Lurra, airea eta ura. Aste Nagusiaren parte diren 376 jarduerek hiru elementuak baliatuko dituzte. Gehienek, oinak altxatu gabe, hiriko kaleak eta hogeita hamar bat gune beteko dituzte; baina batzuk lepoa gora, zerura begira, jarraitu beharrekoak dira edo aireak hedatutakoak, eta beste batzuk, aldiz, ur gainean edo barruan jai giroz blaitzen dutenak. Azken osagaia, sua, artilleroak jarriko du Alderdi Ederreko kanoikadarekin festa lehertu dadin.
Udaletxeko terrazan larunbatean, hilak 10, 19:00etan bilduko direnen artean, Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariak dira gonbidatu bereziak. Ekitaldiaren protagonista aukeratu dituzte osatu duten denboraldi "ikusgarria" aintzatesteko, izan ere, Liga, Kopa eta Superkopa eskuratu baitituzte. Tradizioari jarraituz, omenduek beraien ahotsa batuko diete udal ordezkarienei, eztandaren aurreko Artilleroa abestuz.
Une horretan ofizialki hasiko dira zereginez beteriko zortzi egun eta gau. Egitarauak ohiko eskemari eutsi dio beste behin Aste Nagusiak, bere nortasun ikurrak eta erakargarri nagusiak mantenduta: Erraldoiak eta buruhandiak, su artifizialak, dantza ikuskizunak, herri kirolak –Aizkolaritzako Urrezko Kopa, Igeldoko Harria eta Uliako Harria–, herritarrei parte hartzeko dei egingo dien Festara Amara, Antigua eta Parte Zaharrean, txistularien alarde tradizionala...
Urumearen altxorrak
Nahiz eta jada klasiko bilakatuak gorde, zenbait berritasun ere badakartza aurtengoak. Urumeak garrantzia hartuko du aurtengo egitarauan. Ibaia hobeto ezagutzeko xedez, kanoaz egindako bost bisita gidatu antolatu dituzte. Igandetik ostegunera, hilaren 11tik 15era, egunero, 30 laguneko talde bat bere uretan ibiliko da eta, Arrauning-en eskutik, ezkutatzen dituen altxorren berri izango du bertatik bertara. Horrez gain, 1980ko hamarkadan jokatutako Optimist klaseko bela arraunketa lehiatuko dute, azkenekoz jokatu zutenetik ia 40 urte igaro direnean. Donostiako Klub Nautikoak antolatuta, 10 eta 13 urte arteko 20 estropalarik parte hartuko dute. Eta urarekin jarraituz, Kursaaleko goiko terrazan, txirrista erraldoiarekin batera, 3 eta 14 urtekoentzako ur-puzgarriak jarriko dituzte, asteazkeneik ostiralera, hilaren 14tik 16ra.
Kursaaleko terrazetako eskaintzan ere berritu dute. Gazteei bideratutako gunea izaten jarraituko du, baina ez da DJ emanaldietara mugatuko. Halako bi saioz gain, beste hainbeste berbena, eta reggae, pop-rok eta rap-reggae gau bana aurrera eramango dituzte; denak bertako artisten eskutik. Era berean, musika elektronikoa ardatz duen Dant-tz Point jaialdia Urgulletik Miramar Jauregiaren lorategira lekualdatu dute eta ordutegi zabalagoa izango du aurten. Asteazkenean, hilak 14, 12:00etatik 22:30era.
Kokaleku berria dute ere haurrentzako barrakek. Koldo Mitxelena Kulturuneko birmoldaketa lanak direla eta, Gipuzkoa plazan jarriko dituzte. Pasealeku Berriko barrakek, berriz, Beldur Barik kanpainarekin bat eginez, berdintasun eta errespetu helburuekin bat egiten duten musika jarriko dute, eta zenbait egunetan bi orduz itzaliko, autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonek ere gozatzek aukera izan dezaten.
Su artean, lehia
Lehiaketa gastronomikoek ez dute inoiz hutsik egiten, eta sukaldaritza zaleek aukera berri bat dute beraien trebetasuna erakusteko. Paella, legatza saltsa berdean, marmitakoa eta etxekoekin sukaldean lehiaketei, begihandia bere tintan gehitu diete. Ostiralean, hilak 16, Aitzol parkean (Amara) aurrera eramango dute. Halako jarduerek pizten duten interesaren erakusgarri da jai egitaraua aurkeztu zutenerako bost jardueretan parte hartzeko leku guztiak beteak zirela.
Askori su artean aritzea gustatzen bazaie, bestelako su batzuek badiako zerua marrazten ikustearen zaleak ere ez dira gutxi. Gauero izango dute aukera, eta azken urteetako ildotik, jaien amaierakoa berezia izango da. Portugalgo Oleirense su etxea arduratuko da ikuskizun piromusikalaz, eta film ezagunen musikak lagunduta botako du bere bilduma, tartean, hiru euskal konpositoreren lanak entzungo dira: Alberto Iglesiasen Los vestidos desgarrados, Javi Pezen Aupa Etxebeste! eta Korrontziren Maltzeta.
