Alessandro Ruta

Eskrimalari brasildarra, minbiziak jota baina lehian

Gertatutakoak oihartzun handia izan du, eta esanahi sakona. Minbiziak jota dagoen Nathalie Moellhausen eskrimalariak bi arrazoi zituen Parisera joateko: sendagilea bisitatzea eta Joko Olinpikoetan parte hartzea...

Nathalie Moellhausen, ondoezik.
Nathalie Moellhausen, ondoezik. (Telebistatik hartutako irudia)

Sekuentzia noranahi zabaldu da. Nathalie Moellhausen Ezpata arloko lehiaketan parte hartzen ari zen, Pariseko Joko Olinpikoetan, baina berehala ondoeza sentitu du. Inork ez zekien zer gertatzen ari zen –berak bai– albistea hedatu den arte.

 

 

Sekulako mina zuen Moellhausenek, baina ez du amore eman nahi izan eta lehiaketa amaitu du. Astelehen honetan proba gogorragoa izango du: ebakuntza.

Izan ere, Nathalie Moellhausen ez da Parisera bakarrik joan Jokoetan parte hartzera: eskrimalari brasildarrak beste hitzordu bat zuen aurretik hartua, kirofanoan, pairatzen duen minbizia artatzeko.

Hala ere, larunbatean zegokion lehiaketan parte hartu nahi izan du, Ezpata sailean. Nathalie ez zen sasoiko, jakina, baina amets olinpikoa mina baino handiagoa zen bere barruan.

Ia inork gutxik zekien zer gertatzen zitzaion. Une batean, ordea, ondoeza sufritu du plataformaren gainean, denon begi-bistan. Bere aurkaria, Ruien Xiao kanadarra, harrituta gelditu da. Zertxobait bezpiztu ostean, Moellhausenek ondoko guztiak lasaitu ditu eta borrokari ekin dio. Galdu egin du brasildarrak, 15-11 markagailuan, baina sekulakoa egin du.

Min kronikoa

Gero jakin denez, aurtengo otsailean, kokzisean tumore onbera bat zuela diagnostikatu zioten eskrimalariari. Horra hor min kronikoaren arrazoia, hain larria morfina ere hartzeko beharrean zela.

Sendagileak esandakoa kolpe latza izan da berarentzat, Parisko Jokoei begira, baina Moellhausen domina bat lortzeko hautagairik nagusiena zen. Brasildarrak, egun 38 urte dituenak, 2019. urtean Munduko Txapelketa irabazi zuen. Kirol honetan honelako arrakasta lortu duen lehen brasildarra da Italian jaio zen eskrimalaria.

Moellhausen, 2014ko irudi batean. (Wikimedia Commons)

Bere sare sozialetan osasun arazoak argitzen dituen oharra ageri da orain. Dena nahiko misteriotsua, aurretik honetaz oso pertsona gutxirekin hitz egin zuelako. Imajina dezakegu Ruien Xiao aurkariaren harridura, lehiaketan zehar Nathaliek ia konortea galdu zuenean, eta gero arrazoia jakin duenean. Kontua da sekulako beherakada fisikoa izan arren, Moellhausenek lehia ematea erabaki duela, eta gogor ematea ere: galdu arren, kanadarren aurkakoa oso orekatua izan da.

Porrotaren ondoren hurrengo hitzordua erietxean du, minbizia kentzeko. Lehia garrantzitsuagoa. Bitartean dominarik ez du irabazi, egia da, baina askok gogoratuko dugu egindakoa.