NAIZ

Hamar aholku praktiko, hegaldi baten erreklamazioa egin eta kalte-ordaina lortzeko

Opor garaian gaudela, milaka euskaldunek beren hegaldiak erreserbatu eta atseden egunez gozatzeko prestatzen ari dira. Hala ere, dena ez da perfektua eta bertan behera utzitako hegaldiak, atzerapenak, overbooking arazoak eta maleta galduak dira gure planak alda ditzaketen ustekabeko egoeretako batzuk. 

Ekipajea galduz gero, erreklamatzeko aukera dago. Irudian, Loiuko aireportua.
Ekipajea galduz gero, erreklamatzeko aukera dago. Irudian, Loiuko aireportua. (EUROPA PRESS)

Zure hegaldia bertan behera uzten badute, hegazkina hartzea ukatzen badizute overbooking-a dela eta, hegaldiak hiru ordutik gorako atzerapena badu, edo ekipajea galdu badizute, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea duzu. Gainera, egoera hauen ondorioz gasturen bat egin behar izan baduzu, diru horren itzulketa eska dezakegu. Hala dio Erreklamatu Bilboko abokatuen bulegoak.

Erreklamatuk gogoratu duenez, halako gorabeherak behar baino gehiagotan gertatzen dira, eta arazo larriak sortu ahal dizkiete erabiltzaileei. Horregatik, garrantzitsua da norberak bere eskubideak zein diren jakitea eta aire konpainiari erreklamatzea zor ;dituen zerbitzu eta kalte-ordain guztiak.

Arazo horiei guztiei aurre egiteko gida praktiko bat prestatu dute, hegaldi bat erreklamatzeko eta dena delakoagatik dagokizun kalte-ordaina lortzeko 10 aholku biltzen dituena.

Hauexek dira:

1. Nola kalkulatu hegaldi baten atzerapena

Zure hegaldiak hiru ordu baino gehiagoko atzerapena badu, eskubidea duzu diru-ordain bat jasotzeko. Atzerapena kalkulatzeko, hegazkina iritsi den ordua da lurreratu ondoren ateak zabaldu dituzten unea. Hegazkina aurreikusitakoa baino hiru ordu beranduago iristen bada, aire konpainiak kalte-ordaina eman behar dizu, haren zenbatekoa hegaldiaren distantziaren arabera kalkulatuz:

1.500 kilometro baino gutxiago: 250 euro bidaiari bakoitzeko.
1.500 eta 3.500 kilometro artean: 400 euro bidaiari bakoitzeko.
3.500 kilometro baino gehiago: 600 euro bidaiari bakoitzeko.

Zenbateko horiek Europar Batasunak ezarri ditu, eta nahitaez bete beharrekoak dira munduko edozein tokitan, baldin eta aire konpainiak Europan baldin badu egoitza. Egoitza beste kontinente batzuetan dituzten konpainien kasuan kalte-ordain horiek aplikatzen dira hegaldia Europatik abiatu baldin bada.

2.- Zer egin hegaldia bertan behera gelditzen bada

Zure hegaldia bertan behera utzi baldin badute, eskubidea duzu txartelaren prezioa itzultzeko edo garraio alternatibo bat jartzeko, zure destinora eramango zaituena lehenbailehen edo zuk erabakitzen duzun datan, kontratatutako zerbitzuaren pareko baldintzekin. Txartelaren prezioa itzultzea aukeratzen baduzu, aire- konpainiak hurrengo zazpi eguneko epean itzuli behar dizu dirua. Kalte-ordain bat jasotzeko eskubidea ere baduzu, haren zenbatekoa hegaldiaren distantziaren arabera kalkulatuz, atzerapenekin gertatzen den bezala.

3.- Nora jo arazoren bat izanez gero

Hegaldia bertan behera uzten badute edo hegazkinean sartzea ukatzen badizute overbooking-a dela eta, edo atzerapenaren ondorioz hurrengo hegaldia galdu baduzu, eskubidea duzu konpainiaren informazioa jasotzeko bai arazoari buruz bai arazoa konpontzeko moduaz. Kasu horietan, fakturazioko erakusmahaira edo aire konpainiakora joan; bertan informazioa emango dizute, bidaiari moduan dituzun eskubideei buruzkoa, eta zure egoeraz arduratuko dira.

