NAIZ

Pradalesek gizarte eragileekin ireki duen bilera sortan parte hartzeko eskatu dute pentsiodunek

Erretiroa hartu duten pertsonek bizi duten egoera larriak izan ditzakeen aterabideak jorratu nahi ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Imanol Pradales EAEko lehendakariarekin. Hori dela eta, idatzi bat bidali zion uztailaren 5ean, bilera bat eskatzeko.

Pentsiodunen mugimenduak egindako mobilizazio baten artxiboko irudia.
Pentsiodunen mugimenduak egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Imanol Pradales lehendakariari eskatu dio sar dezala gizarte eragileekin hainbat gai jorratzeko ireki duen bilera-sortan, igande honetan jakinarazi duenez.

Pentsiodunek idatziz helarazi zioten eskaera hau, pasa den uztailaren 5ean. Eskutitz horretan, «pertsona heldu pentsiodunen beharrei erantzuteko urgentzia» aipatzen dute, eta prestutasuna erakutsi dute EAEko lehendakariarekin bildu eta haien proposamenen berri emateko.

Erretiroa hartuta dauden pertsonen egoera larria da, ohartarazi dutenez. Izan ere, beraien kalkuluen arabera, 165.000 pentsiodunek, emakumeak gehienak, 1.080 euro baino gutxiago, edo «askoz gutxiago», jasotzen dute hilean.

Imanol Pradalesi bidalitako idatzian nabarmendu dute oinarrizko produktuen prezioen gorakadak are gehiago zaildu duela kolektibo honek beraien etxeetako bizigarritasun-baldintzak hobetzeko, elikadura osasuntsua eta nahikoa izateko edo mendekotasunaren arreta-sistemetara eta osasun- eta farmazia-zerbitzu jakin batzuk jasotzeko, besteak beste.

Pentsiodunen artean, bereziki emakumeen artean, pobrezia hazten ari dela berresan dute; beraz, premiazkoa eta ezinbestekoa da, beraien ustez, Pradalesek zuzentzen duen gobernuak «ahalik eta azkarren neurriak hartzea». Horregatik guztiagatik, «lehendakariak bilera batean hartzeko zilegitasun nahikoa» dutela defendatu dute.

Pradales Satse eta SME medikuntzako sindikatuekin bildu zen uztailaren 17an, eta pasa den ostiralean, berriz, ELArekin. Berdin egingo du astelehenean LAB eta CCOOrekin, eta Confebask patronalarekin egingo du bilera asteazkenean.