Jon Ormazabal

Atxikia, 30 urtetan istea lortu ez den esku-pilotaren zauria

Azken astean bi falta eman dizkiote Jon Mariezkurrenari defentsako bi boleatan, tarteka ematen den polemikari bidea zabalduz.

Jon Mariezkurrenaren amorrua sanferminetako finalean eman zioten atxikiaren ostean.
Jon Mariezkurrenaren amorrua sanferminetako finalean eman zioten atxikiaren ostean. (Jon URBE/FOKU)

«’Atxikia’ hil da». Horixe izan zen 1984ko irailaren 29ko “Egin”-en Fernando Becerril kazetariak bere pilota txokorako aukeratutako titularra. 30 urte geroago, argi dago atxikia –edo bere inguruko polemika bederen– bizirik dagoela, aspaldian ez bezala. Orduko kronikaren muina bezperan Gasteizen izandako bilera batean adostutako neurriaren berri ematea zen. Enpresek, pilotariek eta federazioetako ordezkariek atxikia debekatzea adostu zuten, urteetan jokoa «zikindu» zuen jokaldia erabat zigortuz.

Atxikia desagerrarazteko  borroka, ordea, urtebete lehenago hasi zen, 1983ko uztailaren 29an, Gasteizen bertan izandako beste batzar batean, non gaur egun ere erabiltzen den legediaren oinarriak ipini zituzten. Urtebeteko proba epe bat eman zioten esku pilotaren estamentuek legedi berri honi eta, emaitzarekin gustura, atxikia behin betiko galaraztea erabaki zuten.
Javier Carballo, garaiko Gipuzkoako pilota Federazioko presidentea izan zen atxikiaren aurkako gerran gehien nabarmendu zenetako bat eta argi utzi zuen bere jarrera. «Atxikia esku pilotaren degenerazioa bada, azken urteotan atxikiaren beraren degenerazioa bizitzen ari gara eta esku pilota bera da desagertzeko bidean dagoena, kazoa bada pilotaren maila erabaki dezakeena».

Gauza da, batez ere buruz buruko lehietan, pilota garbi jo gabe, une batez eutsi eta askatzea ohiko bihurtua zegoela 80ko hamarkada hasiera hartan eta Lajos edo Arroyo bezalako pilotariek oso garatua zutela atxikiaren teknika, jokatzeko modu «zikin» honi etekina ateraz.
Pilotaren araudi teknikoaren 44. artikulua zabaltzea izan zen bileran hartutako erabaki garrantzitsuena, «sakea edo pilota eskuan geratu ostean erantzutea galaraziz». Hori bai, jokoan zuten tradizioa aitzakia, salbuespen moduko batzuk ere ezarri ziren: botearen ostean dejada bat egin edo efektua emateko eskua geratzen denean; pilota ezkerparetan arrimatzen denean frontisera eramateko bultza egiten zaionean; edo airez sartuta, boleaz edo sotamanoz, pilotariak pilota frontiserantz suabe bultzatzen duenean.

Epaileen irizpidea

Hau da, atxikia ematearena epailearen interpretazioaren esku uzten da hein handi batean, eta, futboleko eskuekin gertatzen denaren antzera, epaile bakoitzak duen irizpidearen arabera interpretazio oso desberdinak egon daitezke bolea garbi eta zikinen artean.
Horregatik, atxikia izango da, ziurrenik, esku-pilotaren jokaldi polemikoena, nahiz eta onartu behar den azken oldarraldi honetara arte, oso tarteka ikusi direla halako jokaldiak. Astebeteren buruan, pilotari berari, Jon Mariezkurrenari, bi atxiki adierazi izanak hautsak harrotu ditu; horietako lehena, gainera, sanferminetako feriako finaleko azken pilotakadan, markagailuan 21-19 zirela. Bigarrena joan den larunbatean izan zen Barakaldon, Berriozarko atzelariak berak Iruñean lagun izan zuen Peñaren beste bat zakarki eskatu eta gero.

Atxikiak binakako partida batean eman izana ere nahiko berria da, polemikarik handienak normalean buruz buruko lehietan, kantxa osoan zein kaiolan eman baitira, gehienetan pilotariak gorputzaz atzerago dagoen pilota bat eramateko egindako bolearen batean, nahiz eta erasoan adierazitakorik ere egon den, Jon Ander Peñaren kasuan bezala.

Txapelketa ofizialetan aspaldian atxikirik eman gabe, ikusi beharko da azken egunetakoa kasualitatea izan den edo enpresek –gogoratu behar da 2019tik aurrera EPEL-ek bere epaile propioak dituela, federazioekin inolako loturarik ez dutenak–, duela 30 urte bezala, atxikiaren aurkako gerra berri bat hasi duten. Hala balitz, eskertzekoa litzateke argituko balute eta, batez ere, pilotari eta jokaldi guztiak irizpide berarekin epaitzea.