Carazo eta Zabala: Arraunak egin zuen lotura, orain jarraipena du txirrindularitzan

11 urterekin hasi ziren arraunean Santurtzin Jon Carazo eta Ander Zabala. 2012an Espainiako Txapelketa irabazi zuten biko aulki mugikorrean. Aurten txirrindularitzara egin dute salto. Carazo LIDL Trekeko sukaldaria da, eta Zabala Laboral Kutxa eta Euskaltel Euskadiko prestatzaile fisikoa.

Jon Carazo LIDL Trek taldeko sukaldaria, Italiako Giroan, taldeko ziklista guztiekin.
Jon Carazo LIDL Trek taldeko sukaldaria, Italiako Giroan, taldeko ziklista guztiekin. (LIDL Trek)

Arraunak batu zituen 11 urterekin Jon Carazo (Barakaldo, 1990) eta Ander Zabala (Santurtzi, 1992), eta denbora luzez bertan aritu ondoren, orain txirrindularitzako talde teknikoetan lan egiten dute. Ziklisten pedal kolpea hobetu nahian, nork bere egitekoa du. Zabala Laboral Kutxako eta Euskaltel Euskadiko prestatzaile fisikoa da, baita Urdaibaikoa ere, eta Carazo LIDL Trek taldeko sukaldaria da. Azken hori Italiako Giroan egon berri da, besteak beste, Elisa Longo Borghini LIDL Trek taldeko ziklistarekin, zeinak Giroa irabazi duen. Orain, Tourrean dabil buru-belarri.

Udan pilatzen dira txirrindularitzako lehiaketarik garrantzitsuenak, eta zer esanik ez arraunean. Zabalari eta Carazori ezinezkoa egin zaie biak uztartzea, eta nahitaez arrauna utzi behar izan dute.

11 urterekin hasi ziren arraunean Santurtziko Arraun Elkartean. Carazo kirol zalea zen, eta Santurtziren ondoan bizi zenez, arraunean hasi zen. Zabalari, aldiz, familiatik datorkio zaletasuna. German Barquin da haren birraitona, Zierbenan Espainiako Txapelketa irabazi zuen lehen traineruko patroia, eta haren aitak, Ignazio Zabalak, Kontxako Bandera bat du irabazia Kaikurekin.

Aulki mugikorrean eta finkoan aritzen ziren. Senior mailara arte, ez zuten batera arraun egin, Carazo bi urte helduagoa baita. 18 urte zituztela, aulki mugikorraren aldeko apustua egin, eta Espainiako Txapelketetan lehiatzen hasi ziren. Hala, 2012an Espainiako Txapelketa irabazi zuten Carazok eta Zabalak biko aulki mugikorrean. Orduan, “Sotera”-n zeuden biak, baina klubarekin izan zituzten arazo batzuk tarteko, —klubekoek trainerua egitea nahi zutela, eta Carazok eta Zabalak ez—, Oriora aldatu ziren. Bertan bai, aulki mugikorrean jarduteko aukera izan zuten.

Zabala: «Joan-etorri ibiltzen nintzen, hiru aste Sevillan, eta bat etxean. Horrela, ikasketak amaitu arte»

Orduan, 18 urterekin, Carazo Sevillara joan zen bizitzera, bertan kontzentratzen baitziren Espainiako selekzioarekin. Hamar urte egin zituen Andaluzian. Zabala, berriz, Euskal Herria eta Sevilla tartekatzen zituen, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten ari zelako Gasteizen: «Joan-etorri ibiltzen nintzen, hiru aste Sevillan, eta bat etxean. Horrela, ikasketak amaitu arte». Zabala 2014an joan zen Sevillara bizitzera, Carazorekin batera. Ez ziren batera aritzen, Zabala pisu arinean lehiatzen zelako, eta Carazo pisu librean.

