NAIZ

EHF Europa Ligako arerioak ezagututa, «zeresana» eman nahi du Bidasoa Irunek

CSM Constanta (Errumania), KGHM Chrobry Glogow (Polonia) eta Maritimo da Madeira Andebol SAD (Portugal) eta Ystads IF HF (Suedia) taldeen arteko kanporaketako irabazleekin gurutzatuko da Bidasoa Irun EHF European League txapelketako multzoen fasean. Anbizioz aritu behar direla adierazi du Mozasek.

Bidasoa Iruneko jokalariak, zaleak agurtzen.
Bidasoa Iruneko jokalariak, zaleak agurtzen. (Jon URBE | FOKU)

Bidasoa Irun EHF European Leagueko multzoen faseko D multzoan sartu da, CSM Constanta (Errumania), KGHM Chrobry Glogow (Polonia) eta Maritimo da Madeira Andebol SAD (Portugal) eta Ystads IF HF (Suedia) taldeen arteko aurre kanporaketako irabazlearekin batera.

Multzoen Fasea urriaren 8an hasi eta azaroaren 26an amaituko da, sei jardunaldi jokatuta; hiru Artalekun eta beste hainbeste Irundik urrun.

Bidasoa Iruneko bolatxoa izan da zozketan atera den lehena. Talde irundarra lehendabiziko ontzian zegoen, Europako puntako beste talde batzuekin batera eta beraz, multzoan egokitu zaizkion aurkariekin «pozik» agertu da Alex Mozas entrenatzailea. Arerio gogorrak direla azpimarratu du teknikariak baina nabarmendu du «anbizioz» aritu behar direla: »Pozik gaude multzoarekin, denekin lehiatu gaitezke eta hori da gure anbizioa. Bidaiak onak dira, gure errendimenduan eraginik izango ez dutenak».

Txapelketa honetan «zeresana» emateko anbizioa dauka entrenatzaile berriak, multzoen fasea gainditzeko erronka begien artean kokatuta, «gure zaleek partida handiak ikus ditzaten».

Multzoen faseko partidak ere ikusgarriak izango dira. Hiru partida jokatuko dira Artelekun. Alex Mozasek talde bakoitzaren xehetasunak plazaratu ditu zozketa ezagutu eta gutxira. «CSM Constantak aurreko denboraldian Fraikin BM Granollers kanporatu zuen aurreko fasean. Bere zelaian indartsua da eta ezagutzen ditugun jokalariak ditu, hala nola Gaston Mouriño (bidasotar ohia), pibote ona dena. Aurkari zaila izango da», adierazi du. Bestalde, KGHM Chrobry Glogow talde poloniarrari buruz esan du liga lehiakor bat izaki, postu onean bukatu duela. Eta hirugarren aurkaria zein den jakin gabe (Maritimo de Madeira edo Ystadds IF HF), Mozasek esan du bi taldeak «oso talde onak» direla.

Ordutegiak, abonamenduak eta sarrerak

Europako partidak, aurtengo nobedade gisa, hiru ordutegitan jokatuko dira. Orain arteko ohiko ordutegiei (18.45ean eta 20.45ean), 17.00etako partida gehitu zaie. Hala ere, Bidasoak jakinarazi du 20.45etako ordutegia dela lehentasuna Irungo neurketetan.

Oraindik zehaztu gabe daude egutegi eta ordutegiak eta behin jakinarazita, klubak abonoen prezioak eta salmenta daten inguruko informazioa helaraziko du, izan bazkideentzat eta publiko orokorrarentzat.