Jon Ormazabal

Jokin Altunaren harmoniak ozen egin du aldarri Labriteko burrunban

Merezi ez duen amaiera izan du sanferminetako finalak, azken tantoan epaileak atxiki adierazi baitio Jon Mariezkurrenari defentsako bolea batean, beste inork halakorik ikusi ez duen jokaldi batean.

Altuna eta Martija, pozarren, sanferminetako binakako feria irabazita.
Altuna eta Martija, pozarren, sanferminetako binakako feria irabazita. (Jon URBE/FOKU)

Gehiegikeriak, burrunba, jende-pilaketak, poztasuna, musika... bihurtu dira gaur egungo festa gehienen ardatz eta zer esan sanferminetaz. Labriteko pilota maratoiari dagokionean, aurtengoa zarataren feria izan dela esan dezakegu, txistulariena, testuingururik gabeko titularrena, garaiz kanpoko kantu eta oihuena eta, hori guztia gutxi balitz, inor gutxik ulertu zuen finala itxi zuen atxikiarena.Bada, egoera kaotiko horretan, Jokin Altunaren harmoniak aldarri garbi bat utzi du gaur Labriten, Martija handi baten laguntzaz, final ikusgarri batean, Iruñean jokoan zituen txapel eta sari guztiak –finaleko pilotaririk onenaren saria ere eman zioten– eskuratuta eta aurreko egunetako txistuak txalo bilakatuta. Gaizki ulertutako etsaitasun bat bizi izan duen Bonbonera ere konkistatu du amezketarraren magiak eta, dagoeneko konbentzitu ez duena konbentzitzen saiatzeak ere ez du askorik merezi.

Egungo jotzailerik handienaren indar erakustaldiaren aurrean –udako Mariezkurrena ikusteak ere benetan merezi du pena– amezketarrak beste erakustaldi bat eman zuen; partida erdia kolpe batek baldintzatuta jokatu zuen Martija erraldoi batekin sufritzea tokatzen zenean defentsan sufrituz, pilotakada bakoitzari zentzua emanez, tarteka zutik jartzeko aleak utziz –14-13 eta hemeretzinako berdinketako tantoak bideotekan gordetzekoak izan dira– eta behar zenean ere eskuinez pilota astinduz, daraman trotearekin gezurra dirudien arren, fresko dagoela erakutsiz.

Final ikusgarria

Amestutako partida hasiera izan dute Aspekoek, izan ere, Jokin Altunak jokoan sartzeko aukera asko izan ditu eta primeran aritu da errematean. Atzean, pilota ezker paretan asko sartuz, Martijak eutsi baino gehiago egin dio Mariezkurrenari eta urdinak ezinean ibili dira. Saiatu da Berriozarko atzelaria zuloak irekitzen, baina izan dituen aukera apurretan, kosta egin zaio Jon Ander Peñari aukerei etekina ateratzen.

Hala, Mariezkurrena izan da, aurrelari lanetan, lehen koadrotik pilota ederki irekiz, Baikokoen lehen tantoa egin duena (6-1). Hala ere, jokoan euren pilota jarri izanagatik, kosta egin zaie tolosarrari eta Berriozarkoari tantoak egitea eta amezketarrak eta Etxeberrikoak alde politak izan dituzte, 8-2 lehenengo eta 11-5 geroago.

Zaila zirudien, ia ezinezko, Altuna-Martija bezalako bikote gogor bati halako aldea kentzea, baina Peña-Mariezkurrenak sinisten jarraitu dute eta partida orekatzea lortu dute. Hein handi batean, atzelari nafarra izan da aldaketa horren eragile nagusia. Gustuko pilota bizi bat topatu duenean, partidaren aginte makilaz jabetu eta jokoaren ekimena berea izan da erabat, Jokin Altuna batere protagonismorik gabe utziz.

Gainera, 11-7koan, partida bikaina osatzen ari zen Julen Martijak gaizki neurtu du beste atzelariak jotako pilotakada batek botea non egingo zuen kalkulatzerakoan eta kolpe txar bat eraman du besaurrean eta aldageletara joan behar izan du. Itzuli da kantxara eta nolabaiteko normaltasunez aritu da, baina dezente gehiago kosta zaio Mariezkurrenari eustea. Peñak ere gehiago asmatu du aurrean eta hamabinakoa izan da partidako lehen berdinketa.

Hortik aurrera, bikote bakoitzeko izarrek hartu dute protagonismoa eta Mariezkurrenaren pilotakada latz bakoitzari, Altunak bere magiarekin erantzun dio, markagailuan ere gora-behera handiekin. Izan ere, Aspekoak 18-14 aurreratu badira ere, Peña-Mariekzurrenak 18-19 aurreratzea lortu dute, amaiera benetan zirraragarria. Amezketarrak, ordea, bazuen oraindik trukorik gordea eta kalitatez betetako batekin, sakez lortutako beste batekin eta atzean lortutako hirugarren batekin esku-eskura ipini du garaipena. Finalak, ordea, merezi ez zuen amaiera bat izan du, azken tantoan Joseba Rekalde epaileak atxikia adierazi baitio Jon Mariezkurrenari defentsako bolea batean, berak ez beste inork ezer arrarorik ikusi ez duen jokaldian. Zenbait pilotakada gehiago gurutzatu ostean jokoa eten duenean, jokalariek eurek ere ez zekiten zer adierazi zuen eta, feriako girorik sanoeneko jaialdian –ordutegiak ere laguntzen zuen– azkenerako giroa pixka bat gaiztotu da, nahiz eta ez den urrutiagora joan.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Martija: 22

Peña II.a-Mariezkurrena: 19

Pilotakadak: 667. Iraupena: 77,51 minutu. Markagailua: 6-0, 6-2, 8-2, 8-6, 11-6, 11-10, 12-10, 12-12, 13-12, 13-13, 15-13, 15-14, 18-14, 18-19, 22-19. Sakeak: 1 Altuna III.ak eta 2 Peña II.ak. Egindakoak: 11 Altuna III.ak, 3 Martijak, 6 Peña II.ak eta 7 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 2 Altuna III.ak, 2 Martijak, 2 Peña II.ak eta 6 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Azkeneko egunean ere Labrit goraino bete da, gaueko jaialdietan baino giro lasaiagoarekin, nahiz eta kanturik ez den falta izan. Lehen sakea gorri.