Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Solariak «engainatu» egin dituela salatu dute Zigoitiko lur-jabeek; ez dituzte sailak salduko

Solaria Zierbena 3 energia fotovoltaikoko proiekturako lurrak ez dituztela salduko ohartarazi dute Zigoitiko lurren jabeek. Enpresaren partetik «engainatuta» sentitu direla eta, gainera, proiektua beraien adostasunik gabe aurrera eraman duela salatu dute. Alegazioak aurkeztu dituzte.

Solaria enpresaren jarrera salatzeko Zigoitiko lur-jabeen prentsaurrekoa.
Solaria enpresaren jarrera salatzeko Zigoitiko lur-jabeen prentsaurrekoa. (NAIZ)

Zigoitiko 111 hektarea hartzea aurreikusten duen Solaria Zierbena 3 proiekturako beraien lurrak ez dituzte salduko, enpresaren partetik «engainatuta» sentitu direlako, jabe askorekin adostasun batera ez baitira heldu.

Hala azaldu dute ostiral honetan proiektuaren aurka elkartu diren lurren jabeek Gasteizen eskainitako prensaurrekoan. «Gure lurrak ez dira bereganatze horren pate izango, eta gure lurrik gabe Solaria Zierbena 3 ez da bideragarria», ohartarazi dute.

«Erasotzat» jotzen dute Madrilgo enpresaren jarrera eta jabeengan «alarma egoera sortzera, lurrak industria parke batez inguratuta geratzearen aurrean izutzera eta nahita informazio partzialak ematera mugatu» dela uste dute. «Solariak ez du konbentzitu nahi izan, gure komunitatearen ahuleziak bilatu besterik ez du egin», gaineratu dute hedabideen aurrean.

Horren harira, enpresarekin akordio bat sinatu duten jabeek Zigoitiarekin loturarik ez dutela azaldu dute, «garai bateko lur pilaketa baten ordezkariak» direla, alegia. Gainera, sinatu duten zenbait jabe Zigoitia Bai jabeen elkartearekin harremanetan jarri dira, iraultzeko euskarri juridikoa eskatuz.

Enpresa gizartea ere «engainatzen» ari dela ohartarazi dute: «Solariak jabeen adostasuna duela adierazten duenean, gizartea eta administrazio publikoak engainatzen ditu. Jabeen adostasunaren kontakizun mediatiko hori faltsua da eta, gainera, maltzurra». Proiektu honek, halaber, komunitatea, bizimodua, natura eta «azken batean, garena» hondatzen duela deitoratzen dute jabeek.

Alegazioak

Egoera honen aurrean, proiektuaren kontrako alegazioak aurkeztu zituzten hil honen hasieran, zerbitzu juridiko profesionalekin egindako 480 orrialde baino gehiagoko lana. Gainera, Iñaki Lasagabaster Zuzenbide Administratiboko katedradun emerituaren aholkularitzapean ari dira lanean.

«Administrazioari eskatzen diogu defenda gaitzala, baina badaezpada ere gure komunitateekin batera defendatuko gara, azken ondorioetaraino», argitu dute prensaurrekoan.