CONTENIDO PATROCINADO

Irurtzungo emakume taldeak botako du jaietako txupinazoa

Hemen dira berriz ere Irurtzungo jaiak. Egitaraua bost egunez luzatuko da, asteazkenetik igandera, eta aurten txupinazoa botako dutenak herriko emakume taldeko kideak izango dira, herri bozketan hala erabakita. Barazki Gunea ere zabalik egongo da igandera bitartean.

Irurtzunen tradizio handiko ohitura da, jaietako lehen egunean, aurreko urtean jaiotako haurrei zapia jartzea.
Irurtzunen tradizio handiko ohitura da, jaietako lehen egunean, aurreko urtean jaiotako haurrei zapia jartzea. (Iñigo URIZ | FOKU)

Irurtzungo elkarte eta norbanako asko izan dira herriko jaietako egitaraua prestatzeko lanetan aritu direnak eta alkateak, Unai Razkin Iriartek, bere esker ona adierazi die egindako lanagatik.

Esan bezala, egitaraua asteazken honetan (uztailak 17) abiatuko da arratsaldeko 18.00etan botako duten txupinazoarekin, baina ordu erdi lehenago beste ohitura bat beteko dute, 2023an jaiotako haurrei zapia jartzearena hain zuzen.

Igandera bitartean, adin eta gustu guztientzako ekitaldiak izango dira, tartean dantzarien emanaldiak, erraldoi eta buruhaundiak, zezen suzkoak, larrain dantza, bazkari herrikoiak, herri kirolak, erremonte profesionala eta abar luze bat.

Aurten ere ez da faltako tradizio handiko ekitaldia den kalderete lehiaketa. Ostiralean izango da (uztailak 19) eta parte hartzaileek honako osagai hauek erabili beharko dituzte: untxia edo arkumea, patatak, baratxuria, tipula, tomatea, ura, gatza eta olioa. Ondoren, herri bazkaria egingo da eta antolatzaileek ogia, ardoa, mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte.

Musika arloari dagokionez, talde ezagunen emanaldiak daude iragarrita jai gauetarako: Muxutruk, Kresala, Gozategi, DJ Jo Ta Txo eta Oihan Vega. Egunez ere musika ez da faltako, honako taldeekin: EZK txaranga, Estampa Navarra, Elektrotxufla, Xaibor, Xaloki eta Los Tenampas.

Azkenik, eta aurreko urteetan bezala, Barazki Gunea zabalik egongo da asteazkenetik igandera bitartean eta egunero garagardo artisauen dastaketa izango da. Ostegunean herri bazkaria, kalejira eta ginkana egingo dituzte; ostiralean karaokea eta kontzertuak; larunbatean txarangarekin kalejira eta kontzertuak; eta igandean afari autogestionatua eta azeituna jaurtiketa lehiaketa.

Irurtzungo jaietako establezimendu laguntzaileak: La Tahona, Hermanos Villegas, Urrutia enea.