Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Galtzada-harri eta zebrabideetan zegoen triatloiko arriskua

Bart, goizaldeko lauak zirela baieztatu da ofizialki triatloia bere osotasunean lehiatuko zela, Euriarekin itzartu da Paris, hain justu, antolatzaileen arabera, Sena ibaiko uraren kalitatea ezkaztu duen fenomenoa. Txirrinduko proban izan ziren zailtasun gehiago, zenbait erorikorekin.

Guam uharteko Manami Iijimaren erorikoa, triatloian.
Guam uharteko Manami Iijimaren erorikoa, triatloian. (Ben STANSALL | AFP)

Paradoxikoa dirudi, Senako ibaiko uraren kalitatea hobetzeko azken zortzi urteetan egindako milioika euroko inbertsioaren ostean, azken egunetako euri jasak plan guztiak zapuztea. Ostiral eta larunbatean, kasik egun guztian, egin zuen euri Parisen. Irekiera ekitaldia ere, nolabait, eskastu zuen baina arazo gordinena bi egun beranduago etorri zen: Sena ibaiko entrenamenduen deuseztatzearekin. Lehentasuna atleten osasuna dela adierazi dute antolakuntzatik eta mezuak, bere horretan, zentzua eduki dezakeen arren, belarritik tiratzeko beste zenbait arrazoi ere badaude, Marten Van Riel triatleta belgikarrak tinko esan bezala, World Triathlon erakundeari sare sozialen bitartez erantzunez: «Kirolarien osasuna lehentasuna baldin bada, proba hau aspaldi lekualdatu zitekeen. Txotxongilo batzuk gara txotxongiloen ikuskizunean».

Van Rielen haserrea ulertzekoa da, asteartean baitzen lehiatzekoa gizonezkoen proba eta egun bat atzeratu behar izan zuten. Behin-behineko eguna asteazkena zen, gaur, alegia, emakumezkoen ostean. Behin-behinekoa diogu behin-betikoa, argi berdea piztu zuen erabakia goizaldeko 4.00etan ezagutu baitugu, ohiko analisia egin ostean. Hain piztu du zeresan handia afera honek –seguraski historikoa izanagatik–, zale batzuk Alejandro III zubira gerturatu zirela, albiste on edo txarra edo dena delakoa gertutik ezagutzeko. Ospatzeko, azken finean, bestelako erabaki batek asko zailduko baitzuen antolaketaren –Frantziaren– itxura ona. Hainbeste, planto egitearen aukera ere mahai gainean zegoela, azkenean duatloia egiteko hautua hartuz gero.

Horregatik, agian, zentzua hartzen du Thomas Bach (Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidentea, NBO) eta alboan zituen beste kideen arteko besarkadak dena amaitu denean, azkenaldian eduki duten buruhauste handienari aterabidea eman diotenean.

Aterabide partziala

Momentuzko aterabidea, oraindik triatloi mistoa eta igeriketako maratoia falta baitira. Hauen txapelketa eguna hurbiltzen hasten denerako ere izango dira buruhausteak, aipatu legez gau guztian egin baitu euria. Baina tira, utzi diezaiogun autoritateei momentuko zoriontasuna bizitzen. Egiari zor, gau osoko euri jasaren ostean, eguzki atsegina ekarri zuten Nazioarteko Olinpiar Batzordeko kideek eta jada beraien buruan zegoen oztopo bakarra salbatu egin zuten: Sena ibaian, inguru ezin ederragoan –Eiffel dorrea aurrean, Grand Palais eskuinean, Alexandre III zubi maiestatetsuaren gerizpean... «Ez dute kirolariengan pentsatu. Eszenatokia izan da lehentasuna, irudia, polita izatea eta Sena saltzea; hau da antolatzaileek nahi zutena hasiera-hasieratik eta ez da pentsatu kirolarien osasunean», esan du Miriam Casillasek.

Sena ibaian, kirolarien lehendabiziko dzanga. (David GOLDMAN/AFP)

«Bainu handia» eman dute Sena ibaian, hori izan daiteke ondorio handiena, zenbait komunikabide handik azpimarratu dutena, bai eta argazkilari askok ere, kamera guztiak kirolarien lehendabiziko dzanga harrapatzeko baitzeuden bideratuta. Finean, Sena garbitzeko 1,4 euroko inbertsio publikoaren ostean, euria bezalako fenomeno naturalak eragin zitzakeen zailtasunei aurre eginda, antolakuntzak bazeukan saldu nahi zuen irudia.

