Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Maialen Chourrautek bukaeraraino luzatu nahi du bere azken hitzordu olinpikoa

Maialen Chourrautek final laurdenetarako txartela eskuratu kayak krossean. Bere txandan bigarrena izan da, azken ateko zigorra zuzendu ostean. Miren Lazkanok ezin izan du aurrera egin, hirugarren bukatuta. Bihar, astelehena, lehiatuko dira kanporaketa guztiak, finala barne.

Maialen Chourraut, kayak krosseko jaitsieran.
Maialen Chourraut, kayak krosseko jaitsieran. (Olivier MORIN | AFP)

Maialen Chourrauten ibilbide olinpikoak aurrera darrai. Bere bosgarren Olinpiar Jokoak dira eta bukaeraraino luzatu nahi du egonaldia. Momentuz, modu batean, lortu du, azken egunera arte lehiatuko baita. Aurrera egin du kayak krosseko kanporaketan eta bihar, astelehena, final laurdenak jokatuko ditu, 15.30etatik aurrera. Gaindituz gero, finalerdiak zain izango ditu 16.15ean eta final handia, 16.55etan.

Hala, bukaera-bukaeraraino luzatu nahi du Parisko egonaldia lasartearrak. Hirugarren txandan aritu da igande honetan, larunbatean bigarren aukeran aurrera egin ostean. Lehen kanporaketa horretan kostatu zitzaion lekua egitea eta gogor borrokatu behar izan zuen gaur lehian aritzeko. Igande honetan, aldiz, sufrimendua beste bide batetik etorri da, jaitsieran segituan lortu baitu aurrean jartzea –kayak krossean aurrean jartzen denak asko dauka irabazita– eta azken txanpan Noemi Foxek aurrea hartu dio. 

Ezustekoa, baina, epaileen erabakiarekin etorri da. Azken atean, 8.enean, huts egin duela-eta azken postura igaro da lasartearra. Errebisatu ostean, bigarren postura igo da eta pozak eztanda egin du bere taldekideen artean. Gainera, txanda horretan bertan, kanpoan geratu da txapeldun olinpiko bikoitza, Jessica Fox.

Kayak krossaren zoramenean edozer gerta daitekeen sentsazioa dago eta beraz, biharko egunean, astelehenean, zer gerta daitekeen aurreikustea zaila dirudi. Ez du txanda erraza izango, Noemi Fox, Luuka Jones eta Rikarda Funk izango dituelako bidelagun, artistetan artistenak. Denetarik gerta daiteke eta gauza jakin bakarra da Chourrauten azken jaitsiera olinpikoa izango dela, izan final laurdenetan, finalerdietan edo finalean.

Miren Lazkanoren «infernua»

Igandeko jardunaldia ez da guztiz oparoa izan euskal ordezkarientzat. Frustrazioa gailendu zaio Miren Lazkanori, aurreko egunetan jaitsiera aise menperatu ostean. Gaurkoan, hasiera asko kosta zaio, arerioak asko gerturatu zaizkiolako eta horrek asko zaildu dio txapelketa. Lur jota bukatu du donostiarrak, bere txandan hirugarren egin eta bere Parisko abentura bukatu dela ikustean.

Jaitsiera «infernua» dela adierazi du eta NAIZi azaldu dio jaitsiera «hasieratik» izan dela «oso txarra». «Ezin nuen arraun egin, denbora guztiak txokeak eduki ditut, pala galdu dut pare bat alditan. Gero jada ez nekien oso ondo non nengoen ez nora joan. Ahal dudana egin dut, azkenean hirugarren geratu naiz eta ez laugarren, baina ez zegoen aukerarik bigarrena harrapatzeko», kontatu du, buru makur. 

Nolanahi ere, bere lehendabiziko hitzordu olinpikoa izateko, lehiakor aritu da bai C1ean –finalera iritsi zen eta diplomatik gertu bukatu zuen– eta baita kayak crossean ere, «azken hilabeteetan maitatzea lortu» duen modalitatea.