NAIZ

Pedro Almodovarrek jasoko du Zinemaldiaren aurtengo bigarren Donostia Saria

Zinemaldiak 72. edizioko bigarren Donostia Saria eman du jakitera. Pedro Almodovar Cate Blanchetten izenari gehitu zaio. Javier Bardem ere Donostian izango da iazko garaikurra jasotzen.

Pedro Almodovar zinema zuzendaria eta ekoizlea 2004. urtean Donostiara iristean.
Pedro Almodovar zinema zuzendaria eta ekoizlea 2004. urtean Donostiara iristean. (Imanol Otegi | FOKU)

«Nire ibilbidea 1980an hasi zen Donostian, eta harrez geroztik, nola filmarekin hala filmik gabe, maiz itzuli naiz Zinemaldira. Eta izugarri gozatu dut beti. Al Pacino, Woody Allen eta Antonio Banderasi Donostia Saria entregatu nien. Aurten niri tokatu zait saria jasotzea, eta horrek pozez eta esker onez betetzen nau. Ohorea da niretzat. Donostia da zinema gogo bizienez ospatzen duten hirietako bat. Gaur egun, sekula baino gehiago behar dugu ikusleen konplizitatea, baita horien presentzia ere zinema-aretoetan. Ametsa da horrelako jaialdi batean egotea, zinema-aretoak beti baitaude beteta». Pedro Almodovar zuzendariaren hitzak dira, aurtengo Donostia sari bat jasoko duela jakin ondorengoak.

Ohorezko golardoarekin, «zinemaren munduari egindako ekarpen bikaina» eskertu nahi dio Zinemaldiak omenduari. Sariematea Kursaal Auditoriumean egingo da irailaren 26an, zinemagilearen azken film ‘La habitación de al lado / The Room Next Door’ eman aurretik.

Zuzendariaren lehen filma da ingelesez, Tilda Swinton eta Julianne Moore ditu protagonista eta Veneziako Zinema Jaialdiaren hurrengo edizioan lehian izango da Urrezko Lehoiaren lehian. Hain zuzen ere, Swintonek emango dio saria Almodovarri oholtza gainean.

Ibilbidea

Almodovarrek ibilaldi luzea du zinemagintzan. Hamar film labur baino gehiago, horietako zenbaitzuk oso zabalduak nazioartean, hala nola ‘La voz humana’ (Veneziako Mostran estreinatua, 2020an) eta ‘Extraña forma de vida’ (Cannesen estreinatua, 2023an), ia hogeita hamar film luzez gainera. Horregatik, 170 sari baino gehiago eta 200 izendapenetik gora jaso ditu.

Jasotako sarien artean, nabarmentzekoak dira bi Oscar sari, bi Golden Globe, Europako Zinema Akademiaren zazpi golardo, bost Bafta, lau Cesar, bost Goya eta bi David di Donatello.

«Bere talentu artistikoaz eta estilo bisual propio eta bereziaz gainera –Almodovarren nortasuna alderdi orotan da agerikoa: arte-zuzendaritza, soinu-banda...– Pedro Almodovarren zinema gailendu egiten da emakumezko pertsonaien idazketagatik, aktore-zuzendaritzagatik, LGTBIQ+ unibertsora, erlijiora, sexura, adikzioetara, oroimen historikora eta beste hainbat gaitara hurbiltzean duen ausardiagatik eta erakutsitako konpromiso politikoagatik; izan ere, publikoki adierazi izan du gatazka belikoen eta ultraeskuineko diskurtsoen aurka dagoela», adierazi du Zinemaldiak.


Almodovar Donostian

Pedro Almodovar 1980an izan lehen lehendabizikoz Donostiako Zinemaldian, ‘Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón’ bere lehen film luzea erakusteko. Errealizadore Berriak sailean lehiatu zen lana. Bere hurrengo filma, ‘Laberinto de pasiones’ (1982), Sail Ofizialean lehiatu zen.

1993an Zabaltegik berreskuratu egin zuen zinemagileak zirkuitu komertzialetik at egindako bere lehen filma, ‘Folle, folle, fólleme, Tim’ (1978), Zinemaldiak egin zion La noche Almodóvar izeneko omenaldiaren esparruan. ‘Kika’ filmaren zenbait zati ere eman ziren (garai hartan postprodukzio-fasean zegoen filma).

Almodovar 1995an itzuli zen Zinemaldira, oraingoan Sail Ofizialera, ‘La flor de mi secreto’ pelikularekin, lehiaz kanpo emana. Urte horretan bertan, ‘Trailer para los amantes de lo prohibido’ (1985) bere film laburra berreskuratu zuen jaialdiak.

Harrez geroztik, zinemagilearen film ugari eskaini ditu Zinemaldiak Cannesetik, Veneziarik eta beste hainbat jaialditatik igaro ondoren; hona hemen horietako adierazgarrienetako zenbaitzuk: ‘Carne trémula’ (1998); ‘Todo sobre mi madre’ (1999), Fipresci Sari Nagusia jaso zuena Zinemaldian; ‘Hable con ella’ (2002); ‘La mala educación’ (2004), Cannes inauguratu zuena; ‘Volver’ (2006), hura ere Fipresci Sari Nagusiaren irabazlea Zinemaldian; ‘Los abrazos rotos’ (2009), ‘Los amantes pasajeros’ (2013), ‘Julieta’ (2016) eta ‘Dolor y gloria’ (2019).

El Deseo bere ekoiztetxearekin ere lotuta egon da Donostiako presentzia. 1986ean sortu zuen anaia Agustinekin batera, eta bere filmografia propioa horren bidez ekoizteaz gain, Horizontes Latinos (‘El último verano de la Boyita’, 2009) eta Perlak sailetan hautatutako filmak ere babestu izan ditu: ‘Relatos salvajes’ (Publikoaren saria Europako film onenari, 2014), ‘El clan eta El ángel’ (2018).

Aurretik iragarria zuten Zinemaldiaren arduradunek beste garaikurra noren eskuetara joango den: Cate Blanchett. Antzezle eta ekoizle australia izango da kartel ofizialeko protagonista ere. 

Blanchettekin batera, Javier Bardem ere izango da Gipuzkoako hiriburuan, iazko Donostia saria jasotzeko.