Dendari eta ostalarien artean bolo-bolo dabilen «sentsazioa» baieztatzera etorri da Pirinio Atlantikoen Departamenduko turismo agentziak uztailaren 26an plazaratu duen bilana.
Hainbat aldagai bereziak izan direla denboraldiaren hasieran aitortu du aipaturiko zerbitzuak.
Hala, ekainaren 30 eta uztailaren 7 artean egin ziren hauteskunde legegileak aintzat hartu ditu, baita uztailaren 26an hasi eta agorrilaren 10 bitarte mundua Parisera begira jarriko duten Olinpiar Jokoak ere.
Bi gertakari horien eragina baztertu gabe, bereziki inflazioaren testuinguruari aipu egin dio agentziak eta bereziki «joan zen maiatzaz geroztik izan den eguraldi bustiari» egotzi dio jaitsiera.
Hala, uztailaren 15 eta 25 bitarte, bisitari gutxiago heldu ziren Ipar Euskal Herrira. Batez beste 240.000 bisitari heltzen dira egunero aipaturiko data horietan, baina 200.000 bisitarien langa ez da gainditu aurten.
Iazko datuekin alderatuta, uztailaren 20 eta 28 arteko astean %6 apaldu dira erreserbak.
Nazioartetik dator Ipar Euskal Herrira bertaratzen den bisitarien %25a. Bisitarien jatorriaren arabera, %7 behera egin du nazioarteko turisten kopuruak.
Behin-behineko bilanaren arabera, nabarmen apaldu da espainiar nortasuna duten bisitarien presentzia. Ohar gisa jakin behar da, ordea, estatistika ofizialetan multzo horretan sartzen dituztela beste euskal lurraldeetatik heldutako bisitariak ere bai.
Alta, Alemania, Estatu Batuak, Benelux edota Britain Handitik heldutako bisitari kopurua iraunkorra da.
Poltsiko beteagoak dituzten bisitari gehiago
Txostenaren arabera, «klase langile eta klase ertaineko turisten kopuruak behera egin badu ere, diru gehiago dute bezeroen presentziak nolabaiteko oreka ekarri du».
Turismo jardueran izan den «beheranzko joera txikia» gehienbat kostan sumatu dela zehaztu du Pirinio Atlantikoen Departamenduko turismo agentziak. %5 apaldu da turisten kopurua.
Alta, Lapurdi barnealdean %5 emendatu da bisitarien presentzia, baita Nafarroa Behereko hainbat eskualdetan ere. Hala, iaz baino %3 bisitari gehiago izan da Alduden. Alta, Donibane Garazin %2 apaldu dira turisten joan-jinak eta jatsiera are nabarmenagoa izan da Zuberoan (-%7).
Uztailak 378 milioi gorako mozkinak uzten ohi dizkio turismo sektoreari, urteko fakturazioaren %18 bermatuz.
Agorrila da, edonola ere, uda saioaren neurgailua nagusia. Aurreikuspenen arabera, lo egiteko erreserba kopurua iaz baino apalagoa izanen da.
Oro har lo egiteko eskaerak %8 jaitsi dira. Beheranzko joera are eta handiagoa da euskal kostan non iaz baino %11 erreserba gutxiago jaso diren.
Alta, lehorrera joz gero, aurreikuspenak hobeagoak direla azaldu du turismo agentziak, bisitarien erreserbak %10 emendatu direlako Zuberoan eta %12 Nafarroa Beherean.
«Bisitarien banaketa horrek euskal kostan sumatzen den presioa gutxitzea ahalbideratuko du, berdin jende fluxuak zein onura ekonomikoak modu orekatu batean banatuz», iradoki du Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen Departamenduko turismo agentziak.