Isidro Esnaola
Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / redactor de opinión, especializado en economía

Kostuen doktrina versus mehatxuen doktrina

NATOk, erakundearen 75. urteurrena dela eta, Washingtonen egin duen goi bilerak Europaren egoera marrazten duten bi albiste utzi ditu. Alde batetik, AEBek misilak Alemanian zabaltzeko asmoa agertu zuten, gerra hotzean bezala. Parte hartzaile guztiek txalotu egin zuten erabakia, baita Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak ere. Badirudi Europako buruzagiek ahaztu egin dutela ez hain aspaldi Europa misilez beteta egon zela eta armagabetzearen aldeko mobilizazioek herrialde askotako kaleak hartzen zituztela. Edo, agian, txalotzeko jarrera hori Europako buruzagiek politika autonomo eta subirano bat mantentzeari muzin egin diotelako izan da, eta Washingtonen aginduetara jarri dira. Europaren autonomia estrategiko ezak gero eta gehiago dirudi Europaren erabakia AEBen inposaketa baino. Euskal Herrian badakigu mendekotasunak zer esan nahi duen eta zer motatako ondorioak dituen.

Beste iragarpena Ukrainara armak bidaltzea izan zen, Ukrainari Errusiaren lurraldeari erasotzen utziko ote dioten argitu gabe. Joan den astean, Aspen segurtasun foroan, Jake Sullivan Joe Bidenen Segurtasun aholkulariak, berriz ere, murrizketa horiek kentzeko aukera mahaigaineratu zuen. Ildo horretan, Ilya Kramnik Errusiako analista militarrak azaldu zuen bezala, jarrera hori AEBetako doktrina militarrarekin bat dator. Doktrina etsaiarentzako kostuak handitzeko logikan eraikita dago. Washingtonek aurkariei aditzera ematen die ekintzekin jarraituz gero, kostuak irabaziak baino handiagoak izango direla. Modu horretan, beste aldea bere ekintzei ez eusteko konbentzitzen saiatzen da. AEBen posizio hegemonikoarekin bat datorren doktrina da, edonor beldurtzeko aukera ematen diona, eta horrek, teorian, statu quoari eusteko aukera ematen dio, zuzeneko gatazka armatuaren beharrik gabe. Hori dela eta, Washingtonek Ukrainan gora egiten jarraitzen du, Errusia konbentzitzeko, negoziatzera esertzeak borrokan jarraitzeak baino kostu txikiago duela.

Errusiako doktrina militarrak, ordea, ez ditu gatazkak kostuen ikuspegitik aztertzen, mehatxuen ikuspegitik baizik. Nahiko logikoa da, Errusiak munduan duen posizioa kontuan hartuta: biztanle gutxiko lurralde handia. Horregatik, arerioak presioa areagotzen badu ere, horrek ez du esan nahi eragin ditzakeen galerengatik jarduteari utzi behar dionik. Beste aldeak erakusten dituen kostu handienak Moskuk baloratzen ditu, apustua igotzera behartuko duen mehatxu berri bat ote dagoen kontuan hartuta. Hortik sortu da orain arteko dinamika: NATOk Moskuk marraztu dituen marra gorri guztiak gainditu ditu, erreakziorik izan gabe. Baina momentu batean, mehatxuaren balorazioa onartezintzat jotzen bada, eraso moduko berehalako erreakzioa gerta daiteke. Hain zuzen ere, 2014an hori gertatu zen, Kieven izandako estatu kolpeak mehatxuaren pertzepzioa aldatu zuen eta Errusiak Krimea hartu zuen; baita 2022an ere, Ukraina NATOn sartzea azkartu zenean.

Erreakziorik gabeko egoera horrek ilusioa sor dezake, NATOrentzat eta Europarentzat, bereziki, gora egiteak ez duela ia kosturik, baina Errusiaren lurraldean eraso bat izan ondoren, gatazkak izaera eta eskala erabat desberdina har dezake. Suarekin jolasean ari dira. •