Barakaldarrak azaldu du Munduko, Europako eta Espainiako Txapelketak jokatzen zituela, eta Espainiako Txapelketako aulki mugikorreko modalitate guztietan urrea lortu duela —zortzikoan, laukoan eta banakakoan—, binakakoan izan ezik. Hain justu ere, joan den ekainean Espainiako Txapelketa jokatu zuen, aulki mugikorreko binakakoan, eta aurten ere ezin izan du urrea kolkoratu. Hirugarren egin zuen Imanol Garmendiarekin batera.

Zabala 23 urtez azpiko Munduko Txapelduna izan zen launaka, eta 2016an Rioko Olinpiar Jokoetara joatekotan egon zen. Suitzan izan zuen bigarren aukeran, ez zuten lortu aulki mugikorreko laukoan Olinpiar Jokoetarako txartela lortzea. Orduan utzi zuen aulki mugikorra, bere kategoria desagertu egin zelako, eta Santurtzira itzuli zen tostako arrauna egitera. Arraunlaria ez ezik, Iker Zabala entrenatzailearekin batera, prestatzaile fisikoa ere izan zen. «Santurtzin aldaketako urtea izan zen. Iker Zabalari deitu zioten entrenatzaile izateko, eta ni prestatzaile. Han hasi zen gure ibilbidea». 2017tik 2021era “Sotera”-n egon zen Zabala. Eta hortik, Bermeora, Iker Zabala Urdaibaiko entrenatzailearekin batera.

«Ez nekien arrauneko azken urtea izango zenik»

Zabalak ez bezala, Carazok aulki mugikorra eta finkoa tartekatu ditu Orion azken lau urteetan: «Sevillan gauzak nahi ez genuen bezala joaten hasi ziren, urte asko ziren, eta aldaketa bat emateko momentua zen. Espainiako Selekzioan ez gintuzten tratatzen profesionalak bagina bezala, tamalgarria zen, eta ahotsa altxatu genuenok ondorioak izan genituen. Jon Salsamendik dena oso erraz jarri zidan, eta aldaketa egiteko momentua zela uste nuen, trainerua probatzeko momentua».

28 urterekin Sevillatik Euskal Herrira etorri zen. Lehen urtean Orioko bigarren traineruan aritu zen KAE 1 ligan, eta azken hiru urteak Eusko Label Ligan egin ditu.

Carazo: «Espainiako selekzioan ahotsa altxatu genuenok ondorioak izan genituen. Jon Salsamendik dena oso erraz jarri zidan, eta aldaketa egiteko unea zen»

Carazori beti gustatu izan zaio gehiago aulki mugikorra, eta oraindik ere, horretan lehiatzen da. Joan den ekainean Espainiako Txapelketa jokatu zuen. «Niretzat plazera da. Gustatzen zitzaidan, ondo aritzen nintzen, eta aukera eman zidatenean aprobetxatu egin nuen. 17 urterekin etxetik joan nintzen. Han ibili nintzen bueltaka lehiatzen, bidaiatzen... Momentu onak zein txarrak pasatu ditut». Zabalak, ordea, biak ditu gustuko, eta harentzat, aulki mugikorra «deskubrimendu bat» izan da.

Carazoren eta Zabalaren azken denboraldia arraunean desberdina izan da. Santurtziko arraunlariak iaz Kontxako Bandera eta Eusko Label Liga irabazi zituen Urdaibairekin. Barakaldoko arraunlariak, berriz, ez zuen urte samurra izan Orion. «Kirol arloari dagokionez urte gogorra izan da. Denok pentsatzen genuen taldeak bazuela gaitasuna hobeto aritzeko, baina gauzak ez ziren atera, ahal izan genuen guztia egin genuen arren. Ez zen poztasun handiz gogoratzeko uda izan. Eta nik ere, ez nekien azken urtea izango zenik».

