Surfa Olinpiar Jokoetan, Tahitin: oro har, nahiko balantze ezkorra

Euskal herritarrak euskal selekzioari bidea ixten dioten Frantzia eta Espainiako selekzioekin lehiatu dira. Txapelketaren  jarraipena egiteko zailtasunak. Orain artean olatu onak, baina finalak egiteko itsaski egokia izango den ez dago argi.

Nadia Erostarbe, Tahitiko lehiaketan tubo bat egiten.
Nadia Erostarbe, Tahitiko lehiaketan tubo bat egiten. (ISASURF.ORG)

Lerro hauek idazteko orduan oraindik ez da amaitu Tahitin egiten ari diren Olinpiar Jokoetako txapelketa. Lehen egunetan olatu ederrak izan ziren, baina gero haizea aldatu zen eta ordutik txapelketa amaitzeko baldintza hobeagoen zain dira. Arazoa da itxarote epea gehienez abuztuaren 8ra luza daitekeela eta iragarpenak ez direla oso argiak. Teahupook olatu bikainak eskain ditzake, baina baldintza zehatzak behar ditu eta itsaskia bi metro baino txikiagokoa bada, ez du funtzionatzen. Antolatzaileek ongi aukeratu beharko dute finalak zein egunetan egin.

Bestalde, zaleek txapelketa ikusteko aukera bakarra telebista bidez egitea da. Ez dago txandak nahi dugunean eta nahi dugun formatuan ikusteko aukerarik; beraz, jarraipena egitea zaila da. Gainera, Olinpiar Jokoen webgunean ere ez da erraza informazioa eskuratzea. WSLko zirkuituak eskaini ohi duen formatua faltan sumatu dugu zaleok.

Nadia Erostarberen beste argazki bat (ISASURF.ORG)

Esan bezala, olatuak onak izan dira orain arte, baina maila orokorra ohiko CT txapelketa batekoa baino apalagoa izan dela baiezta daiteke; izan ere, kontuan hartu behar da lehen mailako lehiakide gehienak australiarrak, brasildarrak edo estatubatuarrak direla, eta Olinpiar Jokoetan selekzio bakoitzak gehienez bi ordezkari izan ditzakeenez puntako surflari asko kanpoan geratu dira. Horri gehitu behar zaio kolonizatuak izan diren herrialdeetako surflariek ezin izan dutela beren aberria ordezkatu. Horrek inbutua are gehiago estutzen du; adibidez, Hawaiiko surflariak AEBetako selekzioan dira eta Tahititikoak, frantsesean.

Halaber, Teahupoon parte hartu duten euskal herritarrak ere badira, selekzio espainolarekin edo frantsesarekin lehiatu direnak. Selekzio espainolak hiru ordezkari zituen eta hirurak euskal herritarrak ziren: Andy Criere hendaiarra, Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra eta Nadia Erostarbe zarauztarra.
Bestalde, Baionako ospitalean jaio zelako euskal komunikabideetan euskaldun gisa aurkezten duten Joan Duru surflaria Frantziako selekzioan zen; finean, berak bere burua aurkezten duen moduan, frantsesa baita.

Andy Criere lehiakidea eta Aritz Aranburu, Espainiako Selekzioko entrenatzailea (ISASURF.ORG)

Hain zuzen ere, horixe da balantzea egiten datu txarrena, Euskal Selekzioak parte hartzeko eskubiderik gabe jarraitzen duela.

Kontuan hartu behar da ere txapelketa Tahitin egiteak duen zentzu politikoa. Ikusi besterik ez dago Frantziako selekzioa nola osatu zuten. Behatzez hautatu zituzten lau ordezkariak eta horietatik hiru Teahupoo bertakoak dira. Hango olatua inork baino hobeto ezagutzen dute eta urrezko domina irabazteko aukera dute Kauli Vaast eta Joane Defayk. Aitzitik, horrela bada, garaipena Frantziako Selekzioak eramango du Parisera.

Joko politikoak

Polinesia frantseseko egungo  presidente Moetai Brothersonek hasieratik salatu zuen Olinpiar Jokoak beren lurraldean egiteko bertakoen iritzia ez zela kontuan hartu. Lehendakaria independentziazalea denez, bere kexek oinarri politikoa zutela egotzi zioten politikari frantsesek.

