Bilboko Udalak eta Last Tour enpresa sustatzaileak, aurten uztailaren 11tik 13ra egin den Bilbao BBK Live jaialdiaren edizioaren itxieran erregistratutako datu garrantzitsuenak aztertu eta balantze positiboa egin dute.
Azaldu dutenez, 110.000 pertsona baino geihago batu dituen ekitaldiak aurten, Massive Attack, The Prodigy edota Grace Jones moduko taldeen zuzenekoak ikusteko.
Eragin ekonomiko positiboa
Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako, Turismoko eta Enpleguko zinegotziak esan duenez, eragin ekonomikoa 25,4 milioi eurotik gorakoa izan da, eta, batez ere, ostalaritzaren, merkataritzaren eta ostatuen sektoreetan izan du eragina; esaterako, hotel okupazioa %90etik gorakoa izan da hiru egunetan.
Ikusleak, jatorria eta adina
Ikusleei dagokienez, aurten 50 herrialde baino gehiagoko 110.000 lagun bildu dira Kobetamendin. Jatorriaren arabera, %26 beste herrialde batzuetatik etorri dira, eta datu horrek jaialdiaren nazioarteko izaera sendotu duela nabarmendu dute; Bretainia Handia, Estatu frantsesa, Italia eta Portugaleko bisitariak hartu ditu batik bat.
Adin tartea zabaldu egin da jaialdia «adin guztietako ikusleentzat» dela berretsiz: 18 eta 29 urte bitartekoak izan dira %28, 30 eta 39 urte bitartekoak %41, 40 eta 49 urte bitartekoak %23 eta 50 urtetik gorakoak %8.
Bestalde, muntaia osoa antolatzeko tokiko enpresetako 3.200 profesional aritu dira logistika lanetan, horniduretan, zerbitzuetan, argiztapenean, soinuan, ikus-entzunezkoetan, segurtasunean edo otordu-zerbitzuan.
Jasangarritasuna
Bereizgarrietako bat aurtengo jaialdiko jasangarritasunak «bide progresiboan» doala izan da, edizio bakoitzean ingurumen inpaktua murriztuz eta gizartean, kulturan eta ekonomian duen eragin positiboa biderkatzeko ahaleginean, nabarmendu dutenez.
Izan ere, oholtza nagusian landare estalkia erabili da, landare biziak gero birlandatu ahal izateko, eta horren gainetik egurrezko konposizioak erabili dira plastikozkoak kenduz San Migel agertokian.
Bilboko Udalarentzat eta Last Tour enpresarentzat, «berriz ere, positiboak diren zifra handiak baino gehiago, lehentasunezko helburua zifra kualitatiboak lortzea da, kontzertuetara bertaratutako pertsonen gozamenaren kalitatea handituz».