«Zarauztarrentzat eta zarauztar ez direnentzat, Zarauzko Ikurrina guztientzat da preziatua; bi jardunalditan lehiatzen da eta horrek handitasuna ematen dio», esan du Gorka Aranberrik, gaur, lehendabiziko estropada irabazi berritan. Urdaibaiko patroi zarauztarra pozik agertu zen, gaurko lau segundoko abantaila lortu baitute bigarren sailkatuarekiko –Donostiarra, kasu honetan–, estropada benetan gogorra lehiatu ostean.
Azken luzeraino oso irekita egon da lehia, Kaiarriba eta Bou Bizkaiaren artean, gehienbat, Zierbena, ondoen bideratuta zegoena, bidean geratu baitzen, hirugarren ababorreko arraunlariak bi alditan arrauna puskatu ostean. «Kirolaz haragoko arrazoi batengatik lehiatik at geratzeak amorrua ematen du baina tira, alde batetik pozik nago, erakutsi dugulako hor gaudela, lehian gaudela, pasa den astekoaren ostean askok hiltzat ematen baikintuzten», esan du Dani Diezek, galipoen entrenatzaileak.
Galipoak, hain zuzen ere, bigarren ziabogaraino estropadaren aginte makila eraman dute baina gogotik ordaindu dute bigarren erdian bat gutxiagorekin aritzea. Hala, ohorezko txandan azkena izan da baina, gutxienez, salbatu dute kalamitate handiagorik, bihar ere onenekin arituko baitira, banderaren lehian aukera oso eskasak dituzten arren.
Hamabost segundo atera baitio Urdaibaik, larunbat honetako garaileak, estropadaren bigarren erdian Donostiarrarekin lehia oso estu eta zirraragarria eskaini ostean. Beste behin, Kaiarribak gauzak zail jarri dizkio Bou Bizkaiari baina beste behin, sari handirik gabe geratu zen. Gipuzkoarrek atzetik aurrera egin dute denboraldi honetan zehar eta azken asteetan ohorezko txandan sendotu dira, Hondarribiari sailkapen nagusian pasatzeraino.
Urdaibaik azken luzean, poparean, berretsi du bere nagusitasuna, azken olatuarekin aldeak handitzeraino. Ordura arte, parez pare aritu da Donostiarra baina azkenerako, lau segundora helmugaratu da. Bihar, ezustekoren bat egotekotan, ondoen kokatua dagoena Kaiarriba da baina Zarauzko estropada eremuan edozer gerta daiteke, are gehiago itsaso bihurriarekin.
Gaiztotzeko esperantzan
Itsasoa belztuta, haizearen aldaketa... Lehen eta bigarren txandan aritu direnek esperantza txikiren bat gordea zuten, ea itsasoa gehiago gaiztotu eta ontzi umilenek aukeraren bat edukitzeko. Asmo horrekin euren txandan gailendu da Kaiku, arerioei tarte handiak irekita. Sestaotarrek minutu erdiko errenta atera die Bueuri, lehen txandako bigarrenari. Ontzi galiziarrak bere estropadarik txukunena egin du, Cabo eta San Pedroren aurretik bukatuta. Dena dela, gutxirako balioko dio, sailkapenaren zuloan iltzatuta baitago, 20 puntu eskasekin.
Bigarren txanda hasita, Getariak soilik segundo batean hobetu du Kaiku lehendabiziko luzean baina segituan ezerezean geratu da lehen txandakoen itxaropena, ekaitza barrualderantz joan baita, itsasoa gehiago gaiztotu gabe. Hala, gidoiak agindu bezala osatu zen estropada, Getaria nagusi izanda eta Lekittarrak berriro ere puntu batzuk bidean utzita.
