Majo sufritu eta landutako garaipenek beste aho zapore gozoago bat izaten badute, gozatu latza hartuta oheratu dira bart Erik Jaka eta Julen Martija, partida ezin gorabeheratsuago batean, Artola eta Rezustari 22-20 irabazita, Masters honetako lehen puntua eskuratuta. 2020 txapeldunek ere sekulako fedea erakutsi dute lan erditan ezinezkoa zirudien partida bat ekarrita (11-1 joan dira galtzen eta 16-18 ere aurreratu dira), baina azken txanpan Erik Jakak inspirazioa berreskuratu du errematean eta garaipena gorrientzat izan da Astigarragan.
Partida hasieran uste baino errazago egin dute ihes markagailuan Jakak eta Martijak, jokoaren esparru guztietan oso nagusi izanda. Pilotaleku azkar batean, Rezusta deseroso aritu da bere ohiko saihetseko postura horretan pilota jo ezinik eta partidaren ekimena erabat izan da gorriena eta Erik Jakak etekin handia atera die izan dituen aukerei. Oldarkor eta eraginkor aritu da lizartzarra eta era guztietako erremateak egin ditu.
Saiatu dira, etenaldiak eskatuta, Artola eta Rezusta aurkarien bolada eteten, baina zorterik ere ez dute lagun izan, esaterako 7-2koa behar lukeen alegiarraren erremate bikain bat epaileek txartzat eman dutenean edo Martijak zortez egin duen beste pilotakada batekin. Hala, 12-3 aurretik joan dira gorriak lehen atsedenaldi luzera, nahiz eta zazpigarren tantoan gorrien pilota hautsi den.
Baina partida hautsi den abiadura ia berean aldatu da aldageletatik bueltan. Urdinetan biek egin dute gora nabarmen, atzean Rezusta gero eta erosoago sentitu da eta Martijari bizkarra erakusten hasi zaio eta aurrean Artola ere askoz zorrotzago ibili da errematean, markagailua hamaseina berdintzeraino.
Zuritik beltzera aldatu da partida, Artola eta Rezusta izan dira bigarren erdi honetan jokoaren ekimena erabat eraman dutenak eta defentsan aritu behar izanda, luze ere egin zaie partida. Pentsa, lehen atsedenaldira 9 tantotako aldearekin joan ostean (12-3), bigarrenera bi atzetik heldu dira lizartzarra eta etxeberritarra (16-18).
Bigarren atsedenaldi horrek ere bazuen aldaketa bat gordea eta azken txanpan Erik Jakak Iñaki Artola ausart batek baino gehiago asmatu du eta amaiera oso estu batean, garaipena lizartzarrarentzat eta oso seguru aritu den Martijak eraman dute.
Ezkurdia eroso atzelari bezala
Txapelketetatik at, Ordizian pilota jaialdia izan zen Santa Ana egunez eta bertako interes punturik nagusienetako bat Joseba Ezkurdia atzelari lanetan ikustea izan da. Jokin Altunarekin aritu da arbizuarra eta eta bi aurrelariek erraz, 22-8, irabazi diete Peio Etxeberria eta Tolosak osatutako bikoteari. Partida erosoa izan du bi pilota baino galdu ez dituen sakandarrak eta beste behin, Jokin Altuna izan da partidako izarra, denera 12 tanto amaituz. Urdinak ezinean aritu dira partida osoan zehar.
FITXA TEKNIKOA:
Jaka-Martija: 22
Artola-Rezusta: 20
Pilotakadak: 707. Iraupena: 78,08 minutu. Markagailua: 3-0, 3-1, 11-1, 11-3, 12-3, 12-6, 13-6, 13-10, 15-10, 15-12, 16-12, 16-18, 20-18, 20-20, 22-20 . Sakeak: 1 Jakak eta 1 Artolak. Egindakoak: 12 Jakak, 1 Martijak, 14 Artolak eta 1 Rezustak. Galdutakoak: 3 Jakak, 1 Martijak, 4 Artolak eta 3 Rezustak. Gorabeherak: Sarrera guztiak salduta Astigarragako Txomienea pilotalekuan. Lehen sakea gorri.