Trainerutik, bizikletara

Joan den urtean arrauneko denboraldia bukatzen ari zela, Zabalak Aitor Galdos Euskadi Fundazioko managerraren deia jaso zuen. Hasiera batean Laboral Kutxako prestatzaile gisara hasi zen, baina hilabete pasatu ondotik, Euskaltel-Euskadikoa ere izateko esan zioten. Orduan, arrauna utzi egin behar izan zuen. «Denbora asko pasatzen dut kanpoan: bidaiak, lasterketetara joatea... Horrez gain, esfortzu handia egin behar izan dut. Izan ere, arraunetik nentorren, asko ezagutzen dudan kirol bat da, eta esfortzu handia egin behar izan dut txirrindularitzara egokitzeko». Arrauna utzi zuen, baina prestatzaile fisiko bezala jarraitzen du Bermeon.

Zabalak ez bezala, Carazok arraunean jarraitu du Orioko traineruan joan den abendura arte. Manuel Rodriguez Orioko medikuaren bitartez lortu zuen bat egitea LIDL Trek taldearekin. «Espainiako selekzioan ere nire medikua izan zen. Lagunak ginen, eta LIDL Trek taldeko sukaldaria da. Hark esan zidan leku bat zegoela taldean, eta nik profil interesgarria nuela posturako. Elkarrizketa bat egin nuen taldearekin, joan den abenduan taldearen egonaldi batera joan nintzen, eta orain arte».

Zabalak bezalaxe, Carazok ere tostako arrauna utzi egin behar izan zuen: «Txirrindularitza eta tostako arrauna ezin dira uztartu. Egia da kanpoan nagoenean, baita etxean nagoenean ere, entrenatzea gustatzen zaidala. Zortez, hoteletan beti dago gimnasio on bat edo leku politak korri egiteko. Baina ezin dut hogei pertsonako talde batekin konprometitu. Ez diot arraun egiteari utzi, aulki mugikorrean ahal badut jarraituko dut, baina hor pertsona batekin nago, ez hogeirekin».

Zabala: «Traineruan denek batera egiten dutenez arraun, entrenamendua berdina da. Txirrindularien kasuan, berriz, oso zaila da ziklista guztiek entrenamendu bera egitea»

Carazok ez zuen ezer ikasi Sevillan zegoen bitartean, baina Oriora itzuli zenean, gastronomiako gradua ikasi zuen Basque Culinary Centerren. «Sukaldaritza gustatzen zait, baina egia da gehiago gustatzen zaidala jatea, ni sukaldari izatea baino. Hala ere, kirolaren munduan bazaude, nutrizioaz bai ala bai jakin behar duzu, eta orduan aukera interesgarria iruditu zitzaidan». Horrez gain, LIDL Trekeko sukaldariak adierazi du urte asko zeramatzala pentsatzen nola baliatu zezakeen alde batetik formakuntza akademikoa, eta beste alde batetik, berriz, hainbeste urtez goi-mailako kirolean ikasitakoa. «Aukera ezin hobea» izan da Carazorentzat, eta adierazi du bizitzeko modua ez duela «hainbeste aldatu».

Arraunak baliabide «eskasak»

Barakaldarrak Espainiako Vuelta eta Giroa egin ditu taldearekin, eta orain, Tourrean da. Itzuli luzeetan haren egitekoa gosaria eta afaria prestatzea da. Taldeko nutrizionistarekin hitz egiten dute menua adosteko, eta txirrindulari bakoitzaren beharretara egokitzeko. Zabalak, berriz, lasterketetan datuen analisia egiten du: «Zuzendariekin batera ikusten dugu zein diren etapako momentu garrantzitsuenak edo zein momentutan interesatzen zaigun informazio gehien izatea. Hori jakinda, etapa horretatik txirrindulari guztien informazioa ateratzen dut, gero zuzendariei pasatzeko. Horrela, erabakiak hobeto hartzen laguntzen diet».

