NAIZ

2.300 elkartasun zapi konpartsei, Palestinaren aldeko aldarria festetan ere presente egon dadin

Larunbatean hasiko den Bilboko Aste Nagusian ere Palestinaren aldeko aldarria presente egon dadin, 2.300 zapi eman dizkiete konpartsei.

Konpartsakideak, Palestinaren aldeko zapiarekin.
Konpartsakideak, Palestinaren aldeko zapiarekin. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gasteizko blusek eta neskek, Gernika-Palestina herri ekimenarekin elkarlanean, Palestinaren aldeko elkartasun zapia atera zuten Arabako hiriburuko festetan eta, ordutik, udan zehar Euskal Herri luze-zabaleko beste hainbat puntutara hedatu da, Aturritik Ebroraino.

Ohar bidez Bilbo-Palestina ekimenak azaldu duenez, dei horri erantzunez, Bizkaiko hiriburuko Aste Nagusian ere keinu hori egiteko gonbidea egin zieten konpartsei. Proposamenak harrera «oso ona» izan duela nabarmendu dute eta, ondorioz, 2.300 zapi atera dituzte eta asteazken honetan, festen atarian, konpartsei eman dizkiete.

«Gu jaietan gauden bitartea, ezin dugu ahaztu palestinarrak genozidio ikaragarria pairatzen ari direla Israelen aldetik», gogoratu dute eta, hortaz, azpimarratu dute «urte osoan bezala», Aste Nagusian ere elkartasuna adierazi nahi diotela Palestinari.

Zapiaren ekimen honek erakusten du, plataformaren esanetan, «Bilbo Palestinaren alde eta genozidio sionistaren kontra dagoela». «Berriz ere, –jarraitu dute– instituzio gehienen eta Bilboko Udalaren jarrera epelaren aurrean, herritarrok kalean erakusten ari gara Palestinarekiko elkartasun aktibo eta irmoa».

Ildo horretan, Palestinaren aldeko mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei, uste baitute «boikotarekin batera» hori delako «herritarrok sarraski hau geldiarazteko daukagun tresna nagusietako bat».

Hitzordu horietako bat, esaterako, ostiral honetan bertan izango da, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deituta, manifestazioa antolatu baitute. Arratsaldeko 19.00etan abiatuko da Eliptika plazatik.