Emanaldi horren aurretik, ordea, beste egiteko asko dituzte donostiarrek. Eta musikarik gabeko festarik ez denez, eskaintza zabala eta askotarikoa du Aste Nagusiak. Kontzertu nagusien eszenarioa, ohi bezala, Sagües izango da eta agertoki horretan ariko dira Amparanoia & Artistas del Gremio, Esne Beltza, Ben Yart, Kiliki Frexko & Brava Showcase, Nil Moliner, Totally Tina!, Nøgen, Los Zigarros eta La La Love You. Easo plaza, gauero dantzarako lekua izango da orkestren emanaldiekin; eta astelehen, asteazken, eta ostiral eguerdian, berriz, bertso saioen plaza. Boulevardeko kioskoak ere bi ildo ditu: arratsaldetan, musika bandek girotuko dute gunea, gauetan, bestelako doinuak izango dira, hala nola, pop, mariatxi edota filmetako musika. Horrez gain, Antiguako Alfonso XIII plazara bertaratzen direnek Laket, astelehenean, eta Trouble Woman, ostegunean, entzuteko aukera izango dute; Amarako Aitzol plazan, aldiz, Bengoa DJk dantzarako erritmoa jarriko du ostiralean. Hori gutxi balitz, batukadak, txarangak eta txistulariak ere hiriko kaleetan barrena ibiliko dira festa giroa zabaltzen.
Jai euskaldun eta euskaltzalea, piraten iparrorratz
Badator Aste Nagusi Pirata ere. 22. urtez, bestelako jai eredu baten aldeko egitarau oparoa antolatu dute Donostiako Piratek, eta Alderdi Ederretik ez oso urruti, Kaian, hasiko dute larunbatean, hilak 10, suziria botata. Kofradiek elkarrekin bazkaldu ondoren, Pasai Txarangak lagunduta eta Festa ipar, kalejira egingo dute giroa berotu eta herritarrak erakartzeko. Moilaberrin, 19:00etan, Ezkila Kapitainari eta Mattiri ongietorria egingo diete eta La Flamenka guneko gotorlekura joango dira, festen metxa piztera.
Piraten buruaren laguntzailea mugimenduaren baloreekin bat egiten duen lanen batean diharduen eragile batek ordezkatzen du, hura goraipatzeko. Aurten, ohore hori eta piraten "aitortza publiko eta zintzoa" jasoko du herritik eta herriarentzat sortutako Kaleko Afari Solidarioak, Donostian baliabiderik ez duten pertsonei afariak prestatzeko eta banatzeko elkartutako boluntario taldea. "Gurean bezala, eraldaketa baten aldeko borrokak, herritarren premiak erdigunean jartzeko nahiak, eta noski, auzolanak egiten dute posible haien jarduna", azaldu zuten mugimenduko kideek egitarauaren aurkezpenean.
Une horretatik aurrera, ekimenez beteriko egunak eta gauak etorriko dira. Bertso saioak, kuadrillen arteko jolasak, karaokea, danborrada pirata, artisau azoka... Ikur nagusia den abordatzea, astelehenean, hilak 12, aurrera eramango dute. Haurrek ere izango dute pirata sentitzeko aukera, ostiralean, hilak 16, abordatze txikia egingo baitute; baina, horrez gain, beraientzat bereziki antolatutako beste jarduera batzuk ere antolatu dituzte, esaterako, ur jolasak edo hockey tailerra.
Azken su artifiziala itzaltzearekin batera, musikak piztuko ditu La Flamenkako eta Trinitate plazako eszenarioak. Lehentasuna tokiko musikariei emanez, egitarau "euskaldun eta feminista" ondu dute. Jaien bihotzean ariko dira, besteak beste: Akerbeltz, Bele, Tremenda Jauria, Albina Stardust eta Divina Comedia, Bulego, Burutik, Pelax edota Sara Socas. Kaitik kanpoko plaza, berriz, eskaintza txikiagoen zale direnen gunea da: Rukula, Andoni Oilokiegi, La Jodedera, Eraul edota Rüdinger eta Vincent Bestave.
Mugimenduaren izaera aldarrikatzaileari adibide, euskalgintzaren aurkako oldarraldia gogoan, Jalgi belak mastara eta euskara plazara! leloaren bidez, piratena "euskararen plaza dela" eta "festa euskalduna eta euskaltzalea" izango dela berretsi dute. Bestalde, aurreko urteetako lanean sakonduta, Piraten Lantalde Feministak erasoak salatzeko puntu more bat jarriko du eta pairatu duenari laguntza emango diote Udalak Boulevardean jarriko duen artatze gunera joateko. Jaietan ere erasorik gabeko festa eta hiria nahi badute ere, zoritxarrez erasoak egongo direla uste dutenez, horiek salatzeko elkarretaratzea deitu dute jaien azken larunbatean, hilak 17, 20:00etan, La Flamenkan. Horrez gain, hilaren 12an, jai gunea hartuko dute feministek. "Ertzetan kokatzen garen disidenteok jaiaz goza dezagun", zenbait ekintza prestatu dituzte, besteak beste, bazkari disidentea edo kalejira transfeminista.
Donostiako jaien erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Donostiako Udala, Enbata, Bikabi artekaritza, Apal estudioa, Juantxo Taberna, Casa Urola, Danena talleres mecánicos, Ganbara jatetxea, Trikuharri jatetxea