Abenduko santua bada ere, Algortako Portu Zaharrean abuztuan ospatzen dituzte San Nikolasen omenezko jaiak; eta txupinazo bakarrarekin beharrean, birekin ekingo diete ostiralean, hilak 9. Eguerdian, haurrek piztuko dute, eta Ku-Klux fanfarriak lagunduta, jaitsiera egingo dute; arratsaldean, berriz, helduen txanda izango da. Iazko irabazle Potro Handi kuadrilla buru, Txo Jai Batzordeko txosnara eramango dute, eta gauean irakurriko duten pregoiarekin abiada hartuko dute festek.
Kirolak tarte nabarmena du lau eguneko egitarauan, dela lehiaketa, erakustaldi edo tailerretan: boxeoa, errugbia, hockeya, arrauna, tenisa, arrantza, skatea, kukaina edota jauzi lehiaketa. Musika beste ezinbesteko osagai bat da. Bai Portu Zaharreko plazan, bai agertoki handian emanaldiak egingo dituzte. Lehenengoan, La Tropa eta Easy Ironing ariko dira, bigarrenean, aldiz, 4 Villans, Nonbait erromeria, Euskoprincess eta Drag Party, Eire eta Urrats.
Astearte goizaldean, hilak 13, Txoa erreta, azken trakarekin amaituko dira festak; baina aipatutakoaz gain, beste zereginik izango da lau egunotan: sardina jatea, buruhandi eta txistularien jaitsierak, marmitako lehiaketa, haur zinema, zezensuzkoa...
Algortako Portu Zaharreko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Cross Cafeteria, Iñaki bitxitegia, Gaurko Modas, Helados Aberasturi, Salsidu taberna
Haiek amaitzerako, Ondarroan hasiak izango dituzte andramaixak. Igandetik larunbatera, hilaren 11tik 17ra, doa ekimen zerrenda, baina asteburuan ere jarduerak aurrera eramango dituzte. Hala, ostiralean, hilak 9, txupinazoaz gain, Bixi jaialdiak goizetik iluntzera Kafeatzea hartuko du; hilaren 10ean, aldiz, traineru estropadak eta kontzertuak antolatu dituzte.
Egun bakoitzak ezaugarritzen duen izena du, gai edo talde bati bideratutako ekimenak multzokatuz. Santa Klara eguna jubilatuena da, luntxa eta dantzaldia izango dituzte; Txintxirrika eguna, berriz, haurrena, txokolate janaz, ikuskizunaz edo buruhandiez gozatuko dute. Gazte egunean Turubiren jaitsiera, bazkaria eta jokoak aurrera eramango dituzte; Amnistia Egunean, aldiz, manifestazioa eta elkartasun bazkaria dira nabarmentzekoak. Andra Mari egunean, herriari aurreskua dantzatu eta su artifizialak botako dituzte, besteak beste. Kuadrillen egunean elkarrekin bazkalduko dute lagun taldeek eta Arrantzale egunean, kukaina eta festa amaieraren gehiena beteko duen musika dira nagusi, bai Musika plazan bai txosnetan.
Andra Mari egunaren bezperako gauean, ikurrinaren igoera eta omenduak diren Portuko andreei gorazarrea egingo diete; urtetan arraina zamatu, sailkatu eta txukun prestatzen egindako lana aitortzeko eta bistaratzeko xedez.
Ondarroako jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Ateun, Ondarroako Udala, Zubi Zahar Ikastola, Korpion, Anaitasuna Taberna, Conservas Ortiz, Zabala Mekaniko Tailerra, Jai Braian
Larrabetzun ere prest dute dena. Astelehenetik asteburura, hilaren 12tik 16ra, luzatuko dira festak, nahiz eta suziria haien erdian, asteazkenean, botako duten. Herriko txistularien arduratuko dira Akarmari, Akarmari, Paskuala, Matxin, Jesusa eta Akarbaltzek lagunduta. Aurreko bi egunetan, futbol txapelketa, Kantuz Kantu jaialdia eta talentu lehiaketa dituzte aukeran herritarrek.
Festetako lehen gaua diskodantzarekin hasi eta Bide Batez taldeak girotutako erromeriarekin jarraituko dute. Biharamunean ere, Andra Mari egunean, dantza izango da protagonista: Bizkargi Dantza Taldearen erakustaldia, karrozen desfilea eta emanaldia, eta dantza lehiaketa. Hori nahikoa ez balitz, gau luzean, J Martinak eta DJ Pary&Tizak oinak eta gorputza mugitzeko erritmoa jarriko dute.
Azken egunean pilatuko dira ekimenetako asko: sukalki lehiaketa, giza futbolina, haur jolasak, poteo rallya. Jai Batzordearen 20. urteurrena ospatzeko, Lekittoko Deabruak & Ball de Diables de Vilafrancak gaua piztuko dute Correfoc ikuskizunarekin. Horiei lekukoa hartuko die Trikidantzek, jaien amaierako pijama pasarela eta patata tortilla lehiaketaren aurretik.
