2022ko ekainean iragarri zuten Pedro Sanchez buru duen Gobernu espainolak eta EH Bilduk Memoria Demokratikoaren Legea aurrera ateratzeko akordioa. Bertan, honekin batera, Donostiako La Cumbre Jauregia eta Iruñerriko Ezkabako espetxea izan zena Memoria Leku gisa izendatzeko konpromisoa hartu zuen Madrilgo Exekutiboak. Egitasmo horren gauzapena zehazteko ardura, ordea, tokian tokiko erakundeei dagokie, eta orain arte kezka eragin du Donostiako Udalak urratsik eman izan ez izanak. EH Bilduk mahai gainean jarri zuen iaz urtebete, geldialdiari larritasuna emanez, are gehiago 2023ko uztaileko Estatuko mailako hauteskundeetan eskuinak irabazteko aukera zuela kontuan harturik. Ez zen hori gertatu eta orain, beste urtebete pasata, Donostiako Udalak eta Lakuako Gobernuak lehen urratsa eman dute behingoz.
Vocento taldeko egunkariek ostegun honetan argitaratu dutenez, lehenengo proposamen bat zehaztu dute EAJ-PSE koalizioaren eskuetan dauden bi gobernuok. Aldez aurretiko ideia batzuk barnebiltzen ditu, La Cumbrek zer adierazi beharko lukeen nolabait zirriborratuz.
41 urte pasata
Bitxia da ‘Diario Vasco’ dakarren lerroburua, bertan Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren kasuari buruzko gune bat izango dela azpimarratzen baita. Ezin zen beste modu batera izan, hauxe delako Aieteko jauregi hori Memoria Leku gisa izendatzeko arrazoia.
Jakina denez, eta kasu honetan Auzitegi Nazionalak berak frogatutzat eman zuen 2000. urtean, eraikin horretan bahitu eta torturatu zituzten bi gazte tolosarrak Enrique Rodriguez Galindo Intxaurrondoko koarteleko buruak eta Julen Elgorriaga gobernadoraren agindupeetan ziren goardia zibilek. Gobernu Zibilaren eraikina zen, hiri erditik urrutiratutako tokia bazen eta barrutik ateratzen ziren soinuak nekez entzun zitzakeen inork.
1983ko urrian gertatu zen hau. Geroztik 41 urte pasatu dira, beraz, eta oraindik motel-motel dabil egitasmoa, azkeneko bi urte hauetan inolako aurrerapen praktikorik izan gabe. Politikoki, nagusiki EAJren esku diren bi erakundeek osatu dituzte erizpide nagusiak baina PSOEri egokituko zaio erabakiak hartzea, aurrerantzean Gobernu espainola eta Lakuako Justizia Departamentuaren artean geratzen baita proiektuaren zehaztapena, eta azken honen kudeaketa PSEk hartu du, Maria Jesus San Jose sailburu izendatuz.
Estatu indarkeria edo ETArena ere bai?
Zirriborro hori ez da publiko egin. EiTBk ziurtatu duenez, Lasa eta Zabalari egindakoak ez du soilik gogoratzeko gune bat izango, baizik eta Memoria Leku horren «ardatza» bilakatuko den. Iturri honen arabera, orokorrean Estatuak eragindako indarkeria erakutsi eta salatzeko gunea izango da La Cumbre jauregia, tortura eta gainerako eskubideen bortxaketak jasoaz. Baina Vocentok ziurtatu duenaren arabera, ETAren indarkeriaren atala ere landuko da bertan.
‘Diario Vasco’k erantsi duenez, La Cumbre Gogora Institutuaren Gipuzkoako egoitza bilakatzeko aukera planteatzen da osatu den zirriborroan.
Azkenean gertatzen dena gertatzen dela, Aiete jauregi horretan egindakoa aitortzen du Estatuak 2022ko akordioaren bitartez, eta hau bada albiste. Izan ere, orain arte isilpean mantendu nahi izan du 1983ko krimen hura. Hiru datu adierazgarri emateagatik, 1989an Europako gailur baten bilerak ospatu zituen bertan Felipe Gonzalezen Gobernuak, gerra zikinerako erabilerari aipamenik egin gabe; 2003ko Kultur Ondasun gisa izendatzeko prozesua abiatu zuen Jose Maria Aznarren Gobernuak, honi ere normaltasun osoa emanez; eta 2014an ‘Lasa eta Zabala’ filma bertan grabatzeko eskaera ezetza eman zion Madrilek.