NAIZ

Antonia Maria Manot hil da, frankismoak fusilatutako Jon Paredes Manot ‘Txiki’-ren ama

«Agur, ama, agur!», esaten zioten kaletik Antonia Manoti frankistek bere seme Jon Paredes Manot ‘Txiki’ fusilatu ostean. Astelehen honetan zendu da Antonia, 95 urte zituela, eta gaurkoan ere «agur, ama» ugari pilatu ditu.

Antonia Maria Manot, Zarauzko hilerrian, 2018an ‘Txiki’-ri egindako omenaldian.
Antonia Maria Manot, Zarauzko hilerrian, 2018an ‘Txiki’-ri egindako omenaldian. (Jon URBE | FOKU)

Antonia Maria Manot, Jon Paredes Manot ‘Txiki’-ren ama, zendu da astelehen honetan, bere seme Diego Paredesek sare sozialetan jakinarazi duenez. «Askatasun haizeak beti lagun zaitzala, ama», agurtu du semeak.

Antonia Extremaduran jaio zen, Zalamea de la Serenan, 1929an, eta 95 urte bete berritan zendu da Euskal Herrian. Izan ere Zarautzera iritsi zen 1962an eta hemen pasa ditu azken sei hamarkadak. Zazpi seme-alaba izan ditu eta haietako bat, Jon, Frankismoaren azken fusilatuetako bat izan zen, 1975eko irailaren 27an. «Seme bat galdu nuen, baina asko irabazi nituen Euskadin», errepikatu du behin baino gehiagotan, ‘Txiki’-k hil bezperan esandako hitzak bere eginez.

Gaur, hitz horiek gogora ekarri ditu Sortuko idazkari nagusi eta Gasteizko Legebiltzarrean EH Bilduko parlamentaria den Arkaitz Rodriguezek.

Ez da bakarra izan. Sortuko kide den Haimar Altunak ere Antoniaren «duintasuna» eta «borroka» goraipatu ditu. «Beti tinko, beti duintasun osoz eraman dituzu gatazka gogorraren zauriak eta eredugarria izan zara guretzat».

Arnaldo Otegik ere Antonia gogoratu du sare sozialetan.

Urte luze hauetan oso eskertuta agertu da Antonia gizarteak eskainitako babesari. Oroimen ekitaldietan lehen lerroan agertu da beti eta ekimen ezberdin eta elkarrizketetan gogora ekartzen zuen nola kaletik «mutil jator askok» «agur, ama!» batekin despeditzen zuten, edo nola ‘Txiki’ fusilatu zutenean Zumaiako Xey lantegitik «diru mordoa» bidali zioten. Gaur ere, asko izan dira «agur, ama!» esan nahi izan diotenak.

«Zalameatik hona etortzea zerua izan zen niretzat, baita nire semearena gertatu baino lehen ere, jendeak ikaragarri lagundu zidan eta. Zerutik jaitsia bezala erori nintzen Zarautzen, denek laguntzen zidaten», kontatzen zuen ‘Argia’ aldizkarian egindako elkarrizketan.