Larrabetzuko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Foteri taberna, Irusta taberna, Etorki taberna, Aretxabala Herrikoa, Gazteleku taberna, Sarrikola
Andramariak eta sanrokeak dira Gernikan abuztuko huts egin ezinezko hitzordua. Hilaren 14tik 18ra helduko dira urtebetez irrikatutako egunak, baina asteburuan, Lurgorri auzoko sanlorentzoek arinduko dute itxaronaldiaren azken txanpa. Betiko osagaiekin datoz, ezinbesteko ekitaldi tradizionalez josiak, tartean, kontzertuak, goitibeherak edo sukalki lehiaketa.
Bezperadan, hilak 14, 50 urteko ibilbidea ospatzen ari diren Goizalde Mendi Taldeko eta Allende Salazar Herri Ikastetxeko ordezkariek irakurriko dute pregoia. Jarraian, jaitsiera hasiko dute kuadrillek eta kalejira, erraldoi eta buruhandiek. Bi egun handiak helduko dira ondoren. Andra Mari egunean, euskal kanten kalejira, goitibeherak edota bertso saioa izango dituzte aukeran festazaleek; San Roke egunean, aldiz, Gernikako Garrafie eta txistorra dastaketa, sukalki lehiaketa edo Valecea Pirotecniak botatako su artifizialak. San Roketxu eguneko, hilak 17, mozorro desfilerako Txosna Batzordeak Urdaibaiko fauna eta flora proposatu die gai gisa. Gau luzean beste hitzordu esanguratsu bat dute parrandazaleek: kulero, faja, tanga eta kaltzontzilo lasterketa. Eta hala hasiko dute San Roke Txutxu, jaien azken eguna.
Bertako nahiz Euskal Herriko taldeek musikaz beteko dituzte gauero Pasealeku eta San Juan Ibarrako agertokiak. Etxean joko dute Mikosis eta Zazpizar taldeek, eta π L. T edota Zea Maysek ziur askoren jakin-mina piztuko dutela.
Gernikako jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Arrano, Gondra Aseguruak, Auzokoa Taberna, Duka Moda, Argia Optika, Alkar Kirolak
Iguarrakoren hegaldiak hedatuko du jai giroa Amurrion
Bizkaitik kanpo baina gertu, Amurrion ere bi santu festazale dituzte: Andra Maria eta San Roke. Hilaren 12tik 17ra bitartean, adin guztietakoen gozagarri, ehundik gora zeregin prestatu dituzte: musika, antzerkia, kirola, karroza lehiaketa, txapelketa gastronomikoak… Astelehenean, hilak 12, Raisa Alava ilustratzailearen pregoiak eta ordubete geroago helduko den Iguarrako antzinako txoriak zabalduko dute parranda hasi dela. Horien aurretik, hala ere, asteburuan beroketa egiteko aukera izango dute amurriotarrek paella eta marmitako txapelketa, txosnen irekiera eta lehen kontzertuak egingo baitituzte.
Aurtengo berritasunetako bat Euskal Kopako goitibehera jaitsiera eta kuadrillen arteko lehen kopa dira. Egutegi ofizialeko probaz gain, kuadrilla bakoitzeko bi kidek parte hartuko dute azkarrena nor den erabakitzeko. Asteazkenean, hilak 14, izango da, eta hurrengo egunak beste nobedadeetako bat ekarriko du: erraldoien topaketa. Hamasei bikote batuko dira, eguerdia eta bazkaria aurreko poteoa girotzeko. Egun berean, txosnagunean jokatuko duten Babiora igoera oxigenorik gabe proba ezagunean, lehenengoz, haurrek parte hartu ahal izango dute. Erronka altueran jarritako arnesa soinean, ahalik eta garagardo kutxa gehien pilatzea da. Azken berritasuna, amaierako eguneko, hilak 17, enduro motor erakustaldi eta lehiaketa da. Gainera, kale antzerki eskaintza Mendiko, Lucas Rey eta Félix Murga kaleen arteko plazara lekualdatu dute, eta aniztasun funtzionalari erreparatuta, barraketan egunero ordubetez ez da ez argirik ez musikarik egongo.
Musika eskaintzaren barruan, hirugarren urtez, jende gehien espero duten zuzenekoetan, Oxabi, Puro Relajo eta ETS, elkartasun txosna bat jarriko dute. Hiru gau horietan bildutako dirua Ugao-Miravalleseko Hodeilargi elkarteari emango diote, osabiderik ez duen Batten gaitz arraroa dutenei laguntzeko.
Amurrioko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Amurrioko Udala, Restaurante Bideko