Kosta zaie eta gogotik sufritu dute baina Ezkurdia eta Albisuk pilatu dute beraien lehendabiziko garaipena Caixabank Masters txapelketan. Garaipen ezin gozoagoa izan da, bukaeraraino hortzak estutu behar izan baitute, eliteko kirolean oparirik egiten ez dela beste behin berretsita. Hala ere, opari nahikoa izan daiteke Jaka-Martijaren aldetik, partida erabat menderatua izan ostean ez baitira gai izan partida ixteko zaurgarri zirudien bikote baten aurka. Halakoetan baina, zaurgarrienak ere erakusten du bere indargunea eta saiakera bat bestearen atzetik egin ostean, lehendabiziko garaipena ospatu dute Ezkurdiak eta Albisuk, sailkapeneko zulotik burua apur bat aterata. Orain, Peña II.a eta Zabaleta bikotearekin berdinduta daude eta elkarren aurka jokatuko dute hilaren bukaeran, Orduñan, multzoen faseko azkenaurreko jardunaldian.
Hala, gaurko garaipenak indarra eman dakioke Arbizuko aurrelariak eta Ataungo atzelariak osatutako bikoteari. Izan ere, lehendabiziko atsedenaldi luzera partida estu joan arren (11-12), Jaka eta Martija biziago aritu dira geldialditik bueltan eta bost tantoko errenta atera dute (13-18). Azken txanpara begira, sentsazioak erreparatuta, urdinek garaipena bideratuta zeukatela zirudien baina azkenean, egoera erabat irauli, partida gogotik estutu eta lehen puntua batzea lortu dute Ezkurdiak eta Albisuk (22-21).
Finalerdietan
Batzuk play-offerako bidea egin nahian eta beste batzuk jada finalerdietan. Atzo, Gernikako Santanapen, bosgarren garaipena erdietsi zuten Peio Etxeberriak eta Mariezkurrenak, Artola eta Rezustaren aurka (14-22).
Berriozarreko atzelariak beste erakustaldi bat eman zuen, batez ere partidaren lehendabiziko zatian, 1-11 markagailua ezartzeraino. Oso sendo aritu zen, pilota gogor astintzen, freskotasunez eta atzeko kuadroetan, Beñat Rezusta bezalako atzelari indartsuari kilimak ateratzea lortu zuen, bai eta Iñaki Artola dantzan egitera behartu ere.
Lehen atsedenaldi luzearen ostean, bi tanto pilatu zituzten gorriek eta horrek, partidan sartu zien (4-12), pilota aldaketarekin euren aukeretan sinesteraino. Beste kolpe batzuk elkartrukatu ostean, Artolaren sake pare batek eta goregi urdinei joandako pilotakada pare baten ostean, itxuratu ere egin zuten markagailua (9-13) eta urdinak nekatzen ere hasi ziren. Hala ere, defentsako lanetan eustea lortu zuten eta Artolak, aldiz, opari gehiegi egin zituen (9 pilotakada galdu zituen).