Sutan jarritakoan probatzen omen da nolakoa den eltzea eta Oriamendik uda hasiera honetarako prestatu duen Jai Alai Summer Season esperimentuak ezer probatu badu, hori Javi Urriza eta Endika Barrenetxearen lehiakortasuna izugarria dela izan da, aurrean zein atzean jokatuta. Postuak aldatuta aritu dira erremonteko izarrak txapelketa honetan eta finalerdietan Juanenea-Ansak airean erabili bazituzten, une erabakigarrian bi erremontista beteranoek plazagizonak direla berretsi zuten eta, torneoko partidarik onena jokatuta, txapel berezi hauek ere jantzi zituzten bi setetan gailenduta (8-15 eta 14-15). Galarretak ere oso itxura eta giro polita (540 lagunekin) erakutsi zituen urteko zitarik garrantzitsuena den honetan, nahiz eta lehenengo Zarautzen geldialditxo bat egingo duen.
Erreferente hori hain fresko izanik eta, batez ere, saldiastarrak eta urnietarrak erakutsitako joko mailarekin, gorriek irten zuten faborito argi gisa, baina duela bi asteko partida hartan Ansa txapelduna nabarmendu bazen, atzo Endika Barrenetxea izan zen, aurrean jokatuta, nabarmendu zena. Atzelari hernaniarrak 16 tanto egitea lortu zuen eta pilota bat baino ez zuen galdu eta hori, finaletan garaipenaren sinonimo izaten da ia beti.
Atzokoa ez zen salbuespena izan. Laurak maila txukunean aritu baziren ere, lehen jokoa erraz antzean eskuratu zuten Barrenetxea eta Urrizak (8-15), hein handi batean aurkariak baino askoz sendoago aritu zirelako. Deserosoago aritu ziren Juanenea-Ansa, kosta egin zitzaien bikote gisa batzea eta, azken sei tantoak segidan lortuta, finalean aurrea hartu zuten hernaniarrak eta iruindarrak.
Gauzak dezente orekatu ziren bigarren joko askoz ikusgarriago batean. Juaneneak eta Ansak pauso bat eman zuten aurrera eta jokoaren kalitatea nabarmen hobetu zen, tanto politak eskainiz. Hirugarren jokoa ere gertu izan zuten saldiastarrak eta urnietarrak, 14-12 ere aurreratu baitziren, baina erabakigarria izan zitekeen tanto batean ez zuten elkar ondo ulertu; nafarrak aukera-aukerako pilota bat bere atzelariari utzi, honek asmatu ez eta hurrengo bi tantoak ere urdin izan zirenez, bi beteranoenek eraman zuten garaipena, pronostiko gehienen aurka baina, txapelketan behetik gora eginda, merezimendu osoarekin.
Buruz Burukoari begira
Enpresak eta pilotariek txapelketa honen balorazio baikorra egin dute, batez ere azken hauei urteko hitzordu garrantzitsuena, Buruz Burukoa, prestatzeko aukera eman baitie. Aurrelariek sakeak egin behar izan dituzte eta atzelariei ere ederki etorriko zitzaien aurreko koadroetan ibiltzea, bakarrik direnean tantoak amaitzerakoan beldurrik ez izateko.
Abuztuaren 6an aurkeztuko dute urteko txapelketarik garrantzitsuena eta atzoko lau finalistak bertan izango dira. Javi Urrizak izan du urtean zehar zalantzaren bat bere parte hartzearen inguruan, baina Sagardoaren Txapelketan eta Jai Alai Summer Season honetako finalean maila bikaina erakutsi ostean, beste urte batez horrenbeste eman dion lehiaketan parte hartzea erabaki du.
Hori bai, iaz laugarren izan ostean, aurten kanporaketaren bat jokatzea egokituko zaio eta finalera helduko balitz, bost partida jokatu beharko lituzke; hala, errekuperazioa izan liteke bere zailtasun handiena, mailarik ez duelako oraindik batere galdu.
Gurrutxaga-Apezetxea B mailako finalean are emozio gutxiago egon zen eta Gurrutxaga-Apezetxeak erraz lortu zuten garaipena, Susperregi eta Aiestarani 7-15 eta 5-15 gailenduta. Aizarnazabaldarra eta goizuetarra bikain aritu ziren, Susperreti-Aiestaranek, ordea, ez zuten egun ona izan.