NAIZ

Bilboko mugimendu feministak kalera egingo du gauerdian erasorik gabeko festa exijitzeko

Erasotzaileez nazkatuta daudela adierazi zuten ostegunean Bilboko mugimendu feministako kideek, eta edozein oldarraldiren aurrean erantzuteko prest eta saretuta daudela berretsi zuten. Kaleak hartuz hasiko dute aurten Aste Nagusi feminista marrazteko bidea, gaur gauerdian.

Mugimendu feministako kideek agerraldi jendetsua egin zuten ostegunean.
Mugimendu feministako kideek agerraldi jendetsua egin zuten ostegunean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Bilboko mugimendu feministak aurre hartu zien pasa den ostegunean larunbat honetatik aurrera, Aste Nagusia hastearekin batera, festak erasoak egiteko baliatuko dituzten horiei: «Nazkatuta gaude!» ohartarazi zuten Arriaga parean egin zuten agerraldi jendetsuan. Launbat gauerdi honetan mobilizazioa egingo dute bertatik hasita, Aste Nagusi feminista aldarrikatzeko.

Bizkaiko hiriburuko feministak «nazkatuta» daude erasotzaileekin, eta hala adierazi zuten ostegunean egin zuten agerraldian. Ardura soilik erasotzaileena dela gogoratu zuten, eta abisua zabaldu zuten festa lehertu aurretik: «Ez badakizue egoten, ez etorri. Erasotzaile zein konplize, zuek ez duzue lekurik Bilboko Aste Nagusian!»

Onartu zutenez, jakin badakite datozen egunetan erasoak gertatuko direla eta argi esan zuten horiei era kolektiboan erantzuteko prest izango direla, elkar zaintzaz zein autodefentsa feministaz.

Mugimendu feministako kideek Bilboko Konpartsekin ondu duten aliantzaren garrantzia nabarmendu duten, «Aste Nagusi feminista eraikitzea denon ardura delako», esan zuten.  Festa feminista horiek erdiesteko bidean lan asko egin dela zehaztu zuten eta belaunaldiz belaunaldi horretan aritu diren emakume guztiei esker, jaiak bizigarriagoak direla urtez urte.

Bide hori ibiltzen segitu nahi dute eta, horrela, iragarri zuten larunbat honetan, 23.45tan, mobilizazio batek hiriko kale ilunak hartuko dituela, Arriagako zubitik hasita. Emakume, trans eta bollera guztiak manifestazioa parte hartzera deitu dituzte, aldarri feminista zabaltzeko eta erasorik onartuko ez dutela berresteko.