Hondoko itsasoa, metro eta erditik gorako olatuak trabeska Orioko barran, aurreneko kalea eta beste neurri baten bigarrena inork ere nahi ez duela... Eta hala ere, Arraun Lagunak beste behin irabazle. «Plenoaren bila goaz» adierazi du, ahobizarrik gabe, Andrea Astudillo patroiak estropada eraman berritan, jakitun Euskotren Liga eskuetan duela bere taldeak eta handinahi horri eusteko motibazioa nonbaitetik atera behar dela. Hasteko, igande honetan eraman du Arraun Lagunakek bere aurreneko Orioko Bandera.
Arraun Lagunak garaiezina da orain arte, baina bere aurkariek ez dute etsita lehiatzen. Eskertzekoa da hori eta eskertzekoa izan da Tolosaldea eta Orio zeinen oldarkor atera diren uretara. Horri eskerrak joaneko luzean Euskotren Ligako liderra hirugarren postuan ikusi ahal izan da –eta ziabogaren ostean epaileak ere traba dexentea egin dio ‘Lugañene’ ontziari bere brankaren aurretik pasatu eta olatuak sortuta–. Bigarren luzea hasi eta tarte luze baten Oriok bere aurreneko postuari eutsi dio.
Alabaina, Arraun Lagunaken kalea izan da, bueltarako, aproposena trabeskako olatu hori baliatzeko. Andrea Astudillok itsasoa bikain irakurtzen du eta ez dio Orioko traineruari olatu horren mesedeaz baliatzen laga «mirotzen» ontziari. Epaileak berak ere oriotarrei ababorrera joateko agindu behar izan die, arraunak elkar noiz joko tarte baten arriskua sortu baita.
Andrea Astudilloren jokaldia
«Nik ere balia nezakeen olatua gure alde, baina nahiago nuen ababorrera egin eta Orio bere norabidea aldatzera behartzea. Azkenean, beretzat kalte», azaldu du, bere patroiaren ofizioa ezagutzen duela erakutsiz, Andrea Astudillok. Hobeto ezin zekiokeen atera bere jokaldia. Arraun Lagunakek branka sartu dio Oriori eta pixkanaka aldea ateratzea lortu du. Bitartean, Donostiarra erori egin da eta Hondarribiaren atzetik bosgarren postuan amaitu du estropada eta Tolosaldea, berriz, Orio eta ‘Lugañeneren’ arteko jokotik ast, bere aukeraren zain geratu da gutxienez bigarren postua eskuratzeko. Lortu du, eta ez da gutxi, baina Arraun Lagunaken denborarekiko urruti xamar, hala ere.
Aurreneko txanda, bestalde, zer-nolako arraun eremua ikusteko baliagarria izan da eta, pentsatzekoa ere bada, traineruaren gaitasuna itsasoaren baldintzak baino garrantzitsuagoa izan da. Alegia, Hondarribiak eta Hibaikak nahieran eraman dutela estropada, hasieratik, teorian kalerik onenak izanda ere, atzean geratu diren Cabo eta Tiran atzean geratu direlako. Lau estropada geratzen dira 2024ko Euskotren Liga amaitzeko eta Hibaikak hondamendirik ez badauka, maila mantentzeko lanak bete dituela esan liteke. Ikusi egin behar, goiko aldeari begira, Arraun Lagunakek bilatzen duen «pleno» hori betetzeko kapaz den ala ez.
Orioko XXIV. Emakumezkoen Estropada - Orio Kanpina XII. Bandera
1- Arraun Lagunak 11:09.26
2- Tolosaldea 11:15.74
3- Orio 11:18.52
4- Hondarribia 11:26.26
5- Donostiarra 11:28
6- Hibaika 11:40.30
7- Cabo 11:55.56
8- Tiran 12:08.36
Euskotren Liga
1- Arraun Lagunak 96 puntu.
2- Tolosaldea 73 p.
3- Orio 70 p.
4- Donostiarra 68 p.
5- Hondarribia 51 p.
6- Hibaika 32 p.
7- Cabo 27 p.
8- Tiran 15 p.