Begi guztiak eta kezka oro igeriketan jarri ziren, E.coli bakteria gora eta behera. Analisiak analisi, ez dakigu kirolariengan eraginik izango duen Sena ibaiko ur tantak dastatzeak –Maider Galardi kazetariak ziurtatu zuen berak ez duela kalterik igarri urtebete pasa bainua hartu zuenetik, beraz sinetsi dezagun dena ongi dagoela–. Irteera historikoa izan zen triatloikoa baina atzoko benetako arriskua txirrindu gainean etorriko zen. «Ze eguraldi da hau? Ai ene! Ez zegoen aurreikusia... Kirolariek arduratzen naute, ze ez da giro txirrinduan ibiltzeko, arriskutsu egongo da errepidea», esan zion kazetari ingeles batek Britainia Handiko selekzioko prentsa taldeko bati.

Brasilgo Vittoria Lopesen erorikoa, triatloian. (Julien DE ROSA/AFP)

Eta bai, ez zitzaien arrazoirik falta. Larunbateko erlojuaren aurkako proban ere antzerako egoera bizi izan zen, orduan gogorragoa, euriak ez baitzuen atsedenik eman. Emakumezkoen proban eroriko gehiago eman ziren, Iñaki Arratibel kirol medikuak NAIZ Irratian esan bezala, lehenak izan baitziren lehiatzen eta «gizonek bazekiten non zeuden arrisku gune handienak». Tolosarrak larunbatean izan zuen «beldur» bera atzeman zitzaien aipatu kazetari ingeles hauei, Paris erdiguneko galtzada-harri umelak eta lurreko pintura bustiak kaosa eragin baitzezaketen.

Txirrinduan eseri, lehen pedalkadak eman eta Maria Carolina Velasquez Soto kolonbiarrak eroriko gogorra hartu zuen. Lasterketa guztia baldintzatu zion, eskuin izterrean zauria eginez. Ez zen bakarra izan. Emakumezkoetan, orotara, hogei eroriko erregistratu ziren eta lau kirolarik lasterketa utzi behar izan zuten. Gizonezkoak lehiatu zirenerako –10.45ean hasi ziren, hiru orduko atergunearen ostean–, errepideen egoera oso bestelakoa izan zen.

Maria Carolina Velasquez Soto kolonbiarra, lurrean, eroriko gogor baten ostean. (Ben STANSALL/AFP)

«Kaosa», «lotsagarria», «Parisko triatloia, inoizko gorabeheratsuena»... lehendabiziko erreakzioak izan ziren komunikabideetako lehen lerroetan. Oso irristakor zegoen ibilbidea (orotara 40 kilometrokoa, ibilbide berdinari zazpi itzuli emanda), bezperako kezka guztiei beste bat batuta, azken ordukoa. Artista izan behar da gero horrelako txapelketa batean mentalki zutik irauteko, erorikoak eroriko ere helmugara tinko iristeko.

Paristarra nagusi

Cassandre Beaugrand paristarrak irabazi zuen urrezko domina emakumezkoen proban –gizonezkoetan Alex Yee ingelesak–, bere jaioterriko ibilbidean iaioa dela erakutsita. Iaioa baina ez zailtasunik gabe, aipatu legez halako presio eta ezinegnak txapeldunei ere eragiten baitie. «Bapatean, botaka egiten hasi naiz aurkezpenen aurretik, ez zitzaidan inoiz halakorik pasa». Etxean, Parisen, azken egunetako ziurgabetasun eta presioarekin...  

Parisko alabaren garaipenarekin, are eta handiagoa izan zen ospakizuna, antolakuntzaren eta zaleen gozamenerako. Triatleten artean, aldiz, polemika hauspotzen joan zen –ez baten edo bestearen garaipenagatik–, igeriketako irteera baliogabetu egin behar zitekeelako baizik. Polemikaz beteta, baina funtsean, egin dute dzanga Senara.