Elkar ulertu eta ezagutzeko denborarik gabe, udako Masterseko lidertza sendotu dute Jokin Altunak eta Martxel Iztuetak gaur Ermuan, lehen jardunaldian bezala, Zabal-Imazi 22-11 gailenduta. Biak oso pilotariak izanda, espero zitekeen formulak funtzionatzea –are gehiago amezketarrarekin atzelari guztiek hobera egiten dutela jakinda– baina atentzioa ematen du nola hartu duten elkar jokatutako bi partidetan.
Ikusteke zegoen tolosarrak nola erantzun zezakeen lehen mailan jokatutako lehen partida hauetan eta, momentuz, bere erantzuna primerakoa izan da. Egia da oraindik ez duela jotzaile handi baten aurka jokatu –hurrengo astean izango du Mariezkurrenaren aurkako lehia–, baina Martija eta Imaz bezalako bi atzelari segururen aurka, gazte batek parean izan ditzakeen zailenetakoak, primeran aritu da, gehiegi galdu gabe, pilota oso ondo astinduz.
Iztueta, sendo
Gaur esaterako, Altunaren hasierako zalantzen artean –txapeldunari kosta egin zaio tantoak amaitzea eta bera izan da lauretan egindako tanto bat zenbatzen azkena (7-6ekoan bi paretaz lortutakoa)– ondo eutsi dio bikoteari eta behin amezketarrak bere erremateak zehaztea lortu duenean, erraz egin dute ihes markagailuan.
Partidaren lehen heren horretan eusti diote partidari Zabalak eta Imazek, baina Altunak gora egin duen neurri berean edo paretsuan, aurrelari errioxarra partidatik irten da. Pilotak gainera botata, etengabe bilatu du gipuzkoarrak Zabala eta partidaren aginte makila eraman ezinik, desesperatu egin da Logroñokoa, erasoan baino, defentsan aritzera behartuta.
Seinako berdinketaren ostean, 8-0eko partzial batekin hautsi du norgehiagoka bikote gipuzkoarrak eta lehen jardunaldian garaipena eskuratu zuen bikoteak ez du inolako erantzuteko gaitasunik izan.
FITXA TEKNIKOA:
Altuna-Iztueta: 22
Zabala-Imaz: 11
Pilotakadak: 412. Iraupena: 48,24 minutu. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-4, 6-4, 6-6, 14-6, 14-8, 17-8, 17-10, 21-10, 21-11, 22-11. Sakeak: 2 Altuna III.ak. Egindakoak: 8 Altuna III.ak, 4 Iztuetak, 4 Zabalak eta 1 Imazek. Galdutakoak: 1 Altuna III.ak, 4 Iztuetak, 6 Zabalak eta 3 Imazek. Gorabeherak: Sarrera polita Ermuko pilotalekuan.
Laso, inspiratuta
Elizondon emaitza bera izan bada ere, partida arras desberdina izan da, Laso-Tolosak azkar hautsi dutelako partida euren aldera (11-3), Peña-Arangurenek Zabala-Imazek izan ez duten erreakzioa izan dute hiru tantotara gerturatzeko (14-11) baina hortxe geratu dira beste tantorik egin ezinda. Emaitza honekin, garaileek ondo bideratu dute euren Nafarroa Arenarako txartela, atzoko galtzaileei bi puntu eta tanto-alde handi bat sartuta.
Elizondon, Unai Lasok inspirazioa berreskuratu du eta bera izan zen partidako protagonista, orotara 13 tanto lortuz (sakez 1, airez 5, moztuta 2 eta atzean beste bi) eta bi pilota galduz. Xabi Tolosak ere partida oso serioa jokatu du eta aurkariak baino askoz bikote sendoagoa osatu dute, merezitako garaipena eskuratuta.
Baikoko bikote gipuzkoarrean Arangurenek ere partida orekatua bete du ordezko lanetan, baina Jon Ander Peña izan da gora-beherak izan dituena. Sei tanto egin ditu tolosarrak, hauetariko lau airez, baina galdu ere, beste hainbeste, gehitxo parean zuen bikote seguruaren aurka.
FITXA TEKNIKOA:
Laso-Tolosa: 22
Peña-Aranguren: 11
Pilotakadak: 602. Iraupena: 75 minutu. Markagailua: 4-0, 4-1, 6-1, 6-2, 11-2, 11-3, 13-13, 13-9, 14-9, 14-11, 22-11. Sakeak: 1 Lasok.ak eta 1 Peñak.
Egindakoak: 12 Lasok, 1 Tolosak, 5 Peñak eta 1 Arangurenek. Galdutakoak: 2 Lasok, 2 Tolosak, 6 Peñak eta 2 Arangurenek. Gorabeherak: Sarrera ona Elizondon.