Salvamento Marítimo Humanitariok, Aita Mariren ardura duen GKEak, legea «bihurritzea» leporatu dio Valentziako Generalitateari, mota horretako ontziek ordaindu beharrik ez zuten aldi baterako portu tarifa gisa 63.000 euro eskatu dizkielako. Azaldu dutenez, itsasontziak Mediterraneo itsasoan egin behar dituen «hurrengo misioak asko zailduko ditu».
SMHk ohar batean adierazi duenez, «Voxen aspaldiko erreklamazioa zen laguntza humanitarioko ontziak Valentziako portuetatik kanporatzea», eta «PPrekin koalizio-gobernua osatzeko egin duen lehen ekintzetako bat araudia aldatzea izan da, orain arte zegoen tasen salbuespena kenduz».
Jokatzeko modua «faxistatzat» jo dute, eta leporatu diete «legea bihurritzea, legezkoa ez dena legezkoa izan dadin», gobernu autonomikoaren asmoa baita «atzeraeraginarekin aplikatzea» azken lau urteetako tasen likidazioarekin, 2021era arte.
«Beraz, orain, atzeraeraginez legez kanpo likidatzean, ordaindu egin behar dugu, ez ordaintzeagatiko errekarguak eta gure itsas agenteek ogasun publikoaren aurrean dituzten abalen enbargoa saihesteko», gaineratu dute, ordaindu beste aukerarik uzten ez dietela azalduz. «Likidazio horren zenbatekoa, orain arte eta errekargurik gabe, 63.300 eurokoa da Aita Mari itsasontziarentzat bakarrik», adierazi dute.
Gipuzkoako gobernuz kanpoko erakunde horrek azpimarratu duenez, azken urteotan, erreskateko flota zibilak «babesleku lagunkoia» aurkitu du Valentziako Generalitateko portuetan.
Adierazi dutenez, Borriana eta Vinaròseko portuetan, erreskate-ontzietako eta laguntza humanitarioko ontzietako tripulazioek «atseden hartzeko eta mantentze-lanak egiteko leku bat zuten, itsasontziak jarduteko baldintza egokietan edukitzeko».
«Hauek dira eskuin muturraren agenda arrazista eta xenofoboa islatzen duten gertakari zehatzak», salatu dute. «Bertan, denak balio du beren helburuak lortzeko, beraiek erabakitzen dute nor bizi den eta nor hiltzen den, zein bizitza sakrifikatu behar diren, zein laguntza humanitario den balekoa eta zein oztopatu eta kriminalizatu behar den», azpimarratu du GKEak.