NAIZ

Gizon bat atxilotu dute Errenterian autobus geltokian bi emakumeri ukituak egitea egotzita

Errenterian 24 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak bi emakumeri ukituak egitea egotzita. Ostegun goizaldean pasa dira gertakariak, eta emakumeek Ertzaintzan salatu dute gertatutakoa. Oreretako Asanbalda Feministak elkarretaratzea deitu du ostegun honetarako, 20.00etan Foruen plazan.

Errenterian eraso sexisten aurka egindako mobilizazio bat, artxiboko irudia.
Errenterian eraso sexisten aurka egindako mobilizazio bat, artxiboko irudia. (Idoia Zabaleta | FOKU)

24 urteko gizonezko bat atxilotu dute ostegun honetan Errenterian, bi emakumeri ukituak egin eta sexu-erasoa egitea egotzita, Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Herriko festak, madalenak, ospatzen ari dira Errenterian.

Gertakariak ostegun goizeko zazpi eta erdietan izan dira. Errenteriako ertzain-etxeko patruila bat Nafarroa etorbideko autobus-geltokira joan da, eta bi emakume ertzainengana hurbildu dira, inguruan zegoen gizon batek ukituak egin dizkiela salatzeko.

Gertatutakoaren berri izan ondoren, agenteek ustezko egilea identifikatu eta atxilotu egin dute, sexu-askatasunaren aurkako delitu bat egotzita. Adierazi dutenez, polizia-eginbideak amaitutakoan, epailearen esku utziko dute akusatua.

Elkarretaratzea

Oreretako Asanblada Feministak herriko festetan hainbat eraso sexista salatu direla jakinarazi du, eta horren aurrean erantzuteko deia egin du: ostegun honetan, arratsaldeko 20.00etan elkarretaratzea egingo dute herritarrek Foru plazan.

Herriko eragileek eta udalak erasoen kontrako zenbait neurri ezarri zituzten festak hasi aurretik elkarrekin ‘Ez bazaude eroso, erasoa da’ lelopean. Sentsibilizazio eta interpelazio mezuez gain, neurri zehatzak ere landu zituzten.