NAIZ

Aurreko astean zendu zen FCCko langilearen heriotza «erraz saihestu zitekeela» salatu dute

ATSUk eta LABek osatzen duten FCCko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du Iruñean greba egunean, Nafarroan laneko azken heriotza salatzeko. «Irmoki salatu behar dugu Iosu hil egin dela erraz saihestu zitekeen lan istripu baten ondorioz», adierazi dute.

ATSUk eta LABek osatzen duten FCCko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du Iruñean.
ATSUk eta LABek osatzen duten FCCko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du Iruñean. (LAB)

FCC enpresako langile batzordeak elkarretaratzea egin du gaur goizean Iruñean eta «babes eta elkartasun osoa» helarazi die aurreko astean hildako lankidearen familiari eta lagunei. «Irmoki salatu behar dugu Iosu, FCCko gure lankidea, hil egin dela erraz saihestu zitekeen lan istripu baten ondorioz», adierazi dute egin duten agerraldi jendetsuan.

Nabarmendu dutenez, «horrelako egoerek agerian uzten dute zein garrantzitsua den lan ingurune segurua izatea, laneko istripuen aurrean segurtasun neurri egokiak eta prebentzio protokolo eraginkorrak ezarriz».

Enpresa batzordeko kideen iritziz. «segurtasun protokoloak eta prebentzio araudiaren ez betetzearen ondorioz gertatu da istripua», eta «gaiari buruzko prestakuntza eza edo prestakuntza partziala izan dela» salatu dute. «Gertakari horiei lan txandetako giza baliabideen urritasuna gehitu behar zaie, honek segurtasun falta ekartzen duelarik ezin direlako segurtasun protokoloak, behar bezala aurrera eraman», azpimarratu dute.

Modu berean, «zoritxarrezko istripu honetan, halaber, zakar bilketa ibilbideen antolakuntza txarrak ere bere eragina» izan duela gehitu dute. «Gainera, erositako azken ibilgailuek, edukiontziak askatzerakoan erortzen direnean, estresa eragiten dute langile eta kaleko ibiltarientzat dakarren arriskuarengatik». Jakinarazi dutenez, batzordeak hau helarazio dio bai enpresari, baita Iruñerriko Mankomunitateari ere.

«Enpresari prebentzio araudia betetzea exijitzen diogu, beharrezkoak diren prebentzio ekintza guztiak berehala ezarri ditzan, antzeko gertaerak berriro gerta ez daitezen, gure bizitzak horren menpe baitaude; era berean, FCC enpresaren zuzendaritzari eta Iruñerriko Mankomunitateari eskatzen diegu ekimen honen bitartez gertaeren larritasuna aitortzea eta gertatutakoaren ikerketa zintzoa egitea lan istripuaren erantzukizunak argitu daitezen».