Guggenheim Urdaibai Stop plataforma oso kritiko agertu da Bizkaiko Diputazioko BEAZ sozietate publikoa, Deustuko Unibertsitateko Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren bitartez, Busturialdeko egoerari buruz prestatzen ari den galdeketarekin. Inkesta hau egitearen beharra urtarrilaren 26an –egun batzuk lehenago, Urkulluk hautsak harrotu zituen museoaren proiektua bertan behera gelditzen zela iragarri zuenean– onartu zuen Legebiltzarrak, EAJk eta PSEk bultzatuta, Bizkaiko eskualde hau biziberrituko duen plan estrategikoa garatze aldera.
Lehenengo, prozesu parte-hartzaile zabal bat egingo litzateke eta eskualdeko gizarte eragileak eta eragile ekonomikoak parte hartuko lukete. Baina hau «itxurakeria baino ez» dela ohartu da Guggenheim Urdaibai Stop plataforma, eta hori dela eta, ez du parte hartuko.
Era berean, urriaren 19rako manifestaziora deitu du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Gernikan museoaren proiektuaren aurka.
«Zenbat zati, horrenbeste auzi»
Bizkaiko egunkari batek aurreratu zuenez, Busturialdea suspertzeko prestatuko den plana egiteko prozesuan eskualdeko eragile esanguratsuek parte hartuko lukete: erakunde publikoek, enpresek, elkarteek eta beste.
NAIZek jakin duenez, erabili diren irizpideak nahiko ‘selektiboak’ izan dira, sindikatuak, gazte elkarteak eta giza -eragile dezente kanpoan gelditu direlako. Guggenheim Urdaibai Stop plataformez gain, gonbidatuak izan dira Busturialdeko alkateak, baita erakunde eta elkarte batzuk ere: ADR Urremendi, Bermeoko Behargintza, AZTI, hainbat ikastetxe –Gernika, Barrutialde, Bermeo–, Bermeoko Arrantzale Kofradia, Bermeoko Tuna Worl Capital, UBAI Faktoria eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatua.
Zain Dezagun Urdaibaik, esaterako, ez du galdeketan parte hartzeko gonbidapenik jaso. Kritikoak dira kontsulta honekin, dena den, haien ustez «legezkokotasunaren berniz ukitua eman nahi zaiolako zero minututik ingurumen eraso bat izan denari». Eta esaldi argigarri bat gehitu dute: «Proiektuak zenbat zati, beste horrenbeste auzi».
Aurretik egin duten legez, epaitegietara joko dute behin eta berriz erreserba babesteko. Aurki museoaren proiektuaren beste hainbat ‘zati’ auzitara eramango ditu elkarte honek. Greenpeaceko Jose Manuel Marraco Espinos abokatuaren iritzi artikulu bat ekarri dute gogora: Aarhus-eko izeneko hitzarmena errespetatu beharko luke museoaren proiektuak. Hitzarmenak herritarrek ingurumenari buruzko informazioa ezagutzeko, erabakietan parte hartzeko eta ingurumen arloko justiziara jotzeko dituzten eskubideak aitortzen eta arautzen ditu.
«Plataforma ez da sartuko joko horretan»
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak ekainaren 26an jaso zuen Urdaibaiko plan estrategikoan parte hartzeko gonbidapena, argitu duenez. BEAZ sozietateak Orkestra -Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren esku utzi ditu lehen fasearen lanak, eta azken horiek izan ziren plataformarekin harremanetan jarri zirenak. Orkestra Deustuko Unibertsitatearen ekimena da, eta Deustu Fundazioaren bidez gauzatzen da.
Elkarrizketa bat egitea proposatu zieten, sei galderako gidoi itxi bat, «eragile eta alkate ezberdinek eskualdea nola ikusten duzuen» jakiteko, betiere plataformaren arabera. «Galderak oso orokorrak dira, eta berdin-berdin balio dezakete suspertze beharrean dagoen Euskal Herriko edozein eskualdetarako; hain dira orokorrak, Guggenheim Urdaibai egitasmoa ez dela aipatu ere egiten», gehitu du.
