Plentzian itsasoak asko eskatu die arraunlariei Andre Mari eguneko eguerdian, eguraldi txukun askoa lagun izan badute ere.. ETE Ligako emakumeek eta KAE1 Ligako gizonek olatuak eta haizeak trabeska izan dituzte, eta emakumeen kasuan batez ere, ur maila baxu xamarra, marea igotzen ari dela arraun egitea egokitu zaie-eta. Baldintza horiei aurre eginez, San Juanek bere ohiko nagusitasuna erakutsi du beste behin KAE1 Ligan, hiru luzetan Santurtzirekin orpoz orpo lehiatu arren, azken luzean 10 segundo sartu badizkio ere. ETE Ligan, berriz, Zumaiak denboraldiko seigarren bandera eraman du eta Astillero liderrarekiko hiru puntura hurbildu da.
KAE1 Ligako jaun eta jabea da Pasai Donibaneko trainerua, baina azken luzera arte lana beltz egin behar izan du Plentziako XXXV. ikurriña eraman ahal izateko. Jakina da sailkapen nagusian bigarren postuan dagoen Zumaiak ez duela Eusko Label Ligara igotzeko kanporaketetan parte hartuko. Ondorioz, San Juanekin batera egoteko Santurtzik eta Lapurdik ahaleginak eta bi egin dituzte, ohorezko txandan arraunean egin ahal izan dutela baliatuz, Arkoteri aldea ateratzeko.
Zentzu horretan, ohorezko txandan erakutsitako mailak mesede galanta egin die lapurtarrei eta ‘Soterari’. Azken honek, gainera, sekulako buruz buruko lehia izan du San Juanekin. Pasaitarrek izerdia franko bota behar izan dute eta aurreneko hiru luzeetan Santurtzik branka behin baino sarriagotan sartu dio trainera arrosari.
Alabaina, azken ziabogaren ostean San Juanek beste martxa bat sartu du eta poparean ez du errukirik izan. Ia hamar segundoko aldea atera badu, guztia azken luzean atera du, datorren urtean Eusko Label Ligan izateko faborito nagusia dela berretsiz beste behin.
Plentziako XXXV. ikurriña
1- San Juan 21:04.69
2- Santurtzi 21:15.48
3- Zumaia 21:25.48
4- Zarautz 21:25.69
5- Lapurdi 21:30.49
6- Arkote 21:42.59
7- Pedreña 21:57.18
8- Hondarribia B 22:01.81
9- Camargo 22:04.01
10- Portugalete 22:13.32
11- Orio B 22:14.40
12- Deustu 22:28.23
KAE1 Liga
1- San Juan 128 puntu.
2- Zumaia 105 p.
3- Santurtzi 98 p.
4- Lapurdi 97 p.
5- Arkote 93 p.
6- Zarautz 86 p.
7- Pedreña 52 p.
8- Hondarribia B 44 p.
9- Camargo 41 p.
10- Deustu 40 p.
11- Portugalete 38 p.
12- Orio B 32 p.
Zumaiaren seigarrena
ETE Ligan, berriz, Astillerok lider jarraitzen du liga bera amaitzeko bi estropada falta direla, baina Zarauzko eta Bilboko estropadetara iristerako, Zumaia bertan duela iritsiko da; hiru puntuko aldea ez da handiegia, are gehiago zumaiarrek kantabriarrek adina bandera; hau da, seina, irabazi dituztela jakinda.
Ez hori bakarrik. Egia da Astillerok nahikoa egin duela arraunean egitea tokatu zaion kaletik aritu ostean bigarren eginda, baina denborei so eginez gero, askoz hurbilago izan ditu hirugarren eta laugarren amaitu duten San Juan eta Kaiku, nagusitasun osoz inposatu den Zumaia baino.
Hurrengo estropadetan kaleek ere izango dute beren garrantzia, baina Zumaiak ETE Ligan oraindik ere zeozer esateko baduela aditzera eman du Plentzian. Maisutasunez gidatu du aurreneko luzea, eta hasiera batean Astillerorekin parez pare aritu bada ere, ziabogaren ostean ez da kolorerik izan. Ondorioz, play-offetara iritsi aurreko azken estropadetan emozioa gainezka izango da ETE Liga honetan.
ETE Liga/Plentzia Bandera:
1- Zumaia 11:34.04
2- Astillero 11:43.37
3- San Juan 11:45.46
4- Kaiku 11:48.42
5- Zarautz 12:12.85
6- Ondarroa 12:18.58
7- Deustu 12:29.18
8- Hernani 12:39.62
ETE Liga:
1- Astillero 90 puntu.
2- Zumaia 87 p.
3- Zarautz 66 p.
4- Kaiku 63 p.
5- San Juan 52 p.
6- Deustu 33 p.
7- Ondarroa 24 p.
8- Hernani 17 p.
Astillero, matematikoki KAE1 Ligan
Bestalde, ostegun arratsaldean KAE2 Ligari dagokion LII. Castro Urdiales Bandera jokatu da eta horren ondorioz Astilleroko traineruak, bigarren amaitu duen arren, datorren denboraldian KAE1 Ligan aritzeko adina puntu pilatu ditu.
Castroko bertoko traineruak eraman du estropada, Astillerori 10 segunduko aldea aterata. Orotara 72 puntu pilatu ditu Astillerok, Donostiarra B ontziak 66 dituelarik eta Castrok, berriz, 55. Hilaren 24an eta 25ean izango dituzte hauek biek KAE1 Ligara igotzeko play-offetako estropadak. Castron eta Colindresen jokatuko dira kanporaketa estropada horiek.