Harrigarria da Hong Sang-soo zinemagileak filmak egiteko duen gaitasuna; ez dira zazpi egun igaro ere ‘Woo-ri-ui-ha-ru’ (‘Nuestro día’) estreinatu zuela, eta ostiral honetan bertan beste film bat estreinatuko du: ‘In Water’. Gainera, urtea amaitu aurretik ‘Yeohaengjaui pilyo’ izeneko beste bat ere iritsiko da.
Izenburu berri honetan, bere diruarekin eta ikaskide izandako bi lagunen laguntzarekin film labur bat zuzentzea erabaki duen aktore baten istorioa azaltzen du. Uharte batera joango dira hirurak, eta egunak emango dituzte noraezean, zer filmatu ez dakitela. Topaketa bitxi bat eta urruneko maitasun-kanta bat izango dira lehen sormen-bulkadei buruzko alegia freskagarri honen inspirazio-iturri. Oharra: ez, ez duzue okulista baten beharrik, filma nahita dago desenfokatua. Ordubete irauten du filmak eta Sang-soo-k gaizki fokuratzearen kontzeptuarekin jokatzen du.
Hong Sang-soo zinema garaikidearen ezinbesteko zinegilea da, eta jaialdi handietako ohiko izena. 1996an egin zuen debuta ‘Daijiga umule pajinnal’ (‘El día que un cerdo cayó al pozo’ ) filmarekin, eta, ordutik, hogeita hamar film luze baino gehiago idatzi eta zuzendu ditu. Itxura xumea eta arima kostunbrista duten narrazioak sortzen ditu; Hego Koreako gizartearen eguneroko bizitza islatzen duten kontakizunak izaten dira eta giza harremanei garrantzi handia ematen die.
Sang-soo-k sarritan esan du, bere zinema autobiografikoa ez den arren maiz inguruan entzuten dituen elkarrizketak edo egoerak erabiltzen dituela gidoiak idazteko. Bere lan gehienek arrakasta komertzial handirik lortu ez duten arren, nazioarteko zinema zuzendari korear onenetarikoa dela eztabaidaezina da. Gainera, aurrekontu txikiekin lan egiten badu ere, bere filmek nazioarteko zinema jaialdi entzutetsuenetan parte hartu dute: Berlin, Donostia, Cannes eta abar.