Lehiaketatik kanpo, Zabalaren egitekoa da txirrindularien entrenamenduak prestatzea, ahalik errendimendurik onena emateko lasterketetan. Ziklista baten edo arraunlari baten prestakuntzan aldeak zein diren galdetuta, santurtziarrak esan du desberdintasunik handiena dela arraunean plan bat egiten duela talde guztiarentzat, eta txirrindularien kasuan, bakoitzak berea duela: «Traineruan denek batera egiten dutenez arraun, entrenamendua berdina da. Txirrindularien kasuan, berriz, nork bere profila du, eta horren arabera, esprinterra edo igotzailea izan, plan espezifikoak egiten ditut. Oso zaila da ziklista guztiek entrenamendu bera egitea»

Biak jakitun dira arraunean eta txirrindularitzan ez daudela baliabide berberak. «Tostako arrauna Kantauriar itsasoan egiten den kirola da, eta txirrindularitza mundu guztian. Txirrindularien mailan asko antzematen da, errendimendu altuko kirola da. Kontuan hartuta, gainera, Laboral Kutxa eta Euskaltel Euskadi ez direla World Tour mailako taldeak», hausnartu du Zabalak.

Carazo: «Ez da berdina sukaldari batek egunero jan behar duzuna mahai gainean jartzea edo jendeak etxean bazkaltzea»

Aldi berean, Carazok esan du arraunak baliabide «eskasak» dituela, txirrindularitzako World Tour talde batekin alderatuta: «Txirrindulariek dena dute eskura. Ez dut esango ez dutela mugarik, baina guztia egitea da ziklisten onerako, eta hori arraunean ez da posible. Ez da berdina sukaldari batek egunero jan behar duzuna mahai gainean jartzea, aurrez nutrizionista batean gainbegiratuarekin, jendeak etxean bazkaltzea baino».

Wattioen kontua

Txirrindularitzan dena oso neurtuta dago. Zabalak azaldu du datu gehiago biltzen dituztela txirrindularitzan. «Potentziometroa dugu, test asko egiten ditugu, eta medikuntzako kontrol asko egiten dira. Alde horretatik, informazio asko dut, eta prestakuntza egiterako orduan, akats gutxiago egitea askoz errazagoa da». Arraunak, berriz, mugak ditu, Zabalaren ustetan: «Gure eskura dagoen informazio guztia ateratzen dugu. Baina, adibidez, badakigu wattioen kontua arraunean ez dagoela hain garatua, eta beste baliabide batzuk garatu behar ditugu».

Iritzi bera du Carazok. Haren kasuan, gosaria eta afaria prestatzen diete txirrindulariei buffet eran, eta beraiek platera baskula batean jartzen dute, eta badakite bizikletaren potentziometroari lotuta dagoen aplikazioen bitartez, elikagai bakoitzeko zenbat gramo behar dituzten egunean egin dutenagatik edo datorren egunean egingo dutenagatik. Haren esanetan, arraunean hori ezin da neurtu. «Traineruan ez dago potentziometrorik, eta uste dut janaria pisatzearena ez dela denbora luzerako. Momentu zehatz batzuetarako da, errendimendua optimizatzeko».

LIDL Trek taldeko sukaldariak adierazi du txirrindularitzan arazoa izaten dela normalean behar dutena baino gutxiagoa jatea, ez gehiago. Arraunlari batek, ordea, asteburuan estropadak izanda, eta datorrenean beste hainbeste, astean zehar ez dutenez «askorik entrenatuko, ezingo du hainbeste jan». Kantitate kontua dela esan du Carazok.

Horren harira, Zabalak gaineratu du azken urteetan arraunean pisuari garrantzia «handia» ematen zaiola. «Nire sentsazioa da txirrindularitzan hori askoz ere kontrolpean dagoela, eta garrantzitsuena ahalik eta errendimendurik altuena izatea dela. Pisu baxua bai, baina batez ere errendimendu altua izatea. Arraunean askotan akats hori betetzeko arriskua dago. batzuetan ahalik eta finen egon arren, errendimendua apur bat murriztea, alegia».

Biei galdetuta ea zer duten haien lanean gustukoen, zalantzarik gabe erantzun dute kirolariekin egotea. Carazok gaineratu du kirolaria izan denez, enpatia duela haiekiko, eta estresatuta edo nekatuta daudenean, gauzak ondo edo gaizki doazenean, sumatzen duela zein aldartetan dauden.