Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Juan Luis Goenaga margolaria hil da 74 urterekin

Juan Luis Goenagak azken hatsa eman du Madrilen. 74 urte zituen. Ume zela ekin zion margotzeari eta sormenari emana bizi izan zen, urterik gehienetan Alkizako baserrian zuen estudioan.

Juan Luis Goenaga, 2022ko abenduan.
Juan Luis Goenaga, 2022ko abenduan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Juan Luis Goenaga margolariaren heriotzaren berri izan dugu astearte honetan. Madrilen gertatu da, bertan bizi zen azken urteotan.

Arteak bizi zuen Goenaga (Donostia, 1950). Umetan hartu zituen pintzelak eta espresionismo abstraktuaren estiloari heldu zitzaion. Juan Luis Goenagaren pinturak «joera espresionista du, eta figurazioaren eta abstrakzioaren uren artean nabigatzen du. Bi lan-bide dira, eta haien muga hari fin bat da, ia hautemanezina», Mikel Lertxundiren esanetan.

Arte aditu eta komisarioa izan zen 2018an Goenaga ardatz hartuta argitalpen monografikoa idatzi zuena, estrainekoz. 1968tik egindako sorkuntzari jarri zion fokua bertan.  Bolumen zabal horretan, hasieratik islatuta geratu ziren euskal lurrari, orografiari eta klimari atxikitako serieak.

Naturak, giro urbanoak, intimotasunak... eragina izan zuten bere obratan, garai bakoitzean emandako garapenean.   Nabaria zen baita arkeología, historia eta  geologiarekiko bere interesa.  

Gaztea zela, Euskal Herritik kanpo, Europako museoak izan zituen inspirazio iturri Goenagak. Bartzelonan, Massana Eskola Librean, grabatuaren eta harrizko tailuaren teknikak ikasi zituen.

Alkizan

1970. urtean, Donostiara itzuli eta Alkizako baserri bat egin zuen bizileku. Zurez eskulturak lantzen hasi zen. Kolore ilunez, beltzez eta marroiz margotuak. Antzinako euskal landa-izaerako munduaren eta naturaren sustraietara itzuli nahi zuen. Euskal mitologiak, belarrek, hari-matazek, sustraiek... presentzia zuten bere artegintzan.

Donostiara bueltan, hiria nabamenduko da bere mihisetan. Argazkigintzarekin, 1970etik aurrera lan handia egin zuen, eta pixkanaka pintura gailendu zen bere jardueran.  1970eko hamarkadan paleta aldatu zuen, kolore biziei tarte eginez.

1985ean Donostiako Udalak antolatutako Bi Urteko Arte Lehiaketan irabazi zuen Jose Luis Zumetarekin batera, eta urte askoan irauen duen elkarlanari ekin zion Donostiako Altxerri galeriarekin 1991n. 1985etik aurrera maiz joan zen Bartzelona, Madril eta Parisera. 1990eko hamarraldian harri, lur, paisaia eta animaliei buruzko marrazkiak sortu zituen.

Bilaketa

Jakinminak hizkuntza artistiko anitzak jorratzera eraman zuen. Hitz gutxikoa zen artista. Ez zen elkarrizketak eman zalea. Esanez adierazi ezin zuena mihise gainera eramaten zuen. Dantzatzearekin parekatzen zuen margotzea. Erritmoa eta energia behar dira, bizitasuna, mugimendua, zioen.

2020an, aurreko atzerabegirakoa eskaini zitzaionetik 25 urte urte paseak zirenean, margolariaren bost hamarkadako ibilbideari begira jarri zen Kubo Kutxa.

Koadroak pentsatu ez, pintzelkadek aurrera egin ahala «sortzen» direla zioen. Horiek  obra berean metatu egin daitezke «geruzak eta geruzak» sortuz, batzuetan behin eta berriz itzultzen baitzen obra hartara. Egileak berak aitortu zuen koadroak «eskuetatik kendu» behar zitzaizkiola, hain zen zaila beretzat bukatutzat ematea.

Aurrez egindako geruzetan sortzen jarraitzeko moduak intrigatzen zuen eta bi hori ikertzen eman zituen urteak. «Zenbat eta geruza gehiago gehitu, orduan eta gehiago gozatzen duzu. Gerturatzen zara eta bere sakontasunaz ohartzen zara. Eta hori gozamena da», esan zuen atzerabegirakoaren aurkezpen ekitaldian.

2022ko abenduan Xabier Saenz de Gorbea Saria jaso zuen eta elkarrizketa eskaini zion NAIZi. «Margotzea behar fisiko bat da niretzat, jakia baino inportanteagoa agian», adierazi zuen.