Bestalde, Orkestrakoek plataformari bidalitako lehen mezu hartan ez zen ematen urratsei, parte-hartzaileei eta helburuei buruzko informaziorik, eta alderdi horiek argitzeko eskatu zioten. Esaterako, «gidoiko galderak oso orokorrak dira, eta ez dago museoari buruzko galdera zehatzik. Plataformaren helburua argia eta ezaguna da: Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen dugu, eta horretarako ari gara lanean. Galderetan proiektu hori aipatu ere egiten ez bada, zein da gure papera prozesu honetan?», galdetu dute.
Erantzuna jaso bitartean, barne gogoeta bat abiatu zuten Plataformaren Talde Eragilean. Uztailaren 5ean, Orkestraren erantzuna jaso zuten, azalpen argiekin: fase bakarreko prozesua izango dela; hau da, Orkestra behin bakarrik bilduko da prozesuan parte hartzeko gonbidapenari baietz esaten dion eragile bakoitzarekin. Beraz, ez da eztabaidarako fororik egongo. Txosten horretan «galderei emandako erantzunen ‘sintesia’ jasoko da, ‘zita literalik gabe». Txosten hori plan estrategikoa egiteko erabiliko du Bizkaiko Aldundiak.
«Ardura eta erantzukizun handiz» egoera aztertu ondoren, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak erabaki du ez parte hartzea Bizkaiko Aldundiak Orkestraren bidez abiatutako prozesuan.
Gogoetan erabilitako argudioen artean, eskualdea eskatzen ari den prozesu parte-hartzailea ez dela aipatu dute. «Gonbidatuen artean alderdi politikoak (alkateak) eta erakunde publikoak daude; ez, ordea, gure eskualdearen egoera ekonomikoa inork baino hobeto ezagutzen duten eragileak (sindikatuak) eta orain hartzen diren erabakiek etorkizunean inori baino gehiagori eragingo dieten pertsonen kolektiboak (gazte mugimenduak), ezta eskualdearen dinamizazioaz epe luzez arduratu diren hainbat elkarte. Bestalde, prozesu honek ez du kontuan hartzen herritar banakoen parte-hartzea», aipatu dute.
Gobernantzaren eredua «ilun eta eta autoritarioa» dela ere nabarmendu dute –«parte-hartzaileak Aldundiak hautatu ditu, ez haien benetako egokitasunari begiratuta, baizik eta isildu beharreko ahoak kontuan hartuta»– eta galderei begiratuta, «erraza da txostenean jasoko diren ondorio nagusiak aurresatea». «Gure ustez, prozesu honen asmo bakarra da BFAren eta EJren jarrera berrestea eta egitasmoarekin ‘bai ala bai’ aurrera egiteko behar duten onarpen soziala lortzea», diote.
Galdetegiaren bost galdera
Plataformaren arabera, hauek dira Orkestratik helarazi dizkieten galderak:
1.-Nola baloratuko zenuke eskualdearen egungo egoera jarduera ekonomikoari, prestakuntzari eta enpleguari, hiri eraldaketari eta berroneratzeari, kultura eta turismo iraunkorrari, mugikortasunari eta ingurumenari, eta oinarrizko azpiegiturei dagokionez (hornidura, saneamendua, lurzoruak berreskuratzea, etab.)?
2.-Zein izango lirateke, zure ustez, eskualdeko indargune nagusiak?
3.- Eta indartu beharreko arloak eta etorkizuneko erronka nagusiak?
4.- Zein egin beharko litzateke erronkei erantzuteko, arazoak konpontzeko eta eskualdeak dituen aukerak aprobetxatzeko?
5.- Zein proiektu edo ekintzatzan zehaztu beharko lirateke?
6.- Abian edo planifikatuta dauden zein proiektu daude ildo horretan?