Janire Gonzalez Etxabarri (ISASURF.ORG)

Surf txapelketa Olinpiar Jokoen hiriburutik 15.700 kilometrora egiteak Frantziaren izaera inperialista erakusten du, baina batez ere koloniak erabiltzeko moduak eta bertako biztanleekiko erakusten duen errespetu faltak agerian uzten dute txapelketa Tahitin egiteak duen kutsu politikoa.

Beste adibide bat. Surf olinpikorako sailkatze txapelketetan parte hartzeko eskubidea ukatu zieten errusiarrei, Ukrainari eraso ziotenean. Israeldarrek, ordea, ez dute betorik eta Tahitin lehiatzen ikusi ahal izan ditugu.

 

MUNDUKO HIRITARRAK

Surfaren Joko Olinpikoak egiteko Parisek modu arbitrarioan Tahiti hautatu zuenean lasaitu egin nintzen. Biarritz hautatu izan balute, lotsagarri geratuko baikinateke euskal surflariak. Zergatik? Euskaldunok gure herrian arrotzak eta gutxiengoa garela salatzeko behar adina indarrik ez dugula agerian geratuko litzatekeelako.

“Euskaldunok Euskal Herrian, noski baietz” goiburua zuen mobilizazioa antolatu zen 2017an Biarritzen, herrialdeen arteko munduko surf txapelketan. Lehen aldiz, sailkapen ofizialen ereduari jarraituz Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdiko surflariz osatutako selekzioa osatu zen, baina euskaldunek ezin izan zuten parte hartu. Gainera, Biarrizko Udalak hondartzara ikurrina eramatea debekatu nahi izan zuen. Azkenean hainbat ekitaldi bertan behera utzi behar izan genituen, adibidez  aizkolarien erakustaldia, gurea folklorea ez zela ohartu zirelako. Aitzitik, gure ekitaldian parte hartu nahi izan ez zuten Lapurdiko trikitilari eta dantzariek txalo zaparrada jaso zuten irekiera ekitaldian. Senegalgo tribuen erritualaren antzezpena egin zuten kideei bezala, haiei ere kakahueteak botatzea bakarrik falta izan zitzaien arduradun politikoei.

Oraindik gordeta ditudan e-mailetan, kasu egiten ez bagenuen Pauetik CRSak igorriko zizkigutela mehatxu egin zigun Laurent Ortiz hautetsiak. Itsasoan poliziak gurekin jai zuela erantzun nionean, giroa gehiegi berotu zen eta Biarrizko udaletxera deitu ninduten. Tartean, Iparraldeko ia nire lagun guztiek bakarrik utzi ninduten.

Imajina dezakezue surflari ernegatua Biarrizko udaletxean, bizkarrean poliziaburu bat «Espainiatik istiluak sortzera etorriko dira» errepikatzen, eta parean, Michel Veunac auzapeza, frantses baldarrean ematen nizkion azalpenak entzuten. Azkenean, ikurrina ez debekatzearekin ados agertu zen, zeren «c’est le drapeau du B.O» (ikurrina Biarritz Olimpiqueko bandera da).

Elkarretaratzeak oihartzun polita izan zuen, surflari mordoxka bildu ginen, batzuk ospe handikoak, eta Frantziako selekzioko kideak kasu egitera gerturatu ziren, baita Pablo Solar ere, Espainiako selekzioko arduraduna. Ez, ordea, selekzio espainolean ziren euskal surflariak. Lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzak bat egin zuen aldarrikapenarekin, PSEk ere alde bozkatu baitzuen eta ordezkari bat Biarrizko ekitaldian izan zen. Gipuzkoako surf federazioko presidentea ere lehen lerroan izan zen, baina EHSFko lehendakaria falta zen, egun federazioko buruzagitzan daudenei ez baitie graziarik egiten euskal selekzioen auziak.
Panorama ez da asko aldatu zazpi urtean. Euskal selekzioari lehiatzeko eskubidea ukatzen dioten selekzioetan parte hartzea begi onez ikusten da. Paradoxikoki, gehienek «munduko hiritarrak» eta «apolitikoak» direla diote, baina ondotxo dakigu zer esan nahi duen horrek: Kolonizazioak onartzea, inperialismoa babestea, Ukrainaren eta Israelen alde egitea, menderatuen alde ahotsik ez altxatzea, neoliberalismoa elikatzea eta abar, eta abar.

Surflari ernegatua