NAIZ

Trenbidearen beste aldean, giroa etengabea da Gasteizko Txosnetan

Abuztuaren 3ko iluntzetik giro berezia bizi du Gasteizko San Kristobal auzoak. Egun horretan ireki zituzten txosnak, Zeledonen jaitsiera baino egun bat lehenago, larunbata zela aprobetxatuz. Kontzertuek, afaltzeko aukerak edo bestelako kultura ekintzek adin guztietakoak elkartzen ditu egunean zehar.

Iluntzetik, Gasteizko txosnak jendez beteta egoten dira.
Iluntzetik, Gasteizko txosnak jendez beteta egoten dira. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Urtero, abuztuaren 4tik 9ra arteko egunetan Gasteiz jendez lepo dago, goiz-goizetik, gaupasa egiten dutenak eta goiz esnatzen direnak elkartzen diren ordutik. Bereziki alde zaharrean eta hiriaren erdigunean antolatzen dira ekintza gehienak, beste auzoetan jendea desagertu dela dirudien bitartean.

Hala ere, tren geltokitik trenbideak gurutzatuta jai-giroak eta jendetzak jarraitzen du, txosnetan. San Kristobal auzoa ezagutezina da egun hauetan, urtean zehar Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko kanpusa hartzen duen auzo lasaia da eta. Batzuetan zaila egiten da kaleak ezagutzea ere.

Jaietako azken txanpan murgilduta bagaude ere, joan den larunbatetik egon dira irekita txosnak, aurreko asteetan Ticket Bai sistema ezartzeko behartuta zeudela salatu ondoren, irabazi asmorik gabeko taldeak direla argudiatuta.

Eguerditik ekintzak antolatu dituzte, baina afalorduan hasten da jendea bertan elkartzen, ogitarteko bila. Horren ostean, Foru Plazan gauero antolatzen diren ohiko kontzertuak jende asko erakartzen badu, txosnagunea hustuago gelditzen da.

Baina San Kristobal auzoko txoko honetan ere egitaraua oparoa denez, kontzertuak hasten direnetik egunsentira arte da txosnak jendez gainezka egoten diren tartea, badagoelako gustu musika eta giro aniztasuna ere. Eszenatoki nagusiko kontzertuak amaitzen direnean, gaueko ordu biak aldera, Entxosnatu Karpan elkartzen da jendetza, nerabeak eta dagoeneko hain gazteak ez direnak ere. DJ-ren baten emanaldi bat ez bada hasi, musika etengabe jotzen du.

Momentu horretako benetako erronka barran zerbait eskatzea lortzea da, eta batzuetan gerturatzea ere ezinezkoa da. Itxarotea aspergarria bada, hamar txosnetako beste batean frogatzeko aukera dago, beti ere itxaropen gutxirekin. Abarketan sartuta orduak daramatzaten oinek jasaten badute, txosna bakoitzean eta txoko guztietan musika mota ia guztietako erritmora dantzatu daiteke ere.

Horrela, badira ia konturatu gabe eguzkia irteten ikustea lortzen dutenak eta kontzertuen ondoren desagertzen direnak. Hala ere, egunez egun eta nekea gorabehera, txosnetan ez dago etenik. Asteazkenean Bengok, Roba Estesak, Zilibito Recordsek eta Buhosek girotu zuten, besteak beste. Ostegunean, Nakar-ek, Tatta & Densoren eta Benizzeren txanda izango da, jai-giroa ez da faltako eta.