63 urteko eraikuntzako langile bat hil zen astelehen honetan Berangon, koadro elektriko bat gainera erorita. 2024 honetan 35 langile zendu dira Euskal Herrian lan istripuen ondorioz.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, istripua asteleheneko 15:30ak aldera gertatu zen, biktima Berangon txalet bat eraikitzeko lanetan ari zela.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea istripua zer egoeratan gertatu zen ikertzen ari da.
LAB sindikatuak «elkartasuna eta babesa» helarazi die familia, lagun eta lankideei eta istripuak «ez direla halabeharraren ondorio» azpimarratu. «Lan-baldintza kaskarren eta osasunaren gainetik etekinak lehenesten dituen ekoizpen ereduaren ondorio dira. Horregatik, prebentzio neurrien kausei eta gabeziari buruzko ikerketa zorrotza egitea eta argitzea eskatzen dugu», adierazi du ohar baten bidez.
Eraikuntzaren sektorean bereziki ematen diren istripuak izan ditu hizpide LABek. «Istripu horiek gure ekonomiaren eta lan ereduaren emaitza dira, eta eredu horretan lehentasuna ematen zaio presari, segurtasun, osasun eta prebentzioaren aurretik».
«Patronalak absentismoari buruz egiten duen eztabaida antzuaren aurrean, honen benetako kausetara jo gabe, herri eta lan munduan benetan aldatu behar dena politika publikoak dira, patronala kontrolatzeko eta kontrol, zigor eta ikuskapenak ezartzeko, benetako eredu-aldaketa bati begira, non, behin eta berriz esan dugun bezala, bizitza eta prebentzioa lehentasunezkoak izango diren», gehitu du LABek.
Gertatutakoa salatzeko, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea deitu dute ostegunean (abuztuak 8) Bilbon Ascobi-Biebak duen egoitzaren aurrean, Jesusen Bihotza plazaren ondoran, 11.30ean.