NAIZ

Lurraren aldeko borrokak ezagutzeko brigada egingo dute Askapenak eta Euskal Herria Bizirik-ek

Lurraren defentsan jarduten duten mugimenduak ezagutzeko eta sostengatzeko Europara brigada antolatu dute Askapenak eta Euskal Herria Bizirik-ek uztailaren bigarren hamabostaldian. Zehazki, Les Soulevements de la Terre sarea eta Val di Susa bailarako No TAV mugimenduarekin izango dira.

Makro-baltsen kontrako aldarrikapena traktore batean.
Makro-baltsen kontrako aldarrikapena traktore batean. (LES SOULEVEMENTS DE LA TERRE)

Europan lurraren defentsan aritzen diren mugimenduak ezagutzeko eta sostengatzeko brigada antolatu dute Askapenak eta Euskal Herria Bizirik-ek. Horrela, Estatu frantseseko Les Soulevements de la Terre sareko kideekin eta Susa bailarako No TAV mugimenduko kideekin izango dira.

Brigada uztaileko bigarren hamabostaldian izango da. Lehenik, Poitou eskualdeko Ur herrira joango dira hilaren 16tik 21era. Bertan, eman zituen lehen urratsak Les Soulevements de la Terre sareak. «Sare hori bizitza kapitalismoarekin bateragarri egitea ezinezkoa dela ideian oinarritzen da eta hainbat taldez osatuta dago: lurraldearen defentsako taldeak, nekazarien kolektiboak, mugimendu ekologistak, feministak, sindikalistak eta abar luze bat», azaldu dute brigadaren antolatzaileek.

Astean zehar, hitzaldiak, bilerak, kontzertuak eta martxak izango dira inguru horretan. Mobilizazio garrantzitsuenak hilaren 19 eta 20an egingo dira, ura metatu eta kontrolatzeko eraiki nahi dituzten makro-baltsen aurka nazioarte mailako deialdia egin dutelarik.

AHTren aurkako borroka Alpeetan

Hurrengo astean Val di Susa joango dira. Bertan, abiadura handiko trenaren kontrako 30 urteko borroka ezagutzeko aukera izango dute. Alpeetan AHTak eragingo dituen kalteen kontra aritzen diren talde desberdinek osatzen dute No TAV mugimendua. Astearen amaieran Alta Felicita izeneko jaialdia ospatuko dute Venaus herrian, hitzaldi, merkatu, kontzertu, martxa eta manifestazioak izango direlarik.

«Brigadaren asmoa elkartasuna adieraztea da, elkar ezagutuz eta lagunduz, kontuan izanik kapitalaren erasoaldia globala dela eta altxamendu orokor batekin baino ezin izango dugula gelditu. Horregatik, pertsona guztiak lurraldearen eta bizitzaren aldeko mugimendu eta borrokekin bat egitera animatzen ditugu», nabarmendu dute antolatzaileek.