Guztira, 29 pertsona hil dira lan istripuz urteko lehen sei hilabeteetan Euskal Herrian. 2 Araban, 5 Bizkaian, Gipuzkoan 11, Nafarroan 8 eta Ipar Euskal Herrian 1. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei erreparatuta, iaz epe berean izandako 14 hildakoak baino %28,5 gehiago. Era berean, larri zauritutakoen kopuruak %45 egin zuen gora lurralde horietan, 116 pertsona zauritu ziren, eta aurreko ekitaldian 80 larriki zauritu ziren.
Osalanek emandako datuen arabera, urtarriletik ekainera bitartean 21.174 lan-istripu jakinarazi ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hau da, iazko epe berean baino %7,6 gehiago (1.490 istripu gehiago).
Kopuru horietan sartzen dira bai lanaldian gertatutako ezbeharrak, bai ‘in itinere’ gertatutakoak, eta baita berrerortzeak ere. Lanaldian izandako istripuak 17.909 izan ziren (+%6,6) eta 'in itinere' izandakoak 2.274 (+%12,4).
Lanaldian izandako istripu guztietatik, 17.797 arinak izan ziren (+%6,4), 97 larriak (+%36,6) eta 15 hilgarriak (2023an 14 izan ziren). ‘In itinere’ ezbehar arinak 2.252 izan ziren (+%11,8), 19 larri egon ziren (bederatzi 2023an) eta hiru hildako izan ziren (bat ere ez urtebete lehenago).
Lanaldian ezbehar gehien izan zituen sektorea Zerbitzuak (9.607 istripu) izan ziren, ondoren Industria (5.835 ezbehar), Eraikuntza (2.163 istripu) eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza (304 baja).
Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan laneko baja eragin zuten 871 lanbide-gaixotasun berri zenbatu zituen urteko lehen seihilekoan, hau da, 2023ko aldi berean zenbatutakoak baino % 1,4 gehiago. Bajarik eragin ez zuten gaixotasun profesionalen kasuak 956ra igo ziren, 2023an zenbatutako 906 kasuak baino %5,5 gehiago.