Kazetaria / Periodista

Alderdi Demokratak Joe Biden omenduz abiatu du Chicagoko konbentzioa

Alderdi Demokrataren konbentzioaren hasierak lekukoa pasatzea irudikatu zuen. Kamala Harris Etxe Zuriraino bultzatzea da biltzarraren helburua, baina horretarako ezinbestekoa izan da Joe Bidenek, gogoz kontra izan arren, bazterrera egitea. Hala, bere eskuzabaltasuna eskertzeko eguna izan zen.

15.000 bat lagunek parte hartu zuten Palestinaren aldeko protestan.
15.000 bat lagunek parte hartu zuten Palestinaren aldeko protestan. (Dave DECKE | CONTACTO)

 Estatu Batuetako etorkizun hurbilaren historiaren zati bat egunotan idazten ari da Chicagon, eta konbentzio demokrataren antolatzaileek ondo dakite hori. Ohi bezala, bihar gauean bilkuraren itxieran goia joko du konbentzioak, Kamala Harrisek lehendakaritzarako izendapena ofizialki onartutakoan.

Historian emakume ez-zuri bat, emakume beltz eta asiar bat Estatu Batuetako estatuburu izateko (komandante-buru, bertan esan ohi den legez) hautagai izendatuko duen biltzarra astelehenean hasi zuten. Chicagoko United Center-eko emozioak lehen egunetik oso goian ibiltzeko moduan prestatu dute, konbentzioak erakarriko dituen 50 mila zaleak kanpainan buru-belarri murgiltzeko eran. Hala, duela hilabete arte hautagai behar zuenak, Joe Biden presidenteak, konbentzioa ixteko rola hartu beharrean, irekitzeko ardura izan zuen astelehen gauean, Euskal Herrian ia goizeko bostak zirenean.

Egunean zehar goian ibili ziren emozioak gainez egin zuten unea izan zen astelehen gauekoa. Lehenbizi, iragarri gabeko pertsona batek aurkeztu zuelako presidentea: Kamala Harris presidenteordea bera igo zen taulara, eta «betiko esker oneko gara zurekin» esan zion. AEBetako lehendakariaren aurretik igo ziren Jill Biden emaztea eta Ashley alaba ere.

«Utzidazue bihotzean jakiten, nire egunak amaitutakoan, AEB, AEB, nire onena eman dizudala», errepikatu zuen Bidenek kanta ezagun baten leloa. Hitzaldia amaituta, bilkuratik alde egin zuen, Kalifornian opor egun batzuk izateko. Hala, konbentzio jendetsu bateko emozioaren erdian hautagaitzarako izendapenik gabeko presidentea izango da Joe Biden. 2020an pandemiak eragotzi zuen jendaurreko biltzarrik egitea.

2016an, berriz, Hillary Clinton izan zen hautagaia. Asteleheneko ekitaldian ere txalo zaparrada handia bildu zuen. Biden goraipatu zuen Clintonek, presidentetzara «duintasuna eta zuzentasuna» itzultzeagatik. Gogora ekarri zuen 2016an ezin izan zuela «kristalezko sabai garaiena eta gogorrena» apurtu, baina Kamala Harris sabai horren beste aldean presidente bihurtuko zela erantsi zuen.

Buruzagi demokratek badakite historia egiten ari direla konbentzio honetan, eta horregatik omenaldietarako eguna izan zen astelehena, egungo egoerara iristeko bidea urratu eta arrazismoaren aurkako borroka gidatu duten pertsonak gogoan. Jesse Jackson 82 urteko apaiz eta eskubide zibilen liderra taula gainean agertu zenean, arratseko lehen malkoak isuri zituen parte hartzaile batek baino gehiagok. Buruzagi beteranoa gurpildun aulkian agertu zen eszenatokira.

Gizarte zibileko beste arduradun batzuk ere hitza hartu zuten Chicagoko United Centerren, hala nola Derrick Johnson Naacp erakunde antirrazista historikoko buruak, Steve Kerr AEBetako saskibaloi selekzioko entrenatzaileak edo Shawn Fain UAW autogintzako sindikatu boteretsuko arduradunak. Beste sindikatu batzuetako buruak ere igo ziren taulara; Tim Walzek oso harre- man ona izan du Minnesotako langile elkarteekin, eta bere egin izan ditu haien eskaerak.

Ekitaldiaren une gorenetara hurbiltzean, Alexandria Ocasio-Cortez kongresuko ordezkari ezkertiarretan ezagunena igo zen taulara, langileen alde. Langileen eta batez ere emakume langileen alde mintzatu ostean, Israel egiten ari den gerra aipatu zuen, eta Kamala Harris goraipatu zuen, «Gazarako su-etena lortzeko etengabe lan egiteagatik».

PROTESTAK KALEAN

Areto barruan gaiari buruz askoz gehiago aipatu ez bada ere, Chicagoko kaleetan milaka lagun elkartu ziren astelehenean Alderdi Demokratak eta Etxe Zuriak Israelek Gazan eragindako genozidioan daukan erantzukizuna salatzeko. Union Parkeko manifestariak une batez konbentzioaren guneraino iristen saiatu ziren, baina Poliziak erabat hesituta dauka ingurunea. Palestinaren aldeko erakundeez gain, bestelako erreibindikazio batzuk ere presente daude ostegunera arte luzatuko den talde ezkertiarren bilkuran, hala nola LGTBIQ+ eskubideen alde, polizia indarkeriaren aurka eta latino, beltz eta indigenen aurkako bazterketa salatzeko.

Lehen eguneko azken hitzaldia izan zen Joe Bidenena, baina asteleheneko saioaren amaiera iragartzeko mailu kolpea beste pertsona esanguratsu bati egokitu zitzaion: Peggy Flanagan Tim Waltz-en gobernadoreordea da Minnesotan. Demokratek hauteskundeak irabazten badituzte, Flanagan AEBetako lehen gobernadore indigena bihurtuko da datorren neguan.