«Etxekoak, ahalik eta hobekien babestuak». Formula bera erabili dute Aspek eta Baikok Bilboko Aste Nagusiko feriako euren bikoteak atontzerakoan. Halakoetan ohikoa izaten den bezala, inguruko pilotarien aldeko apustua egin dute bi promotorek eta Aitor Elordik eta Mikel Urrutikoetxeak euren aukerak izango dituzte eta gainera enpresako bi atzelaririk onenen laguntza izango dute, Jose Javier Zabaleta eta Jon Mariezkurrenarena, hurrenez hurren. Hori bai, parean bikote oso indartsuak izango dituzte parean, 2022ko Binakako txapeldun eta aurtengo sanferminetako torneoaren garaile Altuna-Martija Aspekoek eta Laso-Imaz Baikokoek. Lehenek abuztuaren 22an jokatuko dute euren finalerdia eta Bilboko enpresakoek egun bat geroago. Finala abuztuaren 25ean dago iragarria.
Duela pare bat aste baserrian izandako istriputik erabat osatua , Aitor Elordi gaur itzuliko da kantxetara Errenterian eta, poliki-poliki, azken denboraldian, gorriz jantzita, lortzerik izan ez duen 2023an izandako sasoia berreskuratzen saiatuko da. Mikel Urrutikoetxearentzat, aldiz, aukera hau azkenaldian ematen ari den mailari sari moduko bat bezalakoa da. Mallabitarra bezala, Zaratamokoa udako Mastersetik at geratu da, baina binaka eman dizkioten aukeretan oraindik ere onenekin lehian aritu daitekeela erakutsi du eta Bilbon ere bere estatusaren defentsan egin nahi izango du.
Bizkaia Torneoaren finala
Enpresako izarrek, aldiz, agenda konpromisoz beteta izaten jarraitzen dute eta Altunak, Lasok eta Mariezkurrenak gutxienez bi partida –hiru finalera sailkatzen badira–, jokatu beharko dituzte bost egunetan Bilbon, abuztuaren 20an Bizkaia Torneoko finala jokatzeko sailkatuta baitaude. Amezketarrak Oiz taldearen partaide gisa jokatuko du, Rezustarekin batera binaka eta buruz buruko lehietarako Ezkurdia, lau eta erdian, eta Egiguren V.a, kantxa osoan, izango dituzte lagun. Baikoko nafarrak Sollube taldearen binakako ordezkariak izango dira, Peña II.a ariko da kaiolan eta Baikaikoa buruz buru kantxa osoan.