Javi Zabalak eta Ander Imazek bi puntutako zuloa ireki dute alerik batu ezinda jarraitzen duten Ezkurdia-Albisuri Berueten 22-16 gailenduta. Gorabehera handiko partida batean, atzelari oiartzuarraren erregulartasun eta sendotasunak –19-16koan pilota bat errebotean ere jarri du une zailenetako batean– eman die garaipena erasoan baino defentsan gehiago nabarmendu den errioxarrari eta gipuzkoarrari eta beteranoetan, aurrelari sakandarrak erakutsitako susperraldia ez da nahikoa izan ataundarraren hasiera makala konpontzeko. Igandean Larraintzarren Ezkurdiak zorabiaturik eta tanto bakarra amaitu bazuen, gaur erabat osatuta sumatu dugu, aspaldi luze honetako pilota gose handienarekin eta aurkariak asko bultzatuz, baina oraindik argitasun apur bat gehiago behar du errematean bere ibilbidea zuzentzeko.
Gorriek, batez ere Albisuk –aparteko ezer ez zuten hiru sake utzi ditu eraman gabe–, oso partida hasiera hotza eman diote partidari eta beste munduko ezer egin beharrik gabe 8-0 aurreratu dira Zabala-Imaz, bakoitzari egindako tanto bana zenbatu diogularik.
Albisuri kosta zaio zuzentzea
Beruetekoa bezalako kantxa azkar batean, deseroso aritu da goierritarra, Imazi bizkarra erakusteko zailtasunekin eta behar baino huts gehiago pilatuz. Aurrean, Joseba Ezkurdia ohartu da bere atzelariaren arazoez eta saiatu da, boleaz eta asko sartuta, jokoaren erritmoa aldatzen.Horrela etorri da beteranoen susperralditxoa, 6-9 eta 8-11 gerturatzeraino. Jokoa orekatzea lortu badute ere, sendotasun apur bat gehiago falta izan dute lehen atsedenaldiaren aurretik markagailua ere, gehiago estutzeko (9-12).
Errioxarrak eta oiartzuarrak nahikoa izan dute partida txukun antzeko bat jokatzea partidaren lehen erdian aurretik joateko, baina azken egunetan ezkerreko eskuan arazoekin ibili den Javi Zabala ere ez da batere argi aritu tantoak amaitzerakoan eta Joseba Ezkurdiak behin eta berriz bilatu du, markagailuan lehen aldiz bi tantotara ere gerturatzeraino (15-13).
Pilotak gastatuta, Jon Ander Albisuri ere denbora gehiago eman dio pilotari jartzeko eta erosoago aritu dira, baina une erabakigarrietan ere zorte handirik ez dute izan. Esaterako, tanto bikain bat jokatu ostean, egina zuen dejada batean pilota Joseba Ezkurdia jo du frontisetik bueltan, 14-16koa behar zuena 13-17 bilakatuz. Hala ere, beste behin ere gerturatu dira bi tantotara, baina une bero horietan opari batzuk egin dituzte berriro eta, lana bai, baina punturik batu ezinik jarraitzen dute Ezkurdiak eta Albisuk.
FITXA TEKNIKOA
Ezkurdia-Albisu: 16
Zabala-Imaz: 22
Pilotakadak: 614. Iraupena: 63,49 minutu. Markagailua: 0-8, 1-8, 1-9, 6-9, 6-11, 8-11, 8-12, 9-12, 9-15, 13-15, 13-18, 16-18, 16-22 . Sakeak: 1 Ezkurdiak eta 5 Zabalak. Egindakoak: 7 Ezkurdiak, 3 Albisuk, 6 Zabalak eta 3 Imazek. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak, 4 Albisuk, 4 Zabalak eta 1 Imazek. Gorabeherak: Sarrera polita Berueteko Ergizarotz pilotalekuan. Estelarra hasi aurretik Jose Juan Barberena aizkolari ohiari omenaldi xume bat egin diote. Berak botatako txapak urdinei eman die lehen sakea.