NAIZ

Berrikuntzarekin dator erremonteko Buruz Burukoa: iraileko azken larunbatean jokatuko da finala

Chillida Lekun aurkeztu da ostegunean, Martirena-Jabalera neurketarekin, hasiko den txapelketa eta berrikuntza nagusia da ohiko egutegitik bi aste atzeratuko direla partidak. Barrenetxea IV.a, Juanenea eta Ansa II.a, aurreko urteko lehenengo hiru sailkatuak, zain daude jada ligaxkarako.

Buruz Buruko protagonistak, astearte honetan, Chillida Lekun.
Buruz Buruko protagonistak, astearte honetan, Chillida Lekun. (Esti VEINTEMILLAS | ORIAMENDI 2010)

Astearte honetan aurkeztu dute, Chillida Leku museoan, urteko erremonte txapelketa garrantzitsuena: 42. Buruz Buruko Eusko Label Txapelketa. Momentuko erremontari onenak nor baino nor arituko dira txapelketa honetan, irailaren 28ko finalean txapela janzteko asmoarekin. Aurtengo berrikuntza hori da, txapelketaren egutegia bi aste atzeratu dela. Txapelketaren historian finala beti jokatzen zen irailaren bigarren larunbatean, baina aurten irailaren azkenengo larunbatean jokatuko da.

Hala, Barrenetxea IV.a, Juanenea eta Ansa II.a, aurreko urteko lehenengo hiru sailkatuak, zain daude jada.

Aurkezpenean izan diren Chillida Lekuko eta Oriamendi 2010 enpresako ordezkariak, eta kirolariei harrera egiteaz gain, txapelketaren garrantzia nabarmendu du Xabier Gonzalezek: «Urteko txapelketa garrantzitsuena da. Zorionez ez daukagu bajarik, eta onenek jokatuko dute».

Berez, txapelketa uztailaren 16an abiatu zen, lehenengo faseko partidekin, eta Jabalerak eta Martirenak lortu dute ostegun honetan hasiko den aurreligaxkara igarotzea. fase honetan hiru partida jokatuko dira guztira. Martirena eta Jabalera arituko dira buruz buru, hurrengo neurketarako txartela lortzeko. Irabazten duen erremontariak larunbatean, abuztuaren 10ean, jokatuko du partida erabakigarria, Azpirozen kontra. Garaileak Urriza izango du zain, abuztuaren 17an.

Egun hartako norgehiagoka irabazten duenak ligaxka jokatzeko ohorea izango du, aurreko urteko buruz buruko hiru erremontari onenekin batera. Jada zain daude Barrenetxea IV.a, Juanenea eta Ansa II.a, aurreko urteko lehenengo hiru sailkatuak.

Ligaxkak sei jardunaldi izango ditu, pilotari guztiek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta ohiko puntuaketa sistema erabiliko dute sailkapenak egiteko: 30 tantora iristen den erremontariak, hau da, garaileak, 4 puntu batuko ditu; 29tik 27 tantora egiten dituenak 2 puntu jasoko ditu; 26 eta 24 artean geratzen denak puntu bakarra gehituko du; 23 eta 17 tanto artean egiten dituenak ez du punturik batuko; eta 16 baino gutxiago egiten dituenari puntu bat kenduko zaio. Fase honetan azkena geratzen den pilotaria txapelketatik kanpo geratuko da.

Ligaxka abuztuaren 22an hasiko da

Ligaxka abuztuaren 22an hasiko da eta ondorengo jardunaldiak abuztuaren 24an, 29an eta 31n jokatuko dira. Irailerako geratuko dira azken bi jardunaldiak: irailaren 7an eta 14an. Bi erremontarien arteko puntu berdinketa badago, bi pilotari horien arteko partida irabazi duen pilotaria sailkatuko da ondorengo fasera. Hiru edo lau erremontistek berdintzen badute, ordea, tanteo globala hartuko da kontuan. Erremontari batek neurketa bukatu aurretik utziz gero, hurrengo partida jokatu edo ez erabakitzeko eskumena enpresak izango du.

Ligaxkan bigarren eta hirugarren postuan sailkatzen diren bi erremontarien artean finalaurreko partida jokatuko dute, kale edo bale. 30 tantora jokatuko dute finalerdia, irailaren 21ean. Azkenik, irailaren 28an jokatuko dute final handia. Ligaxkako lehenengo sailkatuaren eta finalaurreko neurketa irabazten duen pilotariaren arteko lehia izango da Galarretan.

Aurtengo txapelketan garaikurra mantentzen saiatuko da Ansa II.a, iazko mailari eutsiz. Hala ere, ez du lan erraza izango aurrelari urnietarrak, Juanenearen, Barrenetxea IV.aren eta Urrizaren konpetentziarekin, batik bat.