XLVII. Zarauzko ikurrina (1. jardunaldia)
1. Urdaibai 20:43.10
2. Donostiarra 20:47.98
3. Hondarribia 20:55.58
4. Zierbena 20:58.34
5. Getaria 21:11.22
6. Orio 21:14.38
7. Kaiku 21:36.73
8. Ondarroa 21:37.98
9. Lekittarra 21:42.06
10. Bueu 22:05.23
11. Cabo 22:09.53
12. San Pedro 22:19.95
Sailkapen nagusia, Eusko Label liga
1. Urdaibai 173 puntu
2. Zierbena 154
3. Donostiarra 139
4. Hondarribia 134
5. Orio 127
6. Getaria 95
7. Lekittarra 79
8. Ondarroa 78
9. Cabo 71
10. Kaiku 66
11. San Pedro 34
12. Bueu 20
Lugañeneren erronka historikoa
Arraun Lagunak-ek denboraldiko 15. estropada irabazi du, lehiatu dituen guztiak. Orain arteko 14 banderak ere irabazi ditu eta bihar, Zarauzko bigarren jardunaldian, hamasbogarrena astindu dezake, Euskotren Ligako guztiak bereganatzeko erronka beteta. Are gehiago, Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketak ere bereak dira aurten, txapelketa erregularra hasi atarian lehiatutakoak guztiak.
Itzelezko nagusitasuna erakutsi du ‘Lugañenek’ aurten. Zenbait estropadatan sufritu du baina poparean azken metroetan ateratako indarra gaindiezina izan da. Lugañene bere horretan izan da gaindiezina eta bihar, balentria borobildu dezake. Pasa den astean jada ziurtatu zuen bere hirugarren Euskotren liga –Oriorekin berdindu du– eta asteburu honetako erronka Zarauzko ikurrina preziatua irabaztea eta hala, bandera guztiak etxeratzea da.
Erronka horretarako lehen kolpea ere eman du larunbat honetan, lehendabiziko jardunaldian nagusitu eta bigarrenarekiko zortzi segundoko abantaila eskuratuta. Hala, bihar, beste ikurrina bat astintzeko borroka horretan errenta apurra edukiko du. Dena dela, Arraun Lagunakeko eskifaiak plenoa egin nahi du, benetako plenoa eta biharko estropadan ere garaipena bilatuko du.
Garaipena bilatu duen moduan larunbat honetan, ohorezko txandarako itsasoa apur bat gaiztotu denean. Gaiztotze horretan onuradun handiena Hondarribia izan da, lehen txandako irabazlea eta ohorezko txanda azken metroetan sartu denera arte, garaipena berea zen. Hala ere, azken metroetan, azken 700 metroetan hain justu, Arraun Lagunak-ek estutu egin du eta azkenerako, hamar segundoko abantaila atera dio Hondarribiari.
Azkenerako, Orio izan da bigarren, zortzi segundora eta une batean, Lugañeneri garaipena galaraziko ziola zirudien beste hautagaia zen. Horrek ematen du aditzera nolako azken metroak egin dituen Arraun Lagunak-ek, Zarauzko itsasoaren gaiztakeria erabat menderatuta. Aurten, edozein eremutan egin duen legez; Tolosaldeak estutu, Oriok estutu edo Donostiarrak estutu, poparean sufritu duen une eskasetan garaile ateratzen jakin izan baitu.
Igande honetan, Zarauzko ikurrinaren lehian, liga txapeldunarekin batera ariko dira ohorezko txandan Orio, Hondarribia eta Donostiarra. Tolosaldea, berriz, lehen txandan arituko da, Cabo, Hibaika eta Tiranekin.
XVI. Zarauzko ikurrina
1. Arraun Lagunak 11:!2.72
2. Orio 11:20.76
3. Hondarribia 11:23.86
4. Donostiarra 11:27.64
5. Tolosaldea 11:32.48
6. Cabo 11:38.84
7. Hibaika 11:42.94
8. Tiran 12:15.80
Sailkapen nagusia, Euskotren Liga
1. Arraun Lagunak 120 puntu
2. Orio 89
3. Tolosaldea 88
4. Donostiarra 86
5. Hondarribia 65
6. Hibaika 39
7. Cabo 35
8. tiran 18