Nafarroako Gobernuako Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintza eta Euskara departamentuak eta Baztango Udalak ikerketa bat bultzatuko dute, mugaz gaindiko diru sozial baten bideragarritasuna ebaluatzeko. Horixe da, hain zuzen ere, Ana Ollo bigarren lehendakariordeak eta Fernando Anbustegi Baztango alkateak sinatutako hitzarmenaren helburua.
Hitzarmen horrek 30.000 euroko zenbatekoa eta urtebeteko iraupena du, eta Pirinioetako mugako bi eragileekin batera aztertuko du Europan mugaz gaindikoa den gizarte-moneta berri baten bideragarritasuna.
Hitzarmenean jaso dute tokiko ekonomia indartzeko baliagarria izan dela beste hainbat esperientzia kontutan hartuz: «ez dute inoiz ordezten diru ofiziala, baina ordeztu gabe, gai dira eragin hirukoitza sortzeko: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa, azken batean, herritarren inplikazioaren, enpresen parte-hartzearen eta gizarte- eta ingurumen-izaerako zerbitzuen hornidura-mailaren mende egongo dena».
Lurraldeko ekonomia indartzeaz gain, hurbileko produktuen kontsumo handiagoa bultzatzen dutela tokian tokiko moneta sozialek adierazi dute, eta tokiko enpresen arteko merkataritza-harremanak sendotzeko baliagarriak direla, «gizarte-kohesio handiagoa sortuz».
Bi fasetako prozesua
Hitzarmenaren funtsa moneta sozial hori bideragarria den aztertzea da, eta Baztango Udalaren ardura izango da ikerketaren ondorioak aztertu ostean diseinatutako moneta sozial hori martxan jarri edo ez erabakitzea.
Bi fase izango ditu ikerketak. Lehenengoan, moneta osagarri bat izateko zein baldintza bete beharko lituzkeen aztertuko da, Baztango baldintza partikularrei erreparatuta. Eta bigarren zatian dinamizazio prozesua egingo da, «ekimena gizarteratzeko, eta garrantzitsuena, Baztango eragile soziekonomikoen erantzuna ezagutzeko».
2013an Ipar Euskal Herrian sortu zen «Eusko» moneta hartu dute adibidetzat proiektu honen zirriborrorako, izan ere, gaur egun Europako moneta osagarrietan garrantzitsuena dela nabarmendu dute hitzarmenaren aurkezpenean.