NAIZ

Jai Alai Summer Seasoneko finala, erremonteko izarrak euren konfort eremutik at ikusteko aukera

A mailako finalean, Juanenea-Ansa Barrenetxea eta Urrizaren aurka arituko dira, ohikoak dituzten posizioak aldatuta.

Larunbateko lau finalistak, astearteko material aukeraketan.
Larunbateko lau finalistak, astearteko material aukeraketan. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Esperimentu edo probak egiteko sasoi egokia izaten da uda eta larunbat honetan erremontistak euren konfort eremutik atera dituen Jai Alai Summer Season txapelketako finalak jokatuko dira Galarretan. A mailako txapelketan, aurrelariek atzelari gisa jokatu dute eta alderantziz, atzelariek aurrelari eta Juanena, Ansa, Barrenetxea IV.a eta Urrizaren izenak final batean ikustea ohikoa bada, urnietarra eta iruindarra sakeak egiten eta errebote inguruan jokatzen ikusteak badu bere xarma.

B mailako finalak irekiko du jaialdia eta bertan gorriz arituko dira Susperregi eta Aiestaran VI.a eta urdinez, Gurrutxaga eta Apezetxea.

Asteartean aukeratu zituzten finalerako pilotak eta gorriek material biziaren alde egin zuten, eta urdinek berriz, pilota neutroen edo geldoagoen alde. Hala ere, gustura geratu ziren bi bikoteak.

Gorriak faborito

Lau bikoteek lehenengo partiduak irabazi zituzten eta euren artean erabaki zen nor izango zen lehenengo finalista. Orduan, Susperregik eta Aiestaranek erraz irabazi zuten eta Juaneneak eta Ansak, lan gehiagorekin, garaipena lortu zuten. Finalean berriz aurkituko dira eta faboritoak gorriak izango dira orain artekoa ikusi ondoren.

Euren ohiko lekuetatik kanpo, presio handirik gabe, gozatzen ari dira erremontistak eta ondo etorriko zitzaien aisialdi txapelketa hau laster hasiko den urteko zitarik garrantzitsuenaren aurretik presio pixka bat kentzeko. Finalerdietako partidan, Juanenea-Ansak bikote sendoagoa osatu zuten, saketik min handiagoa egin zuen egungo buruz buruko txapeldunak eta Juaneneak ere gehiago asmatu zuen jokoa aurreko koadroetan nahasterakoan. Baina ezin ahaztu Barrenetxea eta Urriza lehiakorrak direla oso, finaletan euren onena ematen duten horietakoak eta gauzak zail jarriko dizkiete.