4.- Konpainiak ordaindu behar ditu gastuak

Kasu hauetan, konpainia behartuta dago zutaz arduratzera gorabeherak dirauen denboran. Hau da, jatekoa, edatekoa eta ostatua eman behar dizute (azken hori, hegaldi alternatiboa biharamunean baldin bada), baita joan-etorriko garraioa jarri ostaturako, eta telefonoz bi dei egiteko aukera ere, edo mezu elektroniko bat bidaltzeko.

5.- Gorde txartel eta tiket guztiak

Aipatutako gorabehera horietako batengatik gasturen bat egin behar izan baduzu, ostatua, mantenua, garbiketako gauzak, taxiak eta abar ordaintzeko, gorde itzazu tiket guztiak. Gastu horien itzulketa eska dezakezu baldin eta «beharrezkoak, zentzuzkoak eta egokiak» badira.

6.- Gorde hegaldiaren erreserba eta ontziratze txartelak

Konpainiak zure egoera konpondu ondoren destinora iristen zarenean, kalte-ordaina erreklamatu dezakezu. Bost urteko epea duzu horretarako, gehienez, baina Erreklamaturen gomendioa da hurrengo asteetan egitea. Zer egin behar da? Oso erraza da. Lokalizatu zure erreserba (aire konpainiak edo bidaia agentziak bidali zizun email-a, hegaldiaren ezaugarriak eta ibilbidea jakinarazten dituena), eta ontziratze txartelak gorde, baldin badituzu. Dokumentu hauek beharko dituzu hegaldiaren erreklamazioa egiteko.

7.- Ez fidatu aire konpainien eskaintzez

Ez sinatu inoiz dagokizun kalte-ordainari uko egiteko inolako agiririk, eta ez onartu legez ezarrita daudenak baino diru-ordain txikiagoak. Adibidez, erreklamaziorik ez jartzearen truke, deskontu txartelak eskaini ahal dizkizute aurrerago beste hegaldi bat merkeago erosteko. Ez onartzea gomendatzen du Erreklamatuk.

8.- Utzi kasua profesionalen eskuetan

Norberak egin ahal dio aurre aire konpainiari eta kalte-ordaina erreklamatu. Baina, Erreklamaturen arabera, «ez da komeni». Aire konpainietako talde juridikoek «estrategia zabala izaten dute prestatua demandan amore eman dezazun», eta beren aldetik erreklamatzen duten bezeroen %5ek baizik ez du lortzen kalte-ordaina jasotzea. Horregatik, profesionalen eskuetan jartzea aholkatzen dute.

9.- Gainerako bidaiariei beren eskubideen berri eman

Aire konpainien kontrako demandak ados jarrita edo epai judizial bidez bukatzen dira. Eta bi egoera horiek kudeatzeko, zenbat eta erreklamazio gehiago aurkeztu, orduan eta presio handiagoa egin daiteke. Beraz, zure hegaldia atzeratzen bada edo bertan behera uzten badute, hitz egin beste bidaiarekin, eta jakinarazi eskubideak dituztela eta kalte-ordainak dagozkiela. Horrela, demanda kolektibo bat aurkeztu daiteke.

10.- Ekipajea galtzen bada

Zure maleta agertu ez bada ekipajeen zintan, bi gauza gerta daitezke: handik egun batzuetara berreskuratzea edo betirako galtzea. Bi kasuetan erreklamazioa jar daiteke. Horretarako, arazo hauetaz arduratzen den erakusmahaira joan, eta Property Irregularity Report (PIR, Ekipajearen Irregulartasunen Agiria) bete ezazu, adieraziz zure bizilekua edo ostatu lekua, ekipajea agertzen bada bertara bidaltzeko. Oso garrantzitsua da PIR horren kopia gordetzea geroago erreklamazioak egiteko. Eta ez galdu ekipajearen taloia ere, ez da ezinbestekoa, baina ongi etorriko da erreklamaziorako. Ez eman aire konpainiari, eta, eskatzen badizute, argazki bat atera telefonoarekin. Horrez gain, zure ondasunak agertzen ez diren bitartean beste gastu batzuk egin beharko dituzu: higieneko produktuak, jantziak… Gorde itzazu tiket eta faktura guztiak, diru hori erreklamatu ahal izango duzu eta.

Maleta ez bada agertu 21 egunen buruan, konpainiak galdutzat emango du eta eskubidea izango duzu kalte-ordaina eskatzeko. Horretarako, zerrenda bat prestatu beharko duzu maletan zenuen guztiarekin, produktu bakoitzaren marka, modeloa eta erosketaren urtea adierazita.