletxe Plazako ekitaldi samurrean.

13.00ak dira eta termometroak 29 gradu markatzen ditu. Plaza txuri-gorri dago, txupinazoaren antzera, baina kasu honetan txikiak dira nagusi eta zortzi erraldoi daude erdian, munduko lau lurralderen erakusgarri: Europa, Asia, Afrika eta Amerika. Balkoietan ikurriñak eta bandera palestinarrak ageri dira, zerua urdin eta berotik babesteko ura, abanikoak eta txapelak. Ordubete inguruko ekitaldia izan da, tenperatura goraka, baina ez da inor mugitu, edo ez dio inork horregatik dantza eta salto egiteari utzi.

 

Dantzarien emanaldiko une bat. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

 

Sarrera gisa, dantzarien emanaldia izan da. Zinta dantzan, makilaren puntan jarritako granada ireki eta usoa atera da hegan. Urduri daude haurrak, irailera arte agurtu behar dituztelako maiteen dituzten pertsonaiak.

 

Alkate buruhandia, balkoitik agurtzen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

 

25 figura dira guztira: aipatutako zortzi erraldoiak, bost buruhandi, sei kiliki eta sei zaldiko. Berritasun bezala, hizlari bat izan da ekitaldian, eta berak eskatuta ‘Alkateee! Alkateee!’ oihukatu dute denek. Hala atera da begi mugikordun buruhandia udaletxeko balkoi batera, eta plaza agurtu du.

Balkoi bat beherago, bertze alkatea dago, Joseba Asiron, udalbatzarekin batera.

1970eko hamarkadan hasi ziren agur hau egiten, modu informalean, autobus geltoki zaharrean. Iaz Gaztelu Plazan probatu ondotik, aurten Udaletxe Plazara itzuli dira, toki bilduagora.

‘Biribilketa’ izan da jo duten lehen martxa, txistua eta tronpa uztartuz. Erraldoiek bizia hartu dute eta bikoteka, bidea irekitzen hasi dira. ‘La Envidia’ eta ‘Angula’-rekin segitu dute eta buruhandiek goxokiak bota dituzte. Txupeteak ere erraldoiei lotuta doaz, behin txupetea uztera badoaz, onena erraldoiei uztea baita. Konpartsakideek kalkulatu dutenez, lau kilo txupete bildu izanen dituzte.

Besarkada eta musuak

Kankailuen bira azkarrekin eta bukaera ikusgarriekin txundituta daude haur eta helduak. ‘Ánimo pues’-en ondoren, Txantreako gaiteroek ‘Membrillo’ jo dute, Ezpelur gaiteroek ‘Cogollo’ eta Elizaga gaiteroek, ‘Arroz con leche’.

Hurrengo piezak ‘Adios con el corazón’ izena du baina ‘a la bola’ ere deitzen diote, librean dantzatzera gonbidatzen baitu eta bikotez aldatzeko aukera ematen baitie erraldoiei. Jendea ere dantzan dabil, eta kantutik kanturako atsedenaldietan, erraldoiak makurtu eta musu eta besarkadak partekatzen dituzte zaleekin.

Egunero ikusi dituzte Sanferminetan haurrek erraldoiak dantzan, laster aunitz egin dute kilikien aitzinetik eta kolpeak baino laztanak jaso dituzte zaldikoen aldetik. Orain, pertsonaia hauek jaso duten maitasun guzia itzuli nahi diete txikiei.

Pisutsuak dira erraldoiak baina arin mugitzen dira, bihurri, jostari. Gizon zein emakume eramaileek baieztatzen duten bezala, emozioak laguntzen die, horrek ematen die indarra.

 

Ekitaldi samurra izan da erraldoien agurra. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

 

‘Falsa polonesa’ jo dute Hermanos Fraile gaiteroek, eta erraldoiak banan-banan udaletxera sartzen joan dira. Zapiak jaso dituzte herritarrek ‘San Fermin! San Fermin!’ garrasika, berriz atera daitezela eskatuz, gozatzen jarraitzeko, pixka bat gehiago.

Berriro atera dira erraldoiak ‘Alemana’-ren erritmora inork bukatzea nahi ez duen balsa dantzatzeko. ‘Txantxigorri’ jo dute gero Berriozarko Haizaldi gaiteroek. XIX. mendetik datorren ohiturari segika, gaiteroekin dantzatzen dira erraldoi guziak, bat izan ezik: Braulia txistulariekin doa.

Konfetien «momentikoa»

Konfeti txuri-gorriak bota dituzten unea hagitz indartsua izan da. Ongi egindako lanaren harrotasuna sumatzen da.

Orain bai, Hermanos Fraile gaiteroek ‘Polonesa’ jo dute, benetakoa, eta denek elkarrekin egin dute dantza: kiliki, zaldiko, erraldoi, bertze konpartsakide eta herritarrek, ohorezko pasillo batean, elkar agurtuz. Brauliak eta Toko Tokok musu eman diote elkarri. Denak sartu dira udaletxean, Toko Toko ere bai, eta Braulia gelditu da azkena, erraldoirik maitatuena, bueltaka, inguruan jendea dantzan duela. Goia jo du jaiak, eta orduan bukatu da.