Gernika-Palestina plataformak Israel Premier Tech taldea larunbateko Donostiako Klasikotik kanpo uztea eskatu du, gaur goizean Gipuzkoako hiriburuan egindako agerraldian. Ekimeneko kideek «harriduraz eta suminez» jakin dute Israel-Premier Tech talde israeldarrak Donostiako Klasikoan parte hartuko duela «gure herria munduan proiektatzen duen eta euskal txirrindularitza zaleok gehien maite dugun lasterketetako batean».
Euskal gizarteak, erakunde eta hauen ordezkari, sindikatu eta mobilizatzen ari den gizarte zibilaren bidez, herri palestinarrari babesa agertu diola ekarri dute gogora eta Israel gauzatzen ari den genozidioa gogor gaitzetsi dute: «Palestinarren aurkako okupazio israeldarraren etengabeko sarraskia gelditzea eskatzen dugu, eta genoziodio honekin edozein onespen eta konplizitatea irmoki salatzen dugu».
Israel Premier Tech taldea tropelean aritzea ez dute Palestinan gertatzen ari dena salatzearekin bateragarri ikusten Gernika-Palestinako kideek. «Egoera hau ezin dugu naturaltzat hartu, ezin dugu gure lurraldearen sionismo arrazista eta genozidaren presentziaren normalizazioa onartu».
Instituzioei «jarrera aktiboa» eskatu diete
Honela, protesta deialdi hauei «behar duten garrantzia» emateko eskatu dute, «eremu ezberdinetatik ardura hartu egoera honen aurrean aktiboki eragiteko».
Lehenik eta behin, lasterketa antolakuntzari eta Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteari (UCI) eskatu diete genozidioa eteten ez den bitartean, Israel Premier Tech taldea ez onartzea, hau da, Donostiako Klasikotik kanpo lagatzea.
Bigarrenik, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lakuak, ordezkari politiko instituzional bezala, egoeraren aurrean posizioa eta jarrera aktiboa har dezatela eskatu dute.
Azkenik, «euskal jendarteari zein txirrindularitza zaletuei eskatzen diegu, Euskal Herritik palestinar herriarekiko elkartasuna agertzea errepidetan zehar, gure ikurrei palestinar ikurrak gehituz».
Deialdiak ostiral zein larunbatean
Horregatik, astebururako bi deialdi egin ditu Gernika-Palestinak. Abuztuaren 9an, ostiral honetan, 19:30ean Bulebarreko Kioskotik aterako da martxa ‘Donostiako Klasikoa Palestinarekin; Israel- Premier Tech kanpora!’ lelopean.
Era berean, larunbaterako, lasterketa zeharkatuko dituen herri eta hirietako biztanleei dei egin diete tropela pasatzerakoan beraien ikurrekin batera palestinar banderak astintzeko.