NAIZ

Gondolari bila ari da Venezia

Belaunaldi-erreleboa bermatzeko helburuarekin, gondolari izateko ikastarorako deialdia egin du Veneziako Udalak. Hauexek dira lanbide bitxi honetarako eskatzen diren baldintzak.

Egun 314 gondolari daude aktibo Venezian.
Egun 314 gondolari daude aktibo Venezian. (Christoph SATOR | DPA | EUROPA PRESS)

Veneziak gondolari berriak behar ditu eta, horregatik, aste honetan teoria eta praktika ikastaroa egiteko deialdia ireki du Udalak, lanbidean hasi eta hiriko tradizio liluragarri eta zaharrarekin jarraitu nahi dutenek lizentzia lor dezaten.

‘Gondolariaren Artea’ ikastaroan parte hartzeko bandoa argitaratu du Udalak. 1.000 euro inguruko kostua du eta harekin, batez ere, «lanbide horri belaunaldi-erreleboa» eman nahi zaio, tokiko hedabideek jaso dutenez.

Gondola baten branka gaineko arraunerako gaitasunari buruzko atariko proba gainditu ondoren, gondolari izateko hautagaiek ikasgai teorikoak eta praktikoak jasoko dituzte, 40 orduz.

Ondoren, titulazioa lortuta, lizentzia eskatu eta Venezian egun baimenduta dauden 433 gondolariei batu ahalko zaizkie.

Izena emateko adin nagusikoa izan behar da, derrigorrezko hezkuntza bukatuta eduki behar da, «egokitasun moralaren baldintzak» bete behar dira, igeriketako ziurtagiria eduki behar da eta osasun ziurtagiri bat ere ezinbestekoa da.

Ostean, izangaiek proba toxikologikoak egin eta medikuaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute udal administrazioan.

Kostu osoa partaideek hartuko dute beren gain: 216 euro Udalari eta beste 50 euro Veneziako Gondolarien Elkarteari, gehi 800 euro ikastaroagatik.

Ikastaroko 40 orduetan arrauna erabiltzen ikasiko da batik bat, baina nabigazio kodea, ingelesa eta Veneziako historia ere aztertu beharko dira.

Udalak berriki garestitu ditu gondola ibilaldien tarifak: 9.00etatik 19.00etara, ordu erdiak 90 euro balio du, 19.00etatik aurrera, 110 euro 35 minutuko.

Iraupen desberdineko beste edozein zerbitzutarako, «prezioa proportzionalki kalkulatzen da», eta, nolanahi ere, gehienez ere bost pertsona ontziratu ahal izango dira.

10.000 izan ziren eta 433 baino ez dira egun

Gondolariaren diru-sarrerak aldagai askoren araberakoak dira: urte batean egiten dituzten bidaiak, orduak, agentzietako kide badira edo beren kontura lan egiten duten, baina ordainsariak 3.000 eurotik gorakoak izan daitezke hilean, hedabideek azaltzen dutenez.

Gondolariaren lanbidea Veneziako historiaren zati garrantzitsua da 1094tik. 11 metroko itsasontzi hauek behe klaseek erabili zituzten hasiera batean, baina beranduago aristokratentzat ere garraiobide gogokoena bihurtu ziren, bereziki XV. mendean hiriko kale estuetan zaldiak debekatu ondoren.

XVI. mendean 10.000 gondola inguru zeuden Venezian, eta gaur egun 433 gondolari besterik ez daude aktibo.

Antzina, lanbidea soilik gizonezkoena zen, eta lizentziak gurasoengandik seme-alabengana transmititzen ziren.

Hala ere, gaur egun lanbidea EBko herritar guztientzat zabalik dago, eta 2009tik, Giorgia Boscolo gondolera bihurtu zenetik, beste 14 emakumek jarraitu dituzte bere urratsak.