NAIZ

Maria Lizarraga eta Oskarbi Jauregi, baldintzapean aske, 16 eta 23 urte preso eman ondoren

Ia 16 urte preso egon eta gero –2022ko ekainetik 3. graduan–, baldintzapeko askatasuna eskuratu du Maria Lizarraga Burlatako presoak. Aranjuezen zela, Izadi alabarengandik banandu ez zezaten borrokatu zen. Zaldibiako Oskarbi Jauregi baldintzapeko askatasunean utzi dute 23 urte preso pasa ondoren.

Maria Lizarraga, Iñigo Gutierrez eta Izadi txikiarekin batera.
Maria Lizarraga, Iñigo Gutierrez eta Izadi txikiarekin batera. (NAIZ)

Espetxe Zaintzako epailearen ebazpenen bitartez, baldintzapean aske geratu dira bi preso: Burlatako Maria Lizarraga eta Zaldibiko Oskarbi Jauregi.

Maria Lizarraga Merino Burlatako bizilagunak ia 16 urte zeramatzan preso eta 2022ko ekainean 3. gradura pasa zutenetik baliabide telematikoen bidez bete du zigorra, Etxeratek zehaztu duenez.

Kartzelan eman zuen azken etapa Iñigo Gutierrez algortarrarekin espetxean izan zuen Izadi alabarengandik banandu ez zezaten egindako borrokak markatu zuen.

Biak Madrilgo Aranjuezeko familia-moduluan egon ziren, 2022ko urtarrilean Zaballara eraman zituzten arte. Mugimendu hori Izadi txikiak hiru urte bete eta gutxira gertatu zen.

Lekualdaketa hori iragarri zen egun berean, 2021eko abenduaren 30ean, jakitera eman zen Gutierrezi aho batez eman zitzaiola hirugarren gradua, eta horrek bermatuko luke alaba aitarekin egon zitekeela gutxienez, kartzelatik atera eta amarengandik urruntzera behartzen zutenean.

Hala ere, kasuaren krudeltasuna agerian geratu zen berriz aste gutxi batzuen buruan, otsailaren erdialdean espetxera itzultzera behartu baitzuten Gutierrez, Auzitegi Nazional espainolak hirugarren gradu hori ezeztatuta, presoak «barkamena» eskatu ez zuela argudiatuz. Hilabete gutxi batzuk baino ez zitzaizkion falta orduan uztailean zigorra guztiz agortu arte.

‘Izadi. Espetxean jaiotako atzera kontaketa’ dokumentalak jasotzen ditu auzi honen gorabeherak. NAIZen ikusgai dago.

2008ko irailean atxilotu zuten Lizarraga.

Oskarbi Jauregi, 23 urte preso

Oskarbi Jauregi Amundarain Zaldibiako preso politikoa baldintzapeko askatasunean geratu da Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpenaren bidez. 23 urte zeramatzan preso, Etxeraten arabera.  

2023ko abenduan hirugarren graduan jarri zuten eta 2024ko martxotik baliabide telematikoen bidez